Azalpena

Xirolarru-boha aerofonoen familiako soinu-tresna da.

Egitura

Hona hemen soinu-tresna honen zatiak: Ezpelezko taulatxo bat. Bertan goitik behera paraleloki zulatutako bi hodi zilindriko ditu (hodi melodikoa eta pordoia osatzen dutelarik), gehi aire zahagia eta hodi puzkailua.

  • Hodi melodikoa alboka modukoa da, ezpelezkoa eta ahokoa kanaberazko fita edo mihi sinpleduna.
  • “Pordoia”-k ere albokaren moduko mihia du eta doinuaren “nota pedala” ematen du. Behealdean zulo bat du pordoiaren nota hori aldatzeko, eta zintzilikaturik eramaten du eransten zaion hodi puska bat, azpiko nota grabeagoa lortzeko jartzen zaiona.
  • Aire zahagia, antxume edo antzeko larruz egina dago.
  • Hodi puzkailua. Hezurrezkoa edo adarrezkoa izaten den punta ezik ezpelezkoa izaten da. Zahagian sartzen den muturrean larruzko balbula txiki bat du. Hau putz egiterakoan ireki egiten da airea pasatzen utziz eta puzten ez denean hodi puzkailua hermetikoki itxi egiten da.

Joera

Aire zahagia besopean, pordoia eta xirola den zati hori eskuekin harturik, hodi puzkailua ahoan sarturik jotzen da. Hodi puzkailuetatik zahagira sartutako airea besoaren presioz kontrolatzen da. Aire hau hodi melodikora eta pordoira iristean hauek doinua eta nota pedala ematen dute, hurrenez hurren.

Historia

Xirolarruak Euskal Herrian izan duen erabilpenari buruzko dokumentazio zaharra ugaria eta nahastua dugu.

Horien artean bada oso bitxia den aipamen bat, Karlomagnoren garaikoa eta A. Donostiak Música y músicos en el Pais Vasco liburuan (1951) jaso zuena. Horretan, Aimeric de Peyrat-ek Stromatheus Tragicus de gestis Caroli Magni idatzitakoan, egin ziren festei buruz zera dio:

quidam cabreta vasconizabant,

levis pedibus persaltantes

 

Hona hemen A. Donostiak ematen digun itzulpena:

algunos, al son de la cabreta, vasconizaban

saltando, danzando con pies ágiles.

«Vasconizare» quiere decir «bailar al estilo de los vascos». Es curioso este verbo, que parece indicar que los vascos tenían un estilo propio de baile. (batzuek, “cabreta” musikarekin salto eta dantza egiten zuten euskal erara) (pág. 6-7).

Frantziako zenbait tokitan xirolarru gisako soinutresnei Cabreta izena ematen diete eta ematen duenez, garai hartan euskaldunen modura dantzatzen zuten xirolarruen doinuekin.

Xirolarru izeneko soinu-tresna hauek bi motakoak izan daitezke: alboka moduko mihi sinplekoak (klarinete) eta dultzaina moduko mihi bikoitzekoak (oboe). Orain lehen motako horietako bat aipatuko dugu.

Klarinete bikoitza den alboka antzeko xirolarru hau Landetan eta Biarno aldean jotzen da eta Boha izenez ezagutzen dute. Ez dakigu Euskal Herrian zenbat eta noiz arte erabilia izan den, baina aurkitutako hainbat dokumentu eta gure herrietako ikonografian agertzen diren itxura bera duten soinu-tresnak kontuan harturik, pentsa dezakegu halakoak gure artean ere erabili izan direla.

Guardiako Andra Maria elizako portikoan ageri den xirolarru-jolea.

Kontuan hartzekoa da bere hodiek albokarenaren hodiekin duten antzekotasuna (Beltran, 2012, 61-96. orr.).

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2004). Xirolarru - Gaita. La cornamusa en el País Vasco. Anuario da Gaita. (19.zk, 69-84). Ecola Provincial de Gaitas. Deputación de Ourense.

BELTRAN, Juan Mari; JALON, Fernando. (2012). Xirolarrua. Oiartzun: Soinuenea-Syntorama. HMB-2012-534-KD

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. alea, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

RAMOS, Jesus. (1990). Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII.Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (55. zk., 91-138). Iruñea: Institución Principe de Viana.

URBELTZ, Juan Antonio. (1983). Notas sobre el 'Xirolarru' en el País Vasco. Cuadernos de Sección. Folklore 5. zk. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

Diskografia

BELTRAN, Juan Mari; JALON, Fernando. (2012). Xirolarrua. Oiartzun: Soinuenea-Syntorama. HMB-2012-534-KD.

Irudi galeria

Audioa

Xirolarrua-boha joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

Fitxa osoa