Juan Mari Beltran Argiñena
Donostian 1947an jaioa, musika egile eta herri-musikan jolea izateaz gain, ikertzailea eta irakaslea ere bada.
Gaztetatik herri musikan murgilduta izan dugu. 11 urterekin Etxarri Aranatzeko txistu taldeko kidea izateaz gain Udal Musika bandan klarinetea jotzen zuen eta 16 urtetarako Argia taldean genuen. Garai hartan, besteak beste, Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartariekin, Txilibrin, Patxi Gorrotxategi eta Leon Bilbao albokariekin, Isidro Ansorena eta Maurizio Elizalde txistulariekin eta Gipuzkoako dultzainero zaharrekin ikasi zuen geroztik etenik gabe erabili duen lan egiteko eran: musika, musikari eta soinu-tresnak bilatuz eta ikertuz.
Hainbat taldetako partaidea izan da, Rafael Ruiz Balerdik sortutako musika garaikide taldean, Sustraiak, Azala, Eltzegor, Xabier Amuriza hirukotea, Txanbela taldeetan eta Joxan Goikoetxearekin osatzen zuen bikotean. Talde hauekin makina bat disko ere grabatu ditu.
1999 geroztik Juan Mari Beltran izenarekin bakarrik edo bi, hiru edo sei musikariz osatutako taldean euskal herri musikako eta berak sortutako errepertorioarekin osatutako kontzertuak ematen ditu. 2002ko hasieran grabatu eta argitaratu zuen Arditurri izeneko diskoa. 2004. urtean Tantaka-Kukai taldeen 1937 Gogoaren bidezidorretatik dantza ikuskizuneko musika egin zuen. Geroztik besteak beste honako lanak argitaratu ditu: 2006an Orhiko xoria bere izenean egindako bigarren CDa, 2007an Astiasaran anaiekin batera Amasatik Arratera CDa, 2008an Mendukiloko hotsak, 2009an Txalaparta CD-DVD-liburua, 2012an Xirolarrua CD-liburua 2014an Hots-larretan eta Ernioko magalean CDak, 2019an Kostaldeko soinuak.
Bilketa eta ikerketen arloan lan ugari argitaratutakoa da. Eusko Ikaskuntza, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Txistulari eta Eufonía daude bere lanak argitaratu dituzten elkarte eta aldizkarien artean. Lan guzti hauek soinu-tresna, dantza-joko eta herri-musikari buruzkoak dira. Horretaz gain Euskal Herriko Soinu tresnak disko eta pelikula IZ etxearekin, Oiartzungo hotsak bideoa Oiartzungo Udalarekin eta Euskal Herriko Soinu tresnak CD-ROMa Elhuyarrekin argitaratu ditu, guztiak euskal herri-musikariak, euskarri horietan garrantzi handikotzat jotzen direnak. Idatzitako lanen artean honako liburuak daude: Soinutresnak euskal herri musikan, San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak, Dultzaina Gipuzkoan-La dulzaina en Gipuzkoa, Txalaparta eta beste aldaera zaharrak, Herri Musikaren Txokoa Oiartzunen, Txalaparta, Xirolarrua, Alboka. Inguru folklorikotik eskolara…
Pedagogi mailan, oinarrizko hezkuntzan musika irakaslea izan da eta 1985tik Hernani Musika Eskola Publikoan txistua, dultzaina, alboka eta txalaparta jotzen erakutsi du. Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolan, Institutuetan, Musika eta bestelako ikastetxeetan ikastaroak, hitzaldiak eta emanaldi pedagogikoak ematen ditu. Txalapartari eta txalaparta irakasle gisa 2007an Andres Doñate informatikoaren laguntzarekin TTAKUN 2.1 Txalaparta musika idazteko programa informatikoa txalaparta eskoletan erabiltzeko CDRoma prestatu zuen eta 2014an TTAKUN 3.0 bertsio berria atera zuen Gorka Montero informatikariarekin.
Bere bizian zehar herri-musikaren inguruan bildutako grabazio, liburu eta soinu-tresnez osatutako bildumarekin, Oiartzunen bertako Udalarekin batera, 2002ko martxoaren 1etik publikorako funtzionatzen duen Herri Musikaren Txokoa, Herri Musikaren Dokumentazio Zentroa, antolatu zuen. Gaur egun dokumentazio zentro hori Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa izenarekin ezagutzen da eta Juan Mari Beltranek berak zuzentzen du.