Azalpena

PanderoaPanderoa menbranofonoen familiako soinu-tresna da, zehazki, zuzenean kolpatzen edo igurzten direnen multzokoa. Halaber, idiofonotzat ere har genezake, Euskal Herrian nagusi den panderoak elkarren kontra jotzen duten metalezko txindak izaten dituelako. Hain zuzen, gurean, panderoaren hots bereizgarria mintzaren eta txinden hotsaren uztarketatik dator. Normalean, mintza zuzenean jotzen da, baina txindak ez, azken hauek mintzeko kolpeek eta panderoaren astintze orokorrak eraginda hotsa ematen baitute.
Euskaraz panderoa (panderue, pandereta) da izendapenik zabalduena, nahiz eta dokumentu ezberdinetan zaldabai izenez ere agertu izan den1. Frantzian tambour de basque moduan ezaguna izan da2; izendapen hori jasotzen du Grove erreferentziazko musika-entziklopediak ere, tambourin-ekin batera.

Panderoa jotzen duten musikariak pandero-jotzaile, pandero-jole edo panderista gisa ezagutzen dira.

EGIKERA

Munduan zehar askotariko panderoak aurki ditzakegu3: izan daitezke laukizuzenak zein karratuak, mintza bi aldeetan dutenak, barruan maraka modura hotsa ematen duten piezatxoak dituztenak, eskuz zein makilaz jotzen direnak; badira ere uztai zilindrikoa dutenak, mintza alde bakarrean dutenak, uztaiaren inguruan txinda edo metalezko piezekin ala gabe, eta abar.

Euskal Herrian nagusi den tipologia hau da, zurezko uztai zilindrikoduna, 20 eta 40 zentimetro arteko diametroa eta bost zentimetro inguruko zabalera duena. Alde batean larruzko mintz bat izaten du tinkaturik. Gehienetan uztaiaren inguruan txinda pareak izaten ditu, ilara batean edo bitan jarririk.

Herrialde desberdinetako panderoak, Soinueneako erakusketa iraunkorrean. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

Herrialde desberdinetako panderoak, Soinueneako erakusketa iraunkorrean. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

 

JOTZEKO MODUAK

Sarreran azaldu dugun bezala, panderoaren mintza igurtzi edo kolpatu ohi da, batetik, eta bestetik, txindek elkarren kontra jotzen dute, panderoa astintzerakoan edota mintzari emandako kolpe eta igurtzien ondorioz.

KOLPEA

Jotzeko modu desberdinak bereiz daitezke, kolpea emateko baliatzen den gorputz atala kontuan hartuta. Alde horretatik, panderoa esku hutsez jo daiteke, edo hanka eta buru izenez ezagutzen den teknikaren bidez.

Esku hutsez

Esku hutsez jotzen den kasuetan, esku batekin panderoari heltzen zaio, eta bestearekin larrua kolpatzen edo igurzten da. Pandero-jotzaileen artean, estiloari dagokionez, aniztasuna da nagusi.

La pandereta en Euskadi (d.g.) lanean, Imanol Urkizuk hiru eredu identifikatzen ditu: 1) Maurizia; 2) Azkoitia eta Azpeitia inguruko pandero-jotzaileak; 3) Zumarragako Trikitixa. Eredu horiek abiapuntutzat hartuta, estilo horietako bakoitzak erritmo ezberdinak nola jotzen dituen zehazten du.

KALEJIRA

Maurizia

Kalejira: Maurizia

Azkoitia eta Azpeitia

Kalejira: Azkoitia eta Azpeitia

Zumarragako trikitixa

Kalejira: Zumarragako trikitixa

Iturria: Urkizu (d.g.). Egileak moldatua.

 

FANDANGOA

Maurizia

Fandangoa: Maurizia

Azkoitia eta Azpeitia

Fandangoa: Azkoitia eta Azpeitia

Zumarragako trikitixa

Fandangoa: Zumarragako trikitixa

Iturria: Urkizu (d.g.). Egileak moldatua.

ARIN-ARINA

Maurizia

Arin-arina: Maurizia

Azkoitia eta Azpeitia

Arin-arina: Azkoitia eta Azpeitia

Zumarragako trikitixa

Arin-arina: Zumarragako trikitixa

Iturria: Urkizu (d.g.). Egileak moldatua.

1980ko hamarkadatik aurrera, pandero-jotzaile belaunaldi gazteago batek (Imanol Urkizu, Xabier Berasaluze Leturia, Jose Mari Santiago Motriko4, Ixiar Oreja, Maider Zabalegi, Iosu Arrizabalaga Izer…) panderoak eskaintzen dituen aukerak arakatzeari ekin zion, jotzeko estilo berriak landuz, tokiko beharretara ahalik eta hobekien egokitzeko.

Hanka eta buru

Hanka eta buru esaten denean ez zaio soilik gorputzeko bi atal horiei erreferentzia egin nahi. Alderantziz, izendapen horren bidez adierazi nahi da pandero-jotzailea eskuaz gain gorputzeko beste atal batzuez baliatzen dela panderoa jotzeko.

Arozenak (2007) dioen moduan, hanka eta buru konpasaren pultsua galdu gabe panderoa “gorputz atalekin jotzerakoan sortzen den dantza mugimendua” litzateke. Bere lanean, panderoa ezkerreko eskuaz eusten dela suposatuz, hainbat eredu proposatzen ditu mugimendu aukera ezberdinekin. Horretarako, beharrezkoa da gorputz atal bakoitza izendatzea.

Hanka eta buru: gorputz atalak

Gorputz atalak, pandereta ezkerraz eusten dela suposatuaz:

Iturria: Arozena (2007, 100. or.). Egileak moldatua5.

Iturria: Arozena (2007, 100. or.). Egileak moldatua5.

1. Eskuineko eskumuturraren goiko aldea edo hatzen hasiera eta eskua elkartzen diren lekua

2. Eskuineko eskumuturraren beheko aldea edo eskuineko eskuaren hatz puntak

3. Eskuineko ukalondoaren kanpoko hezurra

4. Kopeta

5. Kokotza

6. Ezkerreko belaunaren aurrealdea

7. Eskuineko belaunaren aurrealdea

8. Ezkerreko oinaren punta

9. Eskuineko oinaren punta

 

Mugimendu horietako bakoitza zehazterakoan, kontuan izan behar da horietako bakoitza egokiagoa dela konpas batzuentzat, beste batzuentzat baino. Urko Arozenak modu honetara sailkatzen ditu:

Hanka eta buru jotzeko koreografia ezberdinak

3 mugimendu

• 1-3-2 (nahi adina errepikatu. Ahal izanez gero musika esaldia
errespetatuz).
• 3/8, 3/4 eta 6/8 konpasentzako egokia.

4 mugimendu

a. 6-1-3-2.
b. 6-7-1-2.
c. 6-1-4-2
d. 8-2-9-2
e. 5-2-4-2
• 2/4, 4/4, 6/8 eta 12/8 konpasentzat egokiak.

6 mugimendu

• 6-7-1-2- (2 denboratako errepika astindua).
• 3/8 eta 3/4 konpasentzat egokia.

8 mugimendu

• 6-1-7-1-3-2-4-2.
• 2/4, 4/4, 6/8 eta 12/8 konpasentzako egokia.

Iturria: Arozena, 2007, 100-101. or.

Koreografia horiek, panderoa ezkerreko eskuaz hartuta daude pentsatuta. Dena dela, badaude pandero-jotzaileak panderoa eskuineko eskuan dutela koreografia egiten dutenak. Era berean, koreografia berdina izan arren, estilo partikularrak sortu dira norberak duen gorpuzkeraren, erritmoaren, adierazgarritasunaren eta ahalmen fisikoaren arabera.

Eredu klasiko batzuk hanka eta buru egiteko

ASTIASARAN
Jose Mari Astiasaran
ZABALE
Luis Alberdi
Jose Mari Astiasaran Luis Alberdi
Iturria: Txoko Musikala (2011)6
Denbora: 1:05-1:46
Iturria: Eitb (2019)7
Denbora: 48:50-49:33

 

ARTXANDA
Gillermo Etxebarria8
ETXEBERRITXO
Inaxio Bastida
Gillermo Etxebarria Inaxio Bastida
Iturria: Euskal Herri Musika (1978)
Denbora: 32:21
Iturria: Eitb (2015)9
Denbora: 52:09-52:25

 

Eredu klasiko batzuk hanka eta buru egiteko

Panderoari esku batekin heldu ohi zaio eta bestearekin jo ohi da. Alde horretatik, hiru eredu gutxienez bereizi daitezke panderoari heltzeko moduei dagokionez.

Heldulekuaren posizio ezberdinak

ATZETIK ERDITIK AURRETIK
ATZETIK Erditik Aurretik
ZUMARRAGAKO TRIKITIXA
Seberen Urteaga
LANDAKANDA
Ramon Zubizarreta
PRIMI EROSTARBE
Iturria: Basker (2016)10
Denbora: 01:15-01:32
Iturria: Txotx th (2020)11
Denbora: 01:04-01:11
Iturria: Eitb (2015b)12
Denbora: 05:54-06:01

 

 

HISTORIA

ANTZINAROKO AZTARNAK
Antzinaroan, asiriarren eta egipziarren artean panderoen irudikapenak aurki daitezke:

Txindarik gabeko pandero zilindrikoen erliebeak. Asiriar armadako musikariak, Ninive-ko (gaurko Irak) Ashurbanipalen jauregian (k.a. 645); egun, Parisko Louvre museoan. (Iturria: Wikimedia Commons)

Txindarik gabeko pandero zilindrikoen erliebeak. Asiriar armadako musikariak, Ninive-ko (gaurko Irak) Ashurbanipalen jauregian (k.a. 645); egun, Parisko Louvre museoan. (Iturria: Wikimedia Commons)

Txindarik gabeko pandero zilindrikoen erliebeak. Hileta dantza eta prozesioa, pandero- eta txaramela-jotzaile eta dantzariekin. Saqqara-ko (Egipto) hilobi batean aurkitua, Egipto (19. dinastia k.a.1290); egun, Kairoko Egipziar Museoan ikusgai. (Iturria: Wikimedia Commons)

Txindarik gabeko pandero zilindrikoen erliebeak. Hileta dantza eta prozesioa, pandero- eta txaramela-jotzaile eta dantzariekin. Saqqara-ko (Egipto) hilobi batean aurkitua, Egipto (19. dinastia k.a.1290); egun, Kairoko Egipziar Museoan ikusgai. (Iturria: Wikimedia Commons)

Antzinako Grezian eta Erroman ere panderoaren presentzia nabarmena zen. Biblian bertan hainbat aipamen egiten zaizkio soinu-tresna honi. Tympanum izena hartzen zuen panderoak, besteak beste.

Pompeiako (egungo Italia) mosaiko erromatarraren detailea; Museo Archeologico Nazionale di Napoli.

Pompeiako (egungo Italia) mosaiko erromatarraren detailea; Museo Archeologico Nazionale di Napoli. (Iturria: Wikimedia Commons)

Shikmonako (egungo Israel) terrakotazko pandero-jotzailea, k.a. 8. mendea; Israeli National Maritime Museum. (Iturria: Wikimedia Commons)

Shikmonako (egungo Israel) terrakotazko pandero-jotzailea, k.a. 8. mendea; Israeli National Maritime Museum. (Iturria: Wikimedia Commons)

 

Horregatik guztiagatik, ez da kasualitatea panderoari euskaraz egiten zaizkion erreferentzia zaharrenetako batzuk Bibliaren euskarazko itzulpenetan agertzea. Honatx, XIX. mendeko idatzietan agertzen diren bi adibide.

Albo-errietatik Erregeari bidera irteten zitzaizkan emakumeak, pandero-soñuan kantatzen zuten: Saulek milla il zituen, eta Dabidek amar milla.

(Lardizabal, 1855/1995, 157. or.)

Itzultzen zanean bada Dabid Filistintarra zaurituta, atera ziraden Israelko erri guzietako emakumeak, bidera irtetzen ziotela Saul erregeari, kantatzen zutela, dantzan ari ziradela, eta adirazten zutela beren poza pandero eta dirdabaiakin.

(Uriarte, 1858-1859/2004, 503. or.)

Euskal lurretan panderoa noiztik jotzen den ez dakigun arren, dakiguna da euskaldunen eguneroko bizitzan presente egon dela azken mendeetan.

ARO MODERNOA

Aita Donostiak idatzi zuen Instrumentos Musicales Populares Vascos (1952) artikuluan jasotzen dira panderoaren inguruan Euskal Herrian zehar agertzen diren testigantza zaharrenetako batzuk. Antzeko ikerketen bidez, urtez urte osatuz doa panderoaren historia soziala Aro Modernotik hasi eta XIX. mendera bitartean13. Jarraian, lan horietan agertzen diren hainbat pasartez gain, berri batzuk jasotzen dira, erakusteko “panderoa aspaldidanik eta asko erabili izan dela gure artean”14.

XV. eta XVI. mendeak

Dokumentu idatzien artean, Garibairen kronika da panderoaren testigantza jasotzen duen testu zaharrenetakoa. Bertan aipatzen da Arrasaten (Gipuzkoa), 1443an, dantzarako eta kantatzeko danbolina, alboka eta panderoa erabili zirela15.

XVI. mendean zehar, hainbat dokumentutan agertzen da panderoaren aipamena. 1526an, adibidez, Johannes Langek aipatzen du Granadara bidean zihoala Nafarroatik pasatu zela eta emakumeak ikusi zituela panderoa jotzen. Testu horren berri Julio Urkixok ematen du RIEV aldizkarian.

El Dr. Johannes Lange, que, en 1526, atravesó Navarra, camino de Granada, escribe, entre otras cosas, lo siguiente: «En esta arriba mencionada montaña se encuentra el País Vasco, el cual tiene un pueblo rudo: una lengua propia, que nada tiene de común con el galo, latín, francés, alemán y español, donde las muchachas están completamente afeitadas y tocan la pandereta para la danza; saltar en el baile y practicar toda agilidad y hasta jugar a la pelota les es permitido a los sacerdotes.

(Urquijo, 1923, 339-340. or.)

1566an, Abel Jouanek Recueil et discours du voyage de Charles IX liburua argitaratu zuen. Liburu horrek, Frantziako errege Karlos IX.ak 1564 eta 1566 artean bere erresuman zehar egindako bidaiaren kronikak jasotzen ditu. Bisitatu zituen lekuen artean Donibane Lohizune (Lapurdi) zegoen, eta dokumentuaren arabera, bertan aukera izan zuen hainbat neska, eskuetan tabourin bat zutela dantzan ikusteko.

[…] à veoir dancer les filles à la mode de Basque, qui sont toutes tondues, celles qui ne sont point mariees, & ont toutes chacun un tabourin, faict en maniere de Crible, auquel y a force fonnettes & dansent une dance qu’ilz appelent les Canadelles, & l’autre le Bendel.

(Jouan, 1566, 50-51. or.)

Joris Hoefnagelek 1567an Iberiar Penintsulan egindako marrazkien artean hainbat euskal eszena agertzen dira. Horietako batean, panderoa jotzen ari den Donibane Lohizuneko emakume gazte bat ikus daiteke16.

Joris Hoefnagel grabatuaren xehetasuna.1567. (Iturria: Jose Mari L. de Elorriagak zuen grabatua. J. M. Beltranek egindako argazkia)

Joris Hoefnagelen 1567an egindako marrazkietatik sortutako San Adriango igarobidea eta tunela grabatuaren xehetasuna. (Iturria: Library of Congress)17

1588. urte aldera, panderoa Aramaion (Araba) aipatzen da, alboka eta danbolinarekin batera. Pasarte hori, Ibarguen-Cachopín Kronika dokumentuan dator jasota18. Urte berean, Thoinot Arbeauk Orchesographie izeneko dantza gidaliburua idatzi zuen. Autore horrek zehazten du euskaldunek eta bearnesek, panderoa ezkerreko eskuarekin heltzen dutela eta eskuineko eskuko hatzekin jotzen dutela. Gainera, instrumentuak inguruan kriskitinak edo txintxarri antzeko elementuak dituela ere aipatzen du19.

XVII. mendea

1660an, Euskal Herrira egindako bidaia deskribatzen du idazle frantziar batek karta batean. Testuan zehar aipatzen da Donostian kalejira bat ikustea egokitu zitzaiola, eta idazleak dio, besteak beste, erraldoiak, dantzariak eta pandero-jotzaileak ikusi zituela20.

1691ean, Madame d'Aulnoyrek Rélation du Voyage d'Espagne liburuan pandero-jotzaileak deskribatzen ditu Pasaiako portuan. Kasu honetan, adierazgarria da panderoa Tambour de Basque gisa izendatu izana.

Enfin nous prîmes terre; & nous étions à peine débarquez, que nous vîmes cette Fille que l'on avoit fauvée bien à propos, car elle commençoit à boire lorsqu'on la tira de l'eau; elle venoit à nôtre rencontre avec plus de cinquante autres, chacune ayant une Rame sur l'épaule: elles marchoient sur deux longues files, & il y en avoit trois à la tête qui joüoient parfaitement bien du Tambour de Basque; celle qui devoit porter la parolle s'avança, & me nommant plusieurs fois Andria, qui veut dire Madame (c’est tout ce que j’ay retenu de sa Harangue) elle me sit entendre que la peau de mon Cuisinier leur resteroit, on que les Habits de leur Compagne seroient payez à proportion de ce qu’ils étoient gâtez. (...) A cette vûë, elles firent des cris encore plus grands & plus longs que ceux qu’elles avoient déja faits, & elles me souhaiterent un heureux voyage & un promt retour, chacune dançant & chantant avec les Tambours de Basque.

(d’Aulnoy, 1691, 29-30. or.)

XVIII eta XIX. mendearen lehen erdia

XVIII. mendean ere ez da falta panderoaren aipamenik. Aita Larramendik, esaterako, 1745an argitaratutako Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín hiztegian, modu honetara izendatzen du soinu-tresna hau:

Panderetear, zaldabaya, jotzea. Lat. Naulium pulsare.

Panderetero, zaldabaicaria. Lat. Tympanystes, e.

Panderillero, zaldabaixhoa. Lat. Tympanystes, e.

Pandero, zaldabaya, tumbaba, tumboa. Lat. Naulium.

(Aita Larramendi, 1745, 139. or.)

1700-1800 bitartean Iruñeko festetan parte hartu zuten musikarien inguruko ikerketa egin zuen Jesus Ramosek (1990). Alde horretatik, hamar dira zerrenda horretan agertzen diren pandero-jotzaileak. Horietatik bederatzi bakarka ageri dira, eta bat, gitarra lagun duela. Lurraldetasunari dagokionez, bederatzi nafarrak dira, eta bat arabarra. Generoaren ikuspegitik, gizonezkoak dira zerrenda horretan agertzen diren pandero-jotzaile guztiak.

Edonola ere, maila lokaleko festetara itzuliz, berriro emakumea ageri da panderoa jotzen. 1790eko pasarte batean, Zangozako herrian (Nafarroa), Josefa Iso izeneko emakume batek panderoa jo zuela zehazten da, eta besteek dantza egin zutela21.

Garai hartan, ohikoak ziren dantza konkretu batzuen aurkako debekuak. Horregatik, udaleko aktetan hainbat pasarte agertzen dira gai horren inguruan. 1796an, Gesalatz udalerrian (Nafarroa), adibidez, panderoz alaitutako dantzaldien aurka agertzen ziren agintariak.

Tres años más tarde, vuelven a reunirse los abades, ahora con presencia de los diputados del valle y los regidores de los pueblos, y confirman suprimir el jolgorio de las mozas con los panderos pero no, como se había pretendido, el juglar de los días de los patronos desde las vísperas hasta el toque de oraciones.

(Aranburu, 2012, 28. or.)

Ildo beretik mintzo da Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) bizkaitarra dantzei buruz, Misiolari Euskaldunak eskuizkribuan. Bertan argi adierazten du panderoa gazteak eta ez hain gazteak bekatura bideratzen dituen instrumentua dela, alboka, danbolina eta beste soinu batzuekin batera.

Danzalarien pecatuetan dauqué parte dambolinteruac, alboqueruac, pandaristac, soñulariac, ta cantalariac. Bai ta euren echecoai danzara joaten eragozten ezteutsén gurasoac, ta ugazabac: eta danza nastu loiac eragozten eztituezan errico buruac, albaitanez, euretan dagoanez.

(Bidador, 1993, 29-30. or.)

Gach guichago da, ezcutuan, oqueluan, lecu issilian banaca batzuc pecatuan jaustea, asco ta gueienac danza aguirian baño. Eta bestetic eztira guichituco, ezpada gueituco ezcutuco pecatuac, plazaco danzac laqueturic. Gueure begiz dacusgu, ta iñon baño obeto Confesonarioan, dabolinic; panderoric, soñulariric eztagoan errian, garbiago bici direala gazteac.

(Bidador, 1993, 35. or.)

1843an, Victor Hugo Euskal Herrian izan zen. Pirinioetatik egin zuen bidaian, Pasaian (Gipuzkoa) egon zen. Liburuko azpiatal bat eskaintzen dio herri horri, eta bertan, puskatutako pandero bat ageri da paretan zintzilik22. Charles Davillier frantziarrak ere euskaldunek panderoa jotzen dutela aipatzen du Viaje por España (1874) liburukiko Las provincias vascongadas atalean23.

Beraz, orain arte ikusitakoak erakusten du XIX. mendea baino lehen panderoa ez zela instrumentu arrotza euskaldunen artean. Mende horretatik aurrera, ordea, industrializazioaren ondorioz errotikako gizarte aldaketa gertatuko da Europa mendebaldean, eta bidenabar, Euskal Herrian. Horrek guztiak apurka euskaldunen bizi-ohiturak aldatuko ditu, eta horrek eragin zuzena izango du herri-musikaren bilakaeran.

XIX. MENDEAREN ERDITIK XX. MENDEAREN ERDIRA

XIX. mendetik aurrera, erromantizismoa izeneko mugimendu kulturala garatu zen Europan zehar, eta horrenbestez, Euskal Herrira ere hedatu zen. Horren adibide dira Anton Abbadiak antolatutako Euskal Jaiak. Testuinguru horretan, kulturgintzaren inguruan hainbat pertsona kontzientzia hartzen hasi ziren, Euskal Herrian ohitura eta usadioak galtzen ari zirela ohartuta.

Hala, ohitura horiek balioan jarri eta berreskuratzen ahalegindu ziren ondorengo urteetan. Ildo horretan kokatzen da Arturo Kanpionek 1881ko abenduaren 14an idatzitako Denbora antxiñakoen ondo-esanak testua. Bertan, Euskal Herriari buruzko kondaira bat idaztean, pandero-jotzeari egiten dio erreferentzia, are gehiago, pandero-jotzea desagertzeko arriskuan zegoenaren kezka agertzen du.

Gaba zan. Egun argan berean lege gogor, kaltegarri eta bidegabe batek zoriontasun eta onorea Euskaldunai kendu izan ziezten. Ni, etxebalkoian sostengatua, Kastillako zelai latzari begira nengoen. Negar-malkoak nere aurpegiya bustitzen zuten, eta biotz gaisoak, miñaren ezpat zorrotzaz zulatua, oiuka eta aiezka bere aserre biziya agertzen zuben. Ah! zeiñ ederrak ikusten ziran illargi ta izarrak zeru garbi urdiñean! eta bitartean, zenbat suspiriyo, atsekabe eta illuntasun Euskal-erri maitearentzat! Ai! —nigan esaten nuben tristiro— gaur dena galdu da; danbolin-soñuak, artzai-irrintziak, neskatx-panderoak, erromeri-tuntunak, ola-dunbotsak, betiko ixildu dira Euskal-erriko mendietan. Onen ordez, ama guziyak ikustean beren semeak urteoro lapurtu dizaieztela, esango dute: —Nun dira oraiñ fueroak?

—Eta nik, orregatik, galdetzen det orain: Nola salbatuko gera, Jaun-Jaungoikoa, gu Euskaldunok?”

(Kanpion, 1990, 8. or.)

Arturo Kanpionen testu hau ez da benetako gertakari baten deskripzioa, kondaira baten deskribapena baizik. Hala ere, badu bere esanahia, euskaldunen festa ohiturak irudikatzerakoan panderoa herri-musikako beste soinu-tresnekin batera aurkezteak.

1970KO HAMARKADATIK AURRERA

1965ean Jose Mari Busca Isusi idazleak trikitixa eta alboka umezurtz aurkitzen zirela adierazi zuen La Voz de España aldizkarian, herri musikaren inguruan argitaratutako artikuluan. Txistulariek bezala, trikitixak eta albokak elkarte bat osatu behar zutela aipatzen zuen: “no solo en vistas a posible mejoras económicas, sino también a fin de ir recogiendo y sistematizando nuestra música verdaderamente popular”24.

1967an, albokarien elkarte bat sortu zen Galdakaon Mariano Barrenetxearen eskutik. Dena dela, elkarte honetan ez ziren soilik albokariak bildu, baita pandero-jotzaileak ere.

1967an, bagilaren 18an, Galdakaon Mariano Barrenetxeak eratu egin eban albokarien batzar bat. Bertan Albokarien, Panderojotzaileen eta Koblarien Alkartea sortu zan. Lehendakaria Jose Maria Bilbao izentatu egin eben, eta Aita Jorge Riezu kapellau. Agertu ziran albokari askoren artean, Marianoz gain: Bilbao aitasemeak –eta Jose Leon mutikoa, Leonen semea–, Jose eta Silbestre Elezkano, Benito Iragorri, Pontxo Orue... Panderojotzaileak eta soinulariak be agertu ziran.

(Gojenola, 2004, 41. or.)

1972an, beste horrenbeste gertatu zen Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortu zenean. Hasieratik bertatik, elkartearen parte izan ziren pandero-jotzaileak, soinu-jotzaileekin batera25. Hala ere, batean zein bestean alboka eta soinu txikia ziren protagonista nagusiak.

Ondorengo urteetan, panderoak berebiziko zabalkundea izan zuen. Bereziki, trikitixa eskolen hedapenak eta 1980ko hamarkadan trikitixa txapelketek izan zuten boomak eraginda. Hori horrela izan arren, panderoa beti soinu txikiaren itzalean gelditu izan da. 1991an, honakoa zioen Jokin pandero-jotzaileak Euskal Herriko Trikitixa Txapelketaren harira epaileek jarraitzen duten irizpidearen inguruan:

Nahiz eta kantari onak egon soinujolearen izena aipatzen da beti eta gu hor gelditzen gara, piska bat aparte. Panderoaren lana ez dute asko baloratzen. Soinua nola jotzen den gehiago edukitzen dute kontutan.

(Landa, J., Arrese, G. eta Goikoetxea, J., 1991, 40. or.)

Esaldi horretan bi puntu dira aipagarriak, bata soinu txikiak garrantzia handiagoa duela, eta bestea, pandero-jotzaileak abestu egiten duela. Izan ere, 1960ko hamarkadan erreferente izan ziren hainbat pandero-jotzailek ez zuten abesteko joerarik, nahiz eta trikitixaren muinean kopla egon. Frankismo osteko giroan, hegoaldean koplak abesteko joera hori desagertuz joan zen pandero-jotzaileen artean. Umorea jartzeaz eta dantzarako erritmoa markatzeaz arduratuko ziren batik bat. 1980tik aurrera, aldiz, pandero-jotzaile ia guztiek abestuko dute.

Handik aurrera, trikitixa osatzen zuen bikote instrumentala beste estilo eta instrumentu batzuekin elkartzen hasi zen. 1980ko hamarkada arteko formatu klasikoa, soinu eta pandero-jotzaileek osatutako bikote instrumentalena bazen ere (Zumarragako Trikitixa, Laja eta Landakanda, Epelde eta Iturbide, Astiasaran anaiak, Martin eta Imanol, Tapia eta Leturia, Junkera eta Motriku…), luze gabe diskoen ekoizpenak gora egingo du, eta estiloak dibertsifikatu egingo dira26.

1980ko hamarkadatik aurrera plazaratuko diren pandero-jotzaile gehienek gazteen trikitixa txapelketetan hasi zuten euren ibilbidea. Txapelketa horiek 2020ko hamarkadara arte iraun dute. Azken urteetan, txapelketa gehienak desagertuz joan dira.

Txapelketan hasitako bideari modu ezberdinetan eman izan diote jarraipena pandero-jotzaileek. Batzuek soinu-jotzaileekin bikotea osatu eta erromeriak alaitu izan dituzte (Agurtzane eta Jon Elustondo, Izer eta Alabier, Laja eta Lutxurdio, Itsaso eta Irune Elizagoien…). Beste batzuek triki-pop edota beste estilo ezberdinetako taldeetan hartu dute parte (Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider, Trikizio, Etzakit, Gozategi, M-n Ezten, Laket, Laiotz, Obaneuke, Tximeleta, Huntza, Amak, Neomak…).

Irune Elizagoien pandero-jotzailea, bere ahizpa Itsaso Elizagoien soinu-jotzailearekin. (Arg.: Gartxoak. Iturria: Wikimedia Commons)

Irune Elizagoien pandero-jotzailea, bere ahizpa Itsaso Elizagoien soinu-jotzailearekin. (Arg.: Gartxoak. Iturria: Wikimedia Commons)

Neomak taldea. (Arg.: Antonio. Iturria: Amets Ormaetxea)

Neomak taldea. (Arg.: Antonio. Iturria: Amets Ormaetxea)

Azken urteetan panderoari dagokion balioa aitortzeko proiektu ezberdinak jarri dira abian. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, adibidez, 2003tik aurrera sei liburu argitaratu ditu, pandero-jotzaileei eskainiak direnak27. Era berean, panderoa hizpide harturik bideo bat argitaratu zuen Kolpeka proiektuaren baitan28. Bestalde, 2021ean Arrasateko Trikitixa Eskolak Euskal Herri mailako lehen pandero jaialdia antolatu zuen29.

 

OHARRAK

1 Adibidez, Larramendi (1745, 139. or.) eta Olazaran (1934). Orotariko Euskal Hiztegian adibide gehiago ikusgai: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu.

2 Horrela dator jasota XVII. mendeko kronika batean (d’Aulnoy, 1691, 30. or.).

3 Honen adibide dira orrialde hauetan ikusgai dauden Soinueneako erakusketako beira-arasak.

4 Motriku edo Mutriku ere irakurtzen da han-hemenka.

5 Irudia honako webgunetik lortu da eta ondoren zenbakiak gehitu zaizkio: https://www.shutterstock.com/es/image-vector/fashion-template-standing-men-women-9-1663243813.

6 201106120201 Astiasaran anaiak eta Leire 7472 (Panderoa jotzeko modu berezia). Youtube. https://www.youtube.com/watch?v=Yu3Z3cI63To.

7 2019ko San Josetako trikiti jaialdia. EITB. https://www.eitb.eus/eu/nahieran/san-josetako-trikiti-jaialdia/san-josetako-trikiti-jaialdia/osoa/2560/158399/.

8 Gillermin ezizenez ere ezaguna.

9 Trikitixa, soinu txikia. EITB. https://www.eitb.eus/eu/nahieran/trikitixa-soinu-txikia/trikitixa-soinu-txikia/osoa/1434/32360/.

10 Zumarragako trikitixari dagokion pasartea Youtuben ikus daiteke, Zelai Arizti Kultur Etxearen kanalean (2017). Trikitilariak eta dantzariak Zumarragan 1963an. Youtube. https://www.youtube.com/watch?v=Zq6WCg0zmtY&t=90s.

11 TVE1 telebista kate espainiarreko pasartea, Youtuben ikusgai Laja eta Landakanda argiñano izenpean. https://www.youtube.com/watch?v=x0cCQHcTzsc.

12 Trikitixa, soinu txikia. EITB. https://www.eitb.eus/eu/nahieran/trikitixa-soinu-txikia/trikitixa-soinu-txikia/osoa/1434/32361/.

13 Azpiatal hau osatzeko, besteak beste, honako argitalpen hauek erabili ditut: Askoren artean (2022), Bergara (d.g), Beltran (2017), Fraile Gil (1983), hala nola, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Trikipedia webgunean dauden datuak. Horrez gain, panderoaren inguruko erreferentzia historikoak biltzeko, Jentilbaratz eta Cuadernos de Etnología y Etnografía Navarra aldizkariak kontsultatu dira.

14 Beltran, 2017, 23. or.

15 Aita Donostia, 1952, 281. or.

16 Grabatu hau Joris Hoefnagel marrazkilariak 1567an Iberiar Penintsulara egindako bidai batean egindako marrazkitik sortu zuen Frans Hogenbergek Civitates orbis terrarum atlaserako. Sei liburukik osatzen zuten lan hau Georg Braun eta Frans Hogenbergek egin zuten. Hoefnagelen La Sierra de Sant Adrian en Biscaia grabatua Urbium praecipuarum mundi theatrum quintum izenburua zuen liburukian, bosgarrenean, argitaratu zen 1597an; Euskal Herriari (Bizkaia) buruzko atala ilustratzen.

17 Braun, G., Hogenberg, F., Brachel, P. V., Hierat, A., Hogenberg, A., Novellanus, S. [...] Rantzau, H. (1612) Civitates Orbis Terrarvm. [Coloniae Agrippinae: apud Petrum à Brachel, sumptibus auctorum, to 1618] [Map] Retrieved from the Library of Congress, https://www.loc.gov/item/2008627031/.

18 Askoren artean, 2022, 22-23. or.

19 Fraile Gil, 1983, 125. or.

20 Baleztena, 1977, 18. or.

21 Labeaga, 1990, 143. or.

22 Hugo, 1890, 216. or.

23 Askoren artean, 2022, 122. or.

24 Busca, 1965, 24. or.

25 Azkune eta Garmendia, 2024.

26 Askoren artean, 2022, 184. or.

27 Honako hauek dira aipatutako liburuak: Mendizabal (2005), Iriondo (2006), Elustondo (2011), Gurrutxaga (2017), Erostarbe (2023) eta Carrasco (2024).

28 Azkune eta Garmendia, 2024, 109. or.

29 Larrea, 2021.

30 Kepa Pinedok pasatako erreferentzia.

31 La fiesta de San Juan en Agurain, 1980, 48. or.

32 Beltran eta Eguren, 2021, 41. or.

33 Askoren artean, 2022, 73. or.

34 Testuan aipatzen diren bertso horiek, Aiako Jose Tejeriari buruzkoak badira, testigantza hori 1900koa litzateke, Azkoitiko Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxok jarritako bertsoak oso ezagunak egin baitziren garai hartan.

35 Linazasoro, 1961, 16. or.

36 Hernani, 1932, 12. or.

37 Echaluce, 1929, 8. or.

38 Otermin, 1979, 468. or.

39 Bagüés, 1983, 225-226. or.

40 M., 1885, 564-565. or.

41 Askoren artean, 2022, 24. or.

42 Lomax, 2004.

43 Festival Vasco en Eibar, 1964, 10. or.

44 Salón, 1907, 433. or.

45 Jose Zufiaurrek dauka argazki hori. Jon Elustondok helarazi digu informazioa.

46 Azkune eta Garmendia, 2024, 21. or.

47 Linazasoro, 1961, 16. or.

48 Iriondo, 2008, 48-49. or.

49 Basarri, 1957, 7. or.

50 Gorriti, 2010.

ITURRIAK

Bibliografia

AGUIRRE, R. (1992). Trikitixa. Gipuzkoa Donostia Kutxa.

ANGUIOZAR, M. (1933, azaroak 1). Pastores de Gorbea. Yakintza: revista de cultura vasca, (6), 444-446. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179905/data/-1141300800000.

ARANBURU, M. (2012). El txistu y tamboril en Navarra. Cuadernos de etnología y etnografia de Navarra, (87), 5-69. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/Aranburu%20CEEN%2087.pdf.

ARISTI, P. (2001). Gelatxo, soinuaren bidaia luzea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

AROZENA, U. (2007). Panderoa jotzen ikasteko eskuliburua. Jentilbaratz, (10), 5-106. URL: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/jentil/10/10005106.pdf.

ARZAK, A. (1899). Fiestas Euskaras de Zumarraga. Euskal-Erria, (41), 225-233.

ASKOREN ARTEAN. (2022). Soinu-tresnak euskal herri-musikan: entziklopedia, II. Aerofonoak II. Soinuenea.

AZKUNE, L.; Garmendia, H. (2024). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea: 50 urte eta gehiago. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

BAGUES, J. (1983). Las orquestas populares en Euskal Herria. Jentilbaratz, (1), 219-239. URL: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/jentil/01/01217239.pdf.

BAIONAKO EUSKAL MUSEOA. (d.g.). Tambour sur cadre "tambourin" "panderoa" "tambour de basque" "ttunttuna". MIMO: Musical instrument museums online. URL: https://mimo-international.com/MIMO/doc/IFD/OAI_CIMU_ALOES_0854420.

BALEZTENA, I. (1977). Comparsas de Gigantes; Navarra Temas de Cultura Popular 3. Diputacion Foral de Navarra.

BASARRI. (1957, irailak 17). Mi atalaya montañera. La Voz de España: diario tradicionalista, 7. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-387810000000.

BASARRI. (1963, uztailak 30). Mi atalaya montañera. La Voz de España: diario tradicionalista, 7. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-202741200000.

BASARRI. (1966, abuztuak 5). Mi atalaya montañera. La Voz de España: diario tradicionalista, 7. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-107528400000.

BECERRO DE BENGOA, R. (1877). El Libro de Alava. Centro Literario Vascongado. URL: https://bibliotecadigital.jcyl.es/es/consulta/registro.do?id=13560.

BELAUSTEGUI, I. (1902). ¡Qué noche tan buena!. Euskal-Erria, (47), 545-548. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2130235200000.

BELTRAN, J. M. (2017). Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010. Elkar.

BELTRAN, J.M.; EGUREN, I. (2021). Soinu-tresnak euskal herri-musikan: entziklopedia. Aerofonoak I. Soinuenea.

BERGARA, A. (d.g). Método de Pandero. Argitaratu gabe. URL: https://www.soinuenea.eus/es/metodo-de-pandero/er-16276/.

BIDADOR, J. (1993). Pedro Antonio Añibarro: aitaren Misionari euscalduna liburuan dantzei buruz dakartzan: 66. eta 67 dotrineak bere adibideekin. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, (61), 13-40. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/02_CEEN61-0013-0040.pdf.

BUSCA, J.M. (1965, urtarrilak 5). Musica Popular. La Voz de España: diario tradicionalista, 24. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-157381200000.

BUSTINDUY, N. (1899). Progreso industrial de Guipúzcoa y ventajas de la paz. Euskal-Erria, 40, 107-109. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2240480716000.

CARRASCO, G. (2024). Romualda Zuloaga: Panderoaren Bidaia Hilezkorra. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

CASHO. (1914, uztailak 1). Los Txistularis. Euskal-Erria: revista bascongada, (61), 276-280. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-1751544000000.

CASTAÑEDA. J. (1899). La industria Guipuzcoana. Euskal-Erria: revista bascongada, 41, 294-296. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2224842316000.

D’ AULNOY (1691). Rélation du Voyage d'Espagne. URL: https://bibliotecavirtualmadrid.comunidad.madrid/bvmadrid_publicacion/es/catalogo_imagenes/grupo.do?path=1168835.

DONOSTIA, A. (1983). Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia (II. liburukia). Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. Jatorrizkoa, 1952. URL: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/upload/docs/Aita_Donostia_02.pdf.

ECHALUCE, T. (1929, maiatzak 28). “La Voz” en Eibar. La Voz de Guipúzcoa. 8. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/69555/data/-1281099600000.

EGUREN, I.; GOIKOETXEA, J. (2010). Hernani: musika eskola publikoa (1985-2010). Hernaniko Udala eta Hernani Musika Eskola publikoa. URL: https://ondarea.hernani.eus/hernani/liburuak/Eguren%20I,%20Musika%20Eskola%20Publikoa.pdf.

ELUSTONDO, M. A. (2011). Landakanda, panderoaren erregea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

EROSTARBE, G. (2021, martxoak 16). Pandero hotsa ere badelako. Berria. URL: https://www.berria.eus/kultura/pandero-hotsa-ere-badelako_1112336_102.html.

EROSTARBE, G. (2023). Egañazpi, ezink esan polita ez dela… Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

ETXANIZ, N. (1967). Lur berri billa. Klasikoen Gordailua. URL: https://www.armiarma.eus/klasikoak/idazlanak/E/EtxanizLurBerriBila100.htm.

EUBA UGARTE, A. (2016). BASKER; 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak. EHU. [Liburua+DVD]

FESTIVAL VASCO EN EIBAR. (1964, martxoak 29). La Voz de España: diario tradicionalista. 10. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-181746000000.

FIESTA POPULAR, JOSE ARRUE. (d.g). Museoteca. URL: https://museoteca.com/r/es/work/6095/jose_arrue/fiesta_popular/!/.

FRAILE GIL, J. M. (1983). Notas sobre la pandereta. Revista de Folklore, (28), 123-130. URL: https://www.cervantesvirtual.com/obra/revista-de-folklore-252/.

GOJENOLA, M. (2004). Albokaren alde batzuk. Jentilbaratz, (8), 3-100. URL: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/jentil/08/08003100.pdf.

GOJENOLA, M. (2025). Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz. Soinuenea.

GOÑI, K. (1988). Etnografía de Zerain: Usos del grupo doméstico. In A. Erkoreka (ed.) Contribución al atlas etnográfico de Euskalerria investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (643-767. or.).

GORRITI, I. (2010, urtarrilak 5). Pioneros de la trikitixa en Zaldibar. Deia. URL: https://www.deia.eus/bizkaia/2010/01/05/pioneros-trikitixa-zaldibar-5687161.html.

GUERRA, J.C. (1889). La Romeria de San Antonio: de Mondragón á Urquiola. Euskal-Erria. (20), 553-561. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2556013516000.

GURRUTXAGA, A. (2017). Iturbide, Igitai jolea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

HERNANI. (1932, abuztuak 9). La Voz de Guipúzcoa. 12. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/69555/data/-1180094400000.

HOY, SABADO, FESTIVAL FOLKLÓRICO DE INSTRUMENTOS AUTÓCTONOS. (1970, irailak 19). El Diario Vasco. 8.

HUGO, V. (1890). En Voyage: Alpes et Pyrénées. URL: https://books.google.es/books?id=oORFAQAAMAAJ&printsec=frontcover&redir_esc=y#v=onepage&q=tamb&f=false.

INFORMACIÓN DE LA PROVINCIA. (1942, abenduak 15). La Voz de España: diario tradicionalista. 6.

IRIONDO, J.M. (2006). Urrestillako trikitixa, Auntxa eta Iturbidetarrak. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

IRIONDO, J.M. (2008). Trikiti-kopla zahar eta berriak. In M. Markez eta A. Aizpuru (Ed.), Inpernuko poza: trikitixaren jardunaldiak (47-78. or.). Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

ITURRIAGA (1957, irailak 16). Urki venció en el concurso de trikitixa, en Zaldibar. Hoja oficial del lunes de la Provincia de Guipúzcoa. 4. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/69669/data/-387896400000.

JEME. (1923, martxoak 4). Tŕikitiak. Argia, (98), 1. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/69557/data/-1477828800000.

JOUAN, A. (1566). Recueil et discours du voyage du roy Charles IX. URL: https://www.combiers.fr/docs/voyage_de_charles_IX_abel_jouan.pdf.

KALZAKORTA, J. (2007). Dantza-kopla zaharrak. Labayru ikastegia-BBK.

KANPION, A. (1990). Euskarazko lanak (Jatorrizkoa, 1879-1891). Klasikoen Gordailua. URL: https://klasikoak.armiarma.eus/pdf/Kanpion.pdf.

LA FIESTA DE SAN JUAN EN AGURAIN. (1980). Dantzariak. (13), 46-58.

LA INDUSTRIA GUIPUZCOANA: EN LA EXPOSICIÓN UNIVERSAL DE BARCELONA. (1889). Euskal-Erria: revista bascongada, 21, 377-379. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2540375116000.

LA SEMANA VASCA. (1935, urriak 1). La Voz de Guipúzcoa. 11. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/69555/data/-1080907200000.

LABEAGA, J. C. (1990). Danzantes y gaiteros en Sangüesa. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra. (55), 139-156. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/09_CEEN55_0139-0156.pdf.

LAFUENTE, L. (1972) Estudio etnográfico de Améscoa. Tercera parte. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra. (11), 123-165. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/02_CEEN011_0123-0166.pdf.

LANCRE, P. (1612). Tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons. URL: https://books.google.es/books?id=ID0NqgWHurUC&printsec=frontcover&hl=es&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q=tabourin&f=false.

LANDA, J., ARRESE, G. ETA GOIKOETXEA, J., (1991, maiatzak 5). Gero eta gazteagoak eskoletan. Argia, 37-38. URL: https://trikipedia.eus/s/prentsa/item/20198.

LARDIZABAL, F. I. (1995). Testamentu zarreko kondaira edo historia. Klasikoen Gordailua. Jatorrizkoa, 1855 URL: https://klasikoak.armiarma.eus/pdf/LardizabalZarreko.pdf.

LARRAMENDI, A. (1745). Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín. Tomo II. URL: https://archive. org/details/A077240135/page/n145/mode/2up.

LARREA, A. (2021, ekainak 18). Zaharra izanagatik inoiz baino biziago dagoen panderoari gorazarre. Goiena. URL: https://goiena.eus/arrasate/1624005353761-zaharra-izanagatik-inoiz-baino-biziago-dagoen-panderoari-gorazarre.

LARRINAGA, J. E. (1988). Una aproximación al control social y a la desviación en la sociedad tradicional. Dantzariak (43), 6-18. Euskal Dantzarien Biltzarra.

LARRINAGA, C. (2006). Inversiones extranjeras en Guipúzcoa en el siglo XIX (1842-1875). Historia Contemporánea, 33, 687-718. URL: https://addi.ehu.es/bitstream/handle/10810/38059/4191-14731-1-PB.pdf?sequence=1.

LASA, G. (2020). Euskal kulturaren hibridazio prozesuak: trikitixaren kasuaren azterketa [doktoretza tesi argitaragabea]. EHU.

LINAZASORO (1961, abuztuak 26). El triki-trixa. La Voz de España: diario tradicionalista. 16. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179902/data/-263480400000.

M., P. M. (1885, uztailak 1). El día de navidad en el hogar vascongado. Euskal-Erria, (13), 564-565. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-2666605516000.

MENDIZABAL, A. (2005). Zumarragako trikitixa, trikiti doinu kaletarra. Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

NARKIS BALENTZIAGA ETA MODERNITATEA ARROAN. (2017, urtarrilak 30). Danbolin. URL: https://danbolin.eus/narkis-balentziaga-eta-modernitatea-arroan

OLAZARAN, A. (1934, irailak 1). Nuevos detalles sobre viejas danzas vascas. Yakintza: revista de cultura vasca, (11), 392-395. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179905/data/-1115035200000.

OTERMIN, M.S. (1979). Folclore roncalés. Cuadernos de etnología y etnografia de Navarra, (33), 435-470. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/02_CEEN33_0435-0470.pdf.

PAGOLA, J. (1991). Apuntes de etnografía del pueblo de San Adrián. Cuadernos de etnología y etnografia de Navarra, (55), 75-90. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/07_CEEN55_0075-0090.pdf.

RAMOS, J. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el siglo XVIII. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, (55), 91-138. URL: https://www.culturanavarra.es/uploads/files/08_CEEN55_0091-0138.pdf.

RAMOS, J. (2004). La Trikitixa de Zumarraga y su entorno (1920-2004): y nuevas aportaciones sobre la incursión del acordeón en la península desde Francia en 1841. Zumarragako Udala.

SALÓN, V. (1907, uztailak 1). Cuadro de Berriatua: una romería del día. Euskal-Erria: revista bascongada, (52), 432-433. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/178878/data/-1972468800000.

SOINUENEA (d.g). Pandero-jotzaileen inguruko zenbait datu. Argitaratugabea.

TRIKIGIRO. (2024). Urola Erdiko trikitilarien zentsua. Argitaratugabea.

URIARTE, J. A. (2004). Biblia I. Klasikoen Gordailua. Jatorrizkoa, 1858-1859 URL: https://klasikoak.armiarma.eus/pdf/UriarteBibliaI.pdf.

URKIZU, I. (d.g.). La pandereta en Euskadi. [Argitaratu gabe]. URL: https://www.soinuenea.eus/eu/la-pandereta-en-euskadi/er-16287/.

URQUIA, J. A. (2022, ekainak 10). Primi Erostarbe Etxeberria. Goiena. URL: https://goiena.eus/komunitatea/JoseAngelUrquia/1654848637928-trini-erostarbe-etxeberria.

URQUIJO, J. (1923). Cosas de antaño: Las Sinodales de Calahorra (1602 y 1700), RIEV, 14, (2), 335-352. URL: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/riev/cosas-de-antano-las-sinodales-de-calahorra-1602-y-1700/rart-12153/.

URRUTIA, E. (1927). De las fiestas vascas de Ceánuri. Vida vasca, nº4. Editorial González.

VILLASANTE, L. (1966). Panderu-joleen kantak. Aránzazu. XLV (445), abendua. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

VILLASANTE, L. (1967a). Panderu-joleen kantak. Aránzazu. XLVI (446), urtarrila. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

VILLASANTE, L. (1967b). Panderu-joleen kantak. Aránzazu, XLVI (449), apirila. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

VILLASANTE, L. (1967c). Panderu-joleen kantak. Aránzazu, XLVI (453-4), abuztua. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

VILLASANTE, L. (1967d). Panderu-joleen kantak. Aránzazu, XLVI (455), urria. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

VILLASANTE, L. (1968). Panderu-joleen kantak. Aránzazu, XLVI (460), martxoa. URL: https://www.euskariana.euskadi.eus/euskadibib/es/bib/1455359.do.

ZABALA, A. (1993). Xenpelar eta bere ingurua. Auspoa. URL: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/4572.pdf .

ZERUKO ARGIA. (1970, abuztuak 30). Euskal Jaiak Donostian. Zeruko Argia. 1. URL: https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPAtzokoPrentsaWEB/argitalpen/179997/data/20862000000.

Diskografia

ALDEITURRIAGA, Maurizia. (1979). LEON, MAURIZIA, FAXIO. Alboka eta trikitixa. Xoxoa. X-11.115.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

Bideoak

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Irudi galeria

Audioa

Pandero joaldia fandango erritmoan. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

Fitxa osoa