Azalpena
Bi makilez kolpekatutako menbranofonoak Euskal Herri osoan erabili izan dira, forma eta funtzio anitzetan. Aniztasun horrek, XX eta XXI. mendeetan bereziki, sarri danbor mota ezberdinez mintzatzera eramaten bagaitu ere, ezagutzen direnak, denak dira danborraren familiakoak. Danborren presentzia etengabea da herri-musikaren historian eta ausartu gaitezke esatera soinu-tresnarik hedatuenetakoak direla denboran, geografian eta gizarte mailan ere. Hala ere, itzalean agertzen zaizkigu ia beti, lagun dituzten soinu-tresnen gerizpean eta nagusiagotzat jo izan diren gizarte gertakarien mendean. Hainbesteraino, oraindik ere inor gutxik aztertu dituela danborrak eta danbor-jotzaileak. Eta hala ere, danborreroak eta atabalariak hor dira beti.
IZENAK
Danbor eta atabal dira soinu-tresna hauen izenik erabilienak. Bi hitzok jatorri arabiar edo indoeuroparra dutela dirudi14, eta horregatik agertzen dira aldaera txikiz euskaraz bezala inguruko hizkuntza erromanikoetan ere: tambor, atambor, tambour, atabal, tabal,… Euskaraz ere, atabal hitzaren tabal aldaera erabilia da oraindik orain, Zuberoan bereziki. Danborra edo atabala jotzen duenari berriz, danborrari ala danborrero esaten zaio, danbor-jotzaile ala danbor-jole; baita atabalari ala atabalero ere, atabal-jotzaile ala atabal jole, edo tabalari zuberotarrek (Azkuek, Lhandek eta Larrasketek tabalazale ere jasotzen dute beraien hiztegietan, Lapurdi eta Zuberoarako).
Atabal deitura ukatu gabe, arratz hitza ere proposatu zuen Larramendik bere hiztegian: “Atabal, arratza, arrazcoa, atabala. Lat. Tympanum.”15. Izen honek ez du ordea arrakasta handiegirik izan, erabili, erabili izan bada ere16. Aditza ere bada euskaraz, atabala jotzea adierazteko. Atabalatu (tabalatu Zuberoan) gaztelerako tamborilear eta frantseseko tambouriner aditzen parekoa da: danborra jotzea esan nahi du batetik, eta bigarren adiera batean, hatzekin kolpeak emanaz atabalaren hotsa edo arrada imitatzea.
Atabal ala tanbor, tabal nahiz arratz, batera edo bestera, bi makilez kolpekatutako menbranofono bera adierazten dute hitz hauek, kaxaren alde banatan larrua tenkatua duen hori. Gaur egun ordea, bada joera hitz horiek esanahi ezberdina balute bezala erabiltzekoa, danbor mota ezberdinak bereizteko asmoz. Alegia, askotan atabal hitza txistulari taldean jotzen den danborrari lotzen zaio, tabal hitza txirulariekin jotzen denari, eta danbor hitza dultzainero edo gaiteroekin nahiz beste talde batzuekin erabiltzen denari, soinu-tresna desberdinak bailiran. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak berak, atabala definitzen duenean, danborretik bereizten du: “Atabal. iz. Bi zotzez jotzen den danbor motz eta zapala” definituaz. Eusko Jaurlaritzaren Musika Hiztegia harago doa, eta definizio berari zera eransten dio “… hainbat herri-musikatan erabiltzen dena (txistulari-bandetan, Zuberoan txirularekin batera, eta abarretan)”17.

Euskal danbor joleen bi makilez kolpeatutako danborrak, Soinueneako erakusketa iraunkorrean. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)
Hitz horien erabilera historikoari erreparatuz gero, ez da halakorik. Jarraian azalduko dugu garaien arabera tamaina ezberdinetako atabalak erabili direla (zapalagoak eta altuagoak), eskribau berak urte batean tambor deitu duena atabal deitu duela beste batean (jotzailea bera izanda ere), danborretik bereizi nahi den txistularien atabal horri atabalari askok deitzen diola danbor oraindik ere, edo txistularien atabal delakoa dultzaineroekin jotzen azaltzen zaigula maiz.
Nolanahi ere, XX. mendean zabaldu den joera hori18, bereiztu nahi hori, ukatu ere ez dago egiterik. Praktikotasunagatik, txistulariekin agertzen denean atabala esango dugu hemen ere gehienetan, danborra dultzaineroekin datorrenean, eta beste erabilera batzuk dituenean bata zein bestea.
Kaxa da bi larru tenkatuko menbranofono hauen beste deitura. Hau, gaur egun, areago dago lotua danbor mota jakin batekin: banda, orkestra eta bateriatan erabiltzen den danborrari esaten zaio kaxa. Juan Mari Beltrani jarraiki, “txaranga-fanfarre gisako taldeetan (batzuetan dultzaina-gaita taldeetan ere) ‘kaja’ izenarekin ezagutzen den musika bandetako danbor zapala erabiltzen da”19. Oso sartua dago banda eta orkestra inguruan kaxa eta danborra bereiztea, eta hemen ere eutsiko diogu bereizketa horri, baina historikoki ez da erabatekoa hau ere. Caja gazteleraz, caisse frantsesez20, danborraren sinonimotzat agertzen zaizkigu hiztegietan. Larramendik ostera ere, hala dakar: “Caxa, tambor, arratzá. Lat. Tympanum, i.”21. Erabileran ere, eskribauen paperetan caxa agertzen da behin baino gehiagotan (tambor edo atabal maizago) txistulariekin, dultzaineroekin, pifanoarekin, bere kabuz,… ari den bereizi gabe. XIX. mendean eta XX. mendearen lehen laurdenean behintzat, musika bandetan erabili diren danborrak, kaxa deituta ere, txistularien atabal berak izan dira argazki zaharretan ikusten denez. Eta alderantziz, txaranga eta bandetako metalezko kaxa zapal horri danborra esatea ere ohikoa izan da oraintsu arte, baita txaranga eta bandetan bertan ere22.
DANBOR MOTAK ETA EGIKERAK
Egikera eta azken mendean izan duten erabileraren arabera, hiru danbor mota nagusi sailka ditzakegu, sailkapen hori erabatekoa ez dela ohartuta beti ere.
Atabala edo danborra, bereziki txistulariekin batera jotzen denari esango diogu, edo antzekoei, ia generikotzat har daiteke eta. Dultzaineroen danborra edo gaiteroen danborra deitzen duguna ere ez da aldaera jakin bat besterik, eta dultzaineroekin jotzeko erabiltzen dira bestelako atabal eta kaxak ere, baina egia da Nafarroan eta Araba hegoaldean aspaldidanik talde hauetan jo izan den danborrak badituela ezaugarri zehatzagoak. Hirugarrenik, musika banda, txaranga eta fanfarreetan erabiltzen den metalezko danbor zapalari esateko utziko dugu kaxa deitura.
Atabalak, txistulariekin erabiltzen denak, badu gaur egun eredu estandarizatu samar bat. Joxe Inazio Usabiagak (2001) ematen dituen neurriak, erresonantzia kaxa zilindrikoarentzat, 200 mm. altuera eta diametroa 305 mm. dira. Diametro hori 12 ontza edo hazbetekoa23 da bestela esateko eta, hori bai, ia estandartzat dute gaur egungo atabalgileek, hartara larruak aldatzea errazten baita, neurri berekoak badira. Atabal larruen gainean zurezko uztaiak jartzen dira, sokaz ala metalezko hagaz lotuta tenkatu eta laxatzeko, bestelako danborretan bezala. Azpiko larruaren gainean pordoia ere jartzen da, larruak dar-dar egindakoan bibratu eta beste tinbre bat eman diezaion atabalari.
Materialei dagokienez, erresonantzia kaxa zurezkoa izan ohi da, nahiz eta metalezkoak ere erabiltzen diren. Erraz tolesten den zura behar izaten da: okumezko xafla fina adibidez, oso erabilia da horretarako, askotan intxaur egurrez estalia. Zulo txiki bat ere egin ohi zaio kaxari, airea irten dadin. Larruetan berriz, ohikoena ondutako antxume larrua izaten da. Antxumearena da honetarako estimatuena hain zuzen ere, baina beste larru batzuk ere erabili izan dira24, eta gaur egun plastikozkoak ere oso arruntak dira. Uztaiak, zurezkoak, pagoz eginak dira maiz, baina beste zur batzuk ere izan daitezke, eta soka, kalamuzkoa bada erabiliena, nylonezko sintetikoak ere ikus daitezke. Pordoia, azkenik, abere hestez egindakoa da ohikoena, baina gitarraren hariak eta tankerako alanbreak ere izaten dira.
Nolanahi ere, berriro azpimarratzea komeni da danbor edo atabalen neurriak desberdinak izan daitezkeela. Iturri gehienak ados dira txistulariekin ibiltzen ziren atabalak ere handiagoak izan ohi zirela XX. mendearen aurretik, eta hala ikusten da argazki zaharretan ere. Aita Donostiak esaterako, txistularien atabalaz esan zuen lehenago altuera gehiago izaten ote zuen zabalera baino, danbolinen antzera baina handiago. Bilboko Arkeologia eta Etnografia Museoko atabala ere aipatu zuen, Zeanuriko Domingo Manterolarena behar lukeena eta XIX. mende erdialdekoa: 1.070 mm. perimetroa (340 mm. diametroa beraz) eta 270 mm. altuera lituzke. San Telmo museoan gordetzen da XIX-XX. mendeen arteko zubiko beste atabal bat, Eusebio Basurko Donostiako txistularia zenaren emaitza: 320 mm. diametro eta 170 mm. altuera lituzke25. Gaur egun ostera hasiak dira txistulari taldeetan tamaina ezberdinetako atabalak erabiltzen, eta hots baxuagoa nahi dutenean 14 hazbeteko diametrokoak ere entzuten dira, baita kaxa altuagoa dutenak ere.
Zuberoan xirulariekin erabili izan diren tabalak ere handiagoak izan dira: 14 hazbeteko diametroak eta 200 mm.tik gorako altuerak, 270 mm. ere bai. Erresonantzia kaxa metalezkoa maizago ezagutu dugu hauetan, letoia, baina zurezkoak ere erabiltzen dira.
Era honetako atabalak, material eta tamaina ezberdinetakoak, era guztietako musikariekin erabili izan dira herri musikan, baita danbor hutsa jotzeko ere.
Dultzainero edo gaiteroen danborrak ere aurreko berak dira askotan, soinu-tresna bera ikus daitekeelarik batean txistulariekin jotzen eta bestean dultzaineroekin, baina Nafarroan eta Arabako hegoaldean danbor txikiagoak erabiltzeko joera bada, itxuraz aspaldidanik gainera. Beste atabalak bezala egiten dira hauek ere, baina danbolinen antzera, erresonantzia kaxari zabalera baina altuera gehiago ematen zaiolarik, larruaren diametroa 10 hazbetekoa izan ohi da gaur egunekoetan behintzat26. Erresonantzia kaxak zurezkoak nahiz metalezkoak erabiltzen dira, baina XX. mendean letoia eta burdin txapa maizago ikusi izan dugu danbor txiki hauetan atabal handiagoetan baino; zurezko kaxak kolore biziz margotzeko joera ere izan da garai horietan behintzat. Larruetarako ere, gaitero hauen danborretan maizago hobetsi izan dira plastikozkoak beste atabaletan baino, eta pordoiak ere badirudi gustukoagoak izan direla metalezkoak hestez egindakoak baino, gitarraren alanbrezko hariei txanda hartu dietelarik askotan metalezko kaxentzako egiten diren pordoi askotako tresnek. Tenkagarri berriz, soka nahiago izaten da metalezko hagak baino. Guzti honek, baina larruaren diametroak bereziki, hots biziko danborrak eragiten ditu, altuak soinuz danbor handiagoen parean.
Gustu kontua izan daiteke, danbor handiak ere erabili izan baitira dultzaineroekin jotzeko, baina badirudi XVIII. menderako bazela hauen berezitasuna danbor txikiak erabiltzea Nafarroan bederen. Iruñeko sanferminetara gizaldi hartan jotzera joandako musikarien zentsuan (Ramos, 1990) tambor, atabal nahiz caja deitu, danborrak beste soinu-tresna ezberdinekin agertzen dira jotzen; aldiz tamborcillo (danbor txikia) deitura aurkitzen dugu dultzaineroekin ia beti, 14 dultzainero taldetan danbor txikia aipatzen delarik eta danborra behin bakarrik27. Txistulari edo danbolinekin esate baterako, danbor txikia gutxitan, bost taldetan bakarrik aipatzen da, eta horietako bitan behintzat zehazten da danbor-jolea mutikoa edo gaztea dela.
Kaxek, XX. mendetik orkestretan, musika bandetan, txarangetan eta halakoetan erabiltzen direnek, metalezkoak izaten dituzte erresonantzia kaxa, tenkagailuak eta uztaiak berak ere, larruak plastikozkoak izan ohi direlarik gaur, eta pordoia ere alanbre anitzekoa (larrua eta hesteak ere erabiltzen ziren lehenago, jakina). Tamaina ezberdinetako kaxak izaten dira, baina herri musikan bereziki altuera gutxiko erresonantzia kaxa duten kaxa zapalak dira jo izan direnak. Joxe Inazio Usabiagak esaten duen eran, “garai batean, bandetan asko erabiltzen ziren argazkian agertzen den kaxaren antzekoak, ‘Paris’ kaxa estuak. Kaxa-mota hori txistulariekin, gaitariekin eta abarrekin maiz jotzen zen. Horren testigantza argazki zahar anitzek ematen dute” (Usabiaga, 2001, 11. or.).
Danbor makilak neurri eta zur desberdin ugariz egiten dira. Gaur badirudi gero eta zabalduagoa dagoela uztai baxuko danbor eta atabalak jotzea, baterietako kaxak bezala oinarriren baten gainean jarrita, eta eskumuturren teknikaz. Honek makila luzeagoak erabiltzeko joera ekarri du, baina uztai altuko atabalak jotzeko laburxeagoak erabili izan dira, luzerak eta pisuak asko aldatuta ere batetik bestera. Txistularien atabalentzat ebanozko makilak nagusi izan dira oraintsu arte, eta gaur zur exotiko asko ikusten da makilen egiteko (bubinga, palisandroa, hickory delakoa,…), baina bertako zurak ere baliatzen dira (gerezia, intxaurrondoa,…), pagoa adibidez zurik erabilienetakoa delarik dultzainero edo gaiteroen danborrentzako makila edo zirietarako.
XX. mendea baino lehenagoko atabal edo danbor egileen berririk ez dugu, baina azken mende luzean mordoska dira Euskal Herrian bertan soinu-tresna hauek egin izan dituztenak. Metalezko kaxak normalean atzerrian erosi izan dira, baina atabalak egiten ezagunak izan dira XX. mende hasieran Teodoro Larralde Arantzan (Nafarroa), Gillermo Lizaso Errenterian (Gipuzkoa), Mateo Felix Atxurra Bilbon (Bizkaia), Agustin Gorosarri Eskoriatzan (Gipuzkoa), Joakin Landaluze Urduñan (Bizkaia), Isidro Ansorena Hernani eta Donostian (Gipuzkoa), Bonifazio Laskurain Bergaran (Gipuzkoa) edo Francisco Lukin Lizarran (Nafarroa).

Teodoro Larralde Arantzako bere tailerrean (Nafarroa). (Iturria: Olazaran, 1972, 87. or.)
XX. mendearen bigarren erdikoak dira Jose Luis Abarzuza aita-semeak Lizarran (Nafarroa), Ignazio Barrio Urretxun (Gipuzkoa), Pedro Luis Espiña Santurtzin (Bizkaia) edo Joxe Manuel Agirre Tolosan (Gipuzkoa). Dultzaineroentzako danbor txikiak, Abarzuza eta Agirrez gainera, Iruñeko Gaiteroek, Tomas Diazek eta Salvador Martinezek ere asko egin dituzte. Jabier Goenaga Arbe urrestildarrak XX. mendearen lehen erdian egiten zituen danborrak ez ziren danbor txiki horietakoak, esana denez dultzaineroek ere atabal handiz jotzea ere ohikoa izan baita28.

Francisco Lukinek egindako danborra. JMBA Bilduman 3.zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

Jabier Goenaga Arbe-k egindako danborra. (Arg.: JMBA)

Jose Luis Abarzuzak egindako tinkatzeko sokazko eta metalezko sistemadun atabalak. JMBA Bilduman, 198. eta 360. zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)

Urretxuko (Gipuzkoa) Ignazio Barriok egindako txistu talderako atabala. JMBA Bilduman 21. zk. (Arg.: Emovere - Soinuenea)

Lizarrako Gaiteroen taldeko Salva Martínezek egindako danborrak. Letoizko kaxa zilindrikoa duena, JMBA Bilduman 22 zenbakiduna, eta kaxa zilindriko urdina duena, JMBA Bilduman 481. zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea eta Emovere - Soinuenea)
JOTZEKO ERA
Danborrak bi makilez larruari eraginda jotzen dira, erritmo joko anitz sortzeko teknika ezberdinak erabiliz. Uztaien altuerak, larruen diametroak eta, batez ere, danborra hartzeko erak baldintzatzen dute makilak nola heldu. Izan ere, ohikoena danborrak gorputzetik zintzilik jartzea da: uhal edo gerrikoen bidez, gerritik gehienean, baita gerria baina gorago ere gaiteroen danborren kasuan. Makilak eskuaz heldu ohi dira batik bat, erpurua eta hatz erakuslearen tartean, larruari goitik-behera jota angelu zabalak eragiteko moduan. Horretarako, besaurreak jiratzen dira, ukalondoetatik eskuetara.
Danborra jotzeko tekniken artean esanguratsuena arrada edo erredoblea29 da noski. Usabiagak dioen eran, “atabalariaren bikaintasuna errepikaren arabera neurtzen da askotan. Erredoblea jotzen jakitea da, seguru asko, atabalariaren lanik zailena”30. Eskuak bizkor eta etengabe txandakatzean datza arradak, hots jarrai eta erregularraren sentsazioa lortzeraino, kolpeak eragin daitezkeelarik banaka jo eta larruaren errebotea aprobetxatuz bikoiztuta, banaka, binaka edo baita hirunakako kolpe hutsetan ere, zein baino zein konplexuago. Arradari azentuak, mordenteak eta etenak erantsita, eta kolpe hutsekin konbinatuta, erritmo joko eta eskema ezberdinak sor daitezke.
Dultzainero edo gaiteroen danbor jotzaileek bereziki baliatzen dute arradaren teknika: honen gainean kolpe jakinak pikatu eta azentua jarriz soinu indartsu eta bizia lortzen dute, erritmo eskema ugari sortuaz. Erraldoi eta buruhandien konpartsetan balsak dantzatzen direnean adibidez, bereizgarri izaten dute teknika honen erabilera.
Danborren jotzeko eraren beste ezaugarri bat dinamikak egiteko duten erraztasun eta aberastasuna da, hau da, soinuaren ozentasunarekin jokatzekoa. Dultzainak eta txistuak bereziki (baita albokak ere) muga handiak dituzte musika intentsitate aldaketen bidez adierazteko, ezintasunak ere bai askotan: danborren egitekoa izaten da musikari ñabardura horiek ematea, soinu-tresna hauei erritmo oinarria edo laguntza jartzeaz gainera.
Aurreko atabalariengandik jaso ditugu jotzeko beste teknika eta era batzuk ere. Txistularien atabalariei buruz, esaterako, hatzen teknika aipatzen du Usabiagak bereziki: “Garai bateko zenbait atabalarik nahiz atabala jotzen bere kabuz ikasi duen atabalari askok, danbolina jotzeko txistulariek erabiltzen duten teknikaren antzekoa erabiltzen zuten atabala jotzeko; mugimendua hatzekin sortzea”31. Oraindik orain atabalari bat edo beste entzun daiteke horrela jotzen: besaurrea jira beharrean, makilak hatzen artean zabuka erabiltzean datza, eta arrada finak egiteko oso lagungarria.
Jotzeko erari buruz, berriz, Lakuntza anaiek (1968) aipatzen zuten aurreko danborreroak askatasun handiz aritzen zirela tempoaz jolasean, kolpeak atzeratu eta berehala erritmoa berreskuratuaz, edota erritmo eskematan etenak luzatuta tentsio uneak sortuaz. Horrelakoak izan dira beste atabalari eta danborreroen joerak ere. Gaurko joeratan ordea, badirudi formaltasuna eta zehaztasuna gailentzen ari direla, hori da behintzat zenbait adituren iritzia:
La forma y la manera de tocar el tambor hoy día es la herencia de los últimos tamborileros clásicos, si bien para entender la actual manera de ejecución deberemos tener en cuenta que así como en el caso de la gaita su recuperación y puesta en escena ha resultado bastante afortunada, en el caso del tamboril la situación es algo diferente.
La herencia a que nos hemos referido, por causas cuya explicación excede de los límites de este Método, llega hasta nosotros muy mermada; así pues en la actualidad contamos con una forma de tocar precisa aunque adolece de cierto esquematismo y formalismo.
(Iruñeko Gaiteroak, 1995a, 70. or.)
Atabalei hots eta tinbre ezberdinak bilatzeak ere ekarri ditu beste teknika batzuk: larruari erdian eragin beharrean uztai ondoan eragitea edo, Zuberoan maiz ikusia, larru gainean zapia jarrita jotzea hotsa lehortzeko. Baita makila bat bestearen kontra jota lor daitezkeen hots ezberdinak erabiltzea ere32. Egun, horiei beste batzuk erantsi zaizkie: uztaia, kaxa edo sokak jotzea (edo metalezko hagak), kaxa txinatarra edo bestelako idiofono txikiak eranstea atabalari, tankera ezberdinetako makilak erabiltzea, eskuekin jotzea,… Perkusio tresna anitz erabiltzearekin batera, bateria jotzeko teknikak ere ugaritu dira danbor-joleen artean: makilei besaurre edo hatzen bidez eragin beharrean eskumuturrez eragiten zaie, makilak berak larruarekiko ia paraleloan hartuta; honek ekarri du atabalen eta makilen egikera aldatzea ere.
DANBORREN HISTORIA TXIKIA
Danborrek Euskal Herrian egin duten historia oraindik aztertzeko dago. Ezagutzen ditugun datuak beste ikergai batzuekin lanean aritu direnei jasotakoak dira gehienbat eta, beraz, historia honen zertzelada batzuk besterik ezin dira eman, oso partzialki gainera. Ikuspegi mugatu horretatik esan dezagun, hasteko, badirudiela historian barrena danborrak askotan aipatzen direla, baina danbor jotzaileak gutxi. Eta beste askotan, ez bata eta ez bestea.
Danbor-joleak hor izan direla ukaezina da, beste soinu-tresna asko baino lehenagokoak dira-eta danbor eta atabalen aipamenak. XVIII. mendeko Iruñeko sanferminetako zentsuan, Jesus Ramosek (1990) ziurtatzen digu, musikarien multzo handiena txistulari edo danbolinek osatzen bazuten, bigarrena atabalariena zela. Baina, gehienetan ez bada askotan, isilduta daude hauen berriak.
Adibide bat: Oiartzungo txistularien historia arakatzen ari zela, Juanito Arozenak jaso zituen 1771tik bere garaira arte udalak kontratatutako atabalarien hainbat berri33. XIX. mendearen bukaerara iritsi zenean, ordea, Berin-Berri baserriko Juan Mari Berasategik ere atabala jotzen zuela aipatu zuen, Felix anaia danbolinarekin: ez zen udaleko paperetan inondik agertzen hori, baina gertuko historia (aipamena, besterik ez bada) bizi izan zutenengandik jaso ahal izan zuen. Horrelako zenbat danbor geratu ote dira itzalean aurreko mendeetan? Oiartzungo kasu bera, beste lekuetako ikerketetan behin eta berriz errepikatzen da34.
Beste adibide bat: XIX. mendean Lizarran gaitak egin zuen historia ongi dokumentatua dago (Villafranca, 1999). 1827-28an jada Garesko gaskuetarrak eta Burlatako luzuriagatarrak agertzen dira gaita jotzen, eta jakin badakigu burlatarrak gutxienez, Iruñean danborraz zebiltzala 1769tik35. Lizarran ez da gaiteroekin danborrik aipatu ere egiten ordea. 1830ean “Casimiro Luzuriaga y compañeros” aipuan uler daiteke lagun horietako bat danborreroa dela, baina urteek aurrera egin ahala, danbor jotzailea bera ez da azaltzen, ezta Julian Romanoren garaietan ere. 1878an ziurta daiteke datu bidez, Demetrio Romanok jotzen zuela danborra aita eta osabarekin, Madrilera egin zuten bidaiaren argazkian azaltzen baita. Mendea amaituko da, eta danborreroen izenik paperetan agertu gabe.

Alfonso XII. eta Maria de las Mercedesen ezkontza inguruan Madrilen 1878an egindako argazkia. Bertan bi musika talde ageri dira, gaiteroak eta danbolinteroak, eta hiru danbor mota ikus daitzezke: danbolintero bikotearen danbolina eta atabala, eta Lizarrako gaiteroen danborra. Lizarrako Gaiteroak: Julian Julian Romano, ezkerretik lehena, Nemesio Bidaurre, bigarrena, eta eskuin aldean danborrarekin Demetrio Romano. (Arg.: J. Laurent y Cía. Iturria: Museo Arquelógico Nacional)36
TALDEKATZEA XVI - XVIII. MENDEETAN
XVI. mendea baino lehen danborra jotzen zen Euskal Herrian. Ez dugu datu handirik ordea, horren inguruan. Aita Donostiak aipatzen duenez, Erdi Aroan Iruñean danborreroak izan, baziren, baina ez dakigu asko gehiago: “En los volúmenes de registros de Pamplona (Edad Media) se citan, junto a sonadores de gaita, como Diago, algunos «tamborer», «tamborino», como Bernat d’Oyon, Martín de Artajo de Lumbier, y un Samuel, que por su nombre parece israelita”37. Nola jotzen zuten danborra? Zein funtzio musikal eta sozial betetzen zuen atabal soinuak? Bakarrik aritzen al ziren ala beste soinu-tresnekin taldean? Aro Modernora arte itxoin beharko dugu oraingoz galdera horiei datuen bidez erantzuteko, hortik aurrera hasten baitira profila erakusten danbor-joleak eta horien lagunak.
Dultzainero edo gaitero eta danbor-joleak osatutako bikotea gure egunetaraino iritsi den musika taldea da, eta ziurrenik XVI. mendean ere hala osatuko zuten taldetxoa dultzaineroek. Lizarran bezala, beste herrietan ere ez dugu topatu honen aipamen asko, ez danborra aipatzen duenik behintzat, XIX. mendera arte edo ia XX.eraino. XVI. menderako bakarra: 1690ean, Vianan, bi ordainketa jasoak dira, baina ez dago erabat ziurtatzerik gaiteroak dultzaina jotzen zuen, ezta kaxa jotzailearekin batera ari zen ere. Hala dio: “A Andrés Idalgo y compañeros danzadores 28 reales de a ocho por haber danzado ante Santa María Magdalena en que comprende el gasto del gaytero y su salario. A Manuel Alvarez 24 reales por la asistencia en tocar la caja”38.
XVIII. mendeko aipamen urrietan berriz, bakarren batean ziurtatu daiteke danborra dultzaineroarekin ari dela: Zangozan, 1776an Nuestra Señora del Socorro y San Lamberto kofradiaren kontuetan esaten denez, ohitura zen gainera dultzainak eta danborrak ospakizunetan jotzea39. Handik bi urtera edo, Gasteizen dultzainero talde handia aurkezten digu Aita Donostiak (1952, 80-81. or.) danbor txikiarekin, baina datu hau ez da ziurra40. Lehenago, berriro ere Vianan (1706), nuntzio edo aldarrikaria ageri da danborra jotzen txirimiekin41 eta Arasen (1715) gaiteroa eta Vianako danborreroa kontratatu ei zituzten festetan, nahiz eta ez dagoen garbi elkarrekin ari ote ziren42. Berriro ere, Iruñeko sanferminetako zentsuak argitzen digu egoera: Jesus Ramosek mende honetarako emandako zerrendetan, danborra 130 bat aldiz azaltzen da dultzaineroekin, horietako batean, Francisco de Luzuriaga gaitero ezaguna, bi gaita eta bi danborrekin; eta ugaritasun horri gehitu beharra dago dantzarien musikan ere nagusi direla dultzainero eta danborreroak43. Honexek berresten du dultzaina danborraz jotzea oso arrunta zela, arruntena ez bada, nahiz eta danbor-jolearen irudia ezkutatuta egon kontu-liburu gehienetan.
Txistulari edo danbolinekin dabiltzan atabalariekin bestela gertatzen da. Batera edo bestera, XVI. mendetik aurrera, hobeto dokumentatua da talde honen presentzia. Herri bat edo besteko kontu-liburuetan, parrokia edo kofradienetan, azaltzen dira danborren aipamen eta ordainketak, gehienetan (ez beti) beste musikari batzuen ondoan, eta maizenik danbolinteroak dira musikari horiek.
Tafallan 1530ean jada badugu oinarrizko taldea, danbolina eta atabalaria: “Se paga a un tamborin y atabalero por tañer en las Procesiones de nuestra Señora y San Sebastian”44. Hernanin ugariago da bikoteari buruzko berri: 1533ko sanjoanetan jada agertzen dira45, eta 1565ean atabalariak izen eta abizenak ditu: Migel Arrakunia, antza lehenagotik ere atabala jotzen ibilia zena, Migel Elkarreta danbolinarekin agertuko da 1596, 1598 eta 1600ean ere. Hurrengo mendearen hasieran ere, Arrakunia bera da atabala danbolin jole ezberdinekin 1612 arte behintzat, eta 1649an lehenengoz kontratu luzea egiten zaio Joanes Bizkarrondo atabalariari46. Lizarran berriz, dultzaineroekin ari den danborreroa aurkitzea hainbeste kosta den hirian, danbolinekin dator behin eta berriz: talde ohikoena danbolin bat eta atabalak osatzen dute, baina jada 1544an bi danbolin eta atabala azaltzen dira elkarrekin jotzen, eta badirudi gainera tronpeta jolea ere bazutela haiekin batera47. 1546an danbolin-atabalak gutxienez hiru laguneko taldean datoz, eta 1548an hiru dira danbolinak.
Mikel Aranburuk (2008) aipatzen dizkigu beste bi atabalari, agi denez danbolinteroekin ibiliak: Juan Narbaiza 1599an Elgoibarren Juan Aranguren danbolinarekin, eta Agurainen Antonio Bengoetxea oiartzuarra, 1708an sei urtetarako kontratua Donibane Garaziko Domingo Etxeberria danbolinarekin. Azpeitian (Elias, 1998) 1629ko San Inazio jaietarako Donostiako bi danbolintero eta Nafarroako danborrari bat kontratatu ziren eta 1642an Martin Etxeberria azaltzen da danborra jotzeko lanetan Inazio Olarte danbolinarekin, 1757tik 1784ra Juan Ibarguren danbolinak Bixente eta Jose Manuel semeak ibiliko dituelarik atabal, eta hurrengo bi urteetan Manuel Aranak osatuko du bikotea Juan Frantzisko Galarraga danbolin jolearekin. Goizuetan ere danbolina atabalariarekin kontratatzen da abuztuko festetarako 1671an48. Oiartzunen berriz (Arozena 2000a), Joseph Ignacio Iriarte danborra dator 1764an Baltasar Iturbide danbolinteroarekin eta 1771tik aurrera urte osorako kontratua egiten zaie danbolin-atabalariei. Beasainen 1723an Migel Yeregik jotzen du Martin Astarain danbolinarekin (Zufiaurre, 2008).
Nolanahi ere, berriro, XVIII. mendeko Iruñeko sanferminetan argitzen da egoera49: zentsatutako danbor, atabal eta kaxa gehienak, oso ugari, txistulari edo danbolinteroekin agertzen dira: 95 alditan atabalariaren izena aipatzen da, baina 400dik gora dira danborra lagun dutela besterik esaten ez direnak. Danborreroen %79 inguru danbolinteroekin agertzen dira bada, %20 inguru dultzaineroekin eta %1 baino gutxiago, bestelako taldeetan.
XIX. mendera arte behintzat, badirudi danbolinteroekin eta dultzaineroekin jotzen dela gehiena danborra, hurrenez hurren, baina beste soinu-tresna askorekin ere bete izan dute erritmo laguntza edo oinarria; baita bakarrik edo atabal hutsean beste funtzio batzuk ere. Hala, XVI. mendeko Tafallan jasotako datuetan, danbolinekin agertu eta gutxira, kordofono edo harizko soinu-tresnekin agertzen zaigu: jada 1532an arrabita jolearekin dator50, eta badirudi ez zela lehendabiziko aldia. Mende berean, Aita Donostiak aipatzen digu Hernanin ere, 1566an, atabalaria arrabitarekin eta ttunttunarekin agertzen dela sanjoanetan51. Ez dirudi beraz, garai hartan hain ezezaguna zenik danborra, ttunttuna eta arrabitaren hirukotea. 1570ean, Tafallan berriz ere, Martin de Galdiano atabalak Juan de Galar salterioa du lagun. Hernanikoan ezin da ziurtatu danbolin hori harizko ttunttuna eta xirula direnik, baina bai Tafallakoan, Galar hori salterio jolea izateaz gain danbolin gisa agertzen baita beste batzuetan. XVIII. menderako xirula eta ttunttun joleak arrabitarekin bikotea osatzea aski ezaguna bazen Iparraldean eta Nafarroan (Baztanen bereziki)52, danborra haiekin aritu izanaren testigantza gehiegirik ez da. Litekeena da ordea, hori ere danbor-joleen aipuak oraindik itzalean egoteari zor izana. Hala, Lapurdin behintzat agertzen zaizkigu horiekin: 1734an Donibane Lohizunen Milafrangako danborraria aipatzen zaigu Uztaritzeko tanborina edo ttunttunarekin eta Migeltxo izeneko arrabitarekin jotzen; 1772an Uztaritzeko inauterietan bi dantzari talderen artean izandako liskarrean berriz, bi aldeetako batean ziren Migel eta Martin Begi anaiak, danborrari eta ttunttun53.
Beste soinu-tresnen artean, tronpetak ere agertzen zaizkigu atabalariekin. 1578an Tafallan adibidez Johan Perez de Subiza da tronpeta jotzen duena, semea atabalarekin lagun duela. Eta beste batzuetan danbor hutseko taldeak ere bai: Iruñeko sanferminetan 1770ean Joseph Huarte agertu zen 4 danborrerorekin Arellanotik, eta hiru urteren buruan Huarte bera 5 danborrerorekin Fiterotik54. XVI-XIX. mende bitartean, danborrak bakarka jotzen maiz agertzen zaizkigu, baina dantzaz bestelako funtzio jakinetan eta, horietan, bakarrik ari ez denean, gehien aipatzen den soinu-tresna seguru asko pifanoa da.
PIFANOAK, ALARDEAK ETA PROZESIOAK
Danborraria hutsik 1521ean azaltzen zaigu Xemeinen, ezagutzen dugun aipamen zaharrenetakoan: “Pedro de Ibarlucea atambor, 16 reales”55 ordaindutakoa. Amutxastegi eta Irigoienek bere testuinguruan jartzen digute hori, armen erakustaldi edo alardeak aipatuaz. Xemeingo herritarrak behartuta zeuden urtean behin alarde horietan parte hartzera nor bere armarekin, eta hala jasotzen da udal agiri eta kontu-liburuetan. Danborra protagonista zen erakustaldi horietan, eta hala, “1650’gn urtean, Aldeola’tar Martin diru-zain jarri zanean, artu zituan ondasunen zerrenda egitean, onexek izentatzen ditu: «el estandarte caxa de tamvor con la gineta con su escudo de plata»”. Armen alardeak ez ziren ordea, danbor hutsez egiten beti, eta 1645ean, danborraren ondoan azaltzen zaigu beste soinu-tresna, pifanoa: “Ytem, tiene de ordinario asalariado un tambor y pífano para las veces que saliere de la dicha villa a la defensa de este Señorio y sus puertos, con su capitán, alferez y demas oficiales con su bandera para el dicho efecto y para las demás ocasiones de la dicha villa”56.
Alarde hauek ez dira izan, ordea, Xemeingo kontua bakarrik, ezta gutxiago ere. Euskal Herriko hegoalde guztian XVI. mendetik XIX.era ohikoak izan dira, antolaketa foral eta militarrak hala agintzen baitzuen. Eta iparraldean ere arrunta zen miliziak antolatzea: hasiera batean izan zitekeen herritarrak gerrarako prestatzeko, baina festa nagusien inguruan egiten ziren halako paradak, baita bake garaian ere. 1722an Luis XV.aren koroatzea ospatzeko Donibane Lohizuneko udalak “six tambours et au fifre” (sei danbor eta pifanoa) eta tanborinak (ttunttun jotzaileak) kontratatu omen zituen. Areago, urteko festa egun nagusietarako ere dei zitekeen milizia antolatzera: 1775an Donibanen bertan, Garbikunde edo Kandelario egunerako eta Errege egunerako deitua zelarik, erregeen paradan danbor bat baizik ez zuten lagun. Pifanoak baino gehiago, danborrak halakoetan jotzea hain zen arrunta nonbait, mende amaierarako behintzat danbor-joleak hiriko enplegatuen artean zirela urteroko aurrekontuetan, hiriko protokolozko ospakizunetarako gutxieneko gidaritza edo laguntza danborrak ematen zuela57.
Asko dira festetarako danbor hutsa edo danborra eta pifanoa kontratatu izanaren testigantzak, propio beti aipatzen ez bada ere, armen alardeetarako eta horietatik isuritako desfileetarako. Hernanin58 1565ean jada agertzen dira pifanoak eta danborra; 1608an Arrakunia atabalaria ezagunaz gainera, Migel Amitesarobe danbolinari “6 ducados por siete días con su pífano y tamborín” ordaintzen zaizkio erreginak infanta erditu zuelako egindako ospakizunetan; 1652an danbolinteroaren jornalaz gainera 30 erreal ordaintzen zaizkie Donostiako danborra eta Usurbilgo pifanoari “por lo que se ocuparon en la fiesta del alarde”. 1762ko alardea sonatua izan omen zen herri hartan, desfilean 32 mutil eskopetekin aurretik, hiru danbor (Larrea, Etxeberria eta Iriarte) eta Pedro Ansak jotako pifanoaz eta beste 48 eskopetadun atzetik zituztela. 1775ean Francisco Etxeberria danborra da Pedro Ansa pifanoarekin doana. Elgoibarren59 1595ean Domingo Goiarreta danborra eta Pedro Gorosarri eta, 1598ko San Migel eguneko armen alardean, Juan Narbaiza eta Asensio Araoz dira danborra eta pifanoa hurrenez hurren. Oiartzunen 1748an zera idatzi zen: “Agustín de Macuso, tambor, dice que en la función de San Esteban, ocupó dos días en tañer, y otros tres cuando las revistas de los soldados juntamente con Pedro de Alza y Isidro y Baltasar de Iturbide”60. Iruñeko XVIII. mendeko sanferminetako zentsuan danbolintero edo dultzaineroekin ez doan danborrero bakarra aurkitu dugu: 1765ean Cristobal Etxeberria Arbizuko pifanoarekin, bi danbor.
Batetik, ikusten da danborra eta pifanoa gidari dituzten alarde hauek herriko jai egun nagusietan egiten zirela, eta litekeena da gaur egun pifanorik gabe ospatzen diren tankerako paradak haien ondorengo izatea: Irun eta Hondarribiako alardeak, Tolosako San Juan egunekoa, Antzuolakoa, Elorrioko Errebonbiloak, eta baita neurri batean Bestaberriko paradak ere, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Bestetik, azpimarratzekoa da pifano eta danbor horiekin batera, oso maiz agertzen direla danbolin joleak ere, askotan danbolina bera delarik danborra edo pifanoa jotzen duena. Gertakari hauek ez dira izan hiriburu eta hiri nagusietako kontua bakarrik, Arbizuko pifano jotzaileak erakusten duenez, baina argiago erakusten digu hori Patziku Perurenak XVII. mendeko Goizuetan. 1675eko ordainketan hala dio:
A Martin de Legarreta tamborin residente en esta villa diez y siete ducados y dos reales, los quince por lo que la villa le da por hacer son en las fiestas que entre año tiene señalados, y otros dos reales por el trabajo que tubo en tocar el pifano el dia del alarde.
(Perurena, 2016, 223. or.)
Martin Legarreta hori Goizuetako danbolintero esanguratsuena izan zen mende hartan, abuztuko amabirjinetan alardean pifanoa jotzen zuena: 1675-1678 eta 1690-1691 bitarteetan danborreroaz azaltzen da alarde horretan, Joanes Irigoien edo Felipe Erasun danborrero hernaniarrarekin. 1692-1696 bitartean Erasun danbor-jole horrek jarraitzen du alardean danborra jotzen: izan zezakeen pifano edo danbolinen bat lagun, baina ordainketetan danborra bakarrik agertzen da.
Danbor, pifano, danbolin eta alardeen gertakari honek XIX. menderaino iraun badu, orain gutxi arte ahantzi samarra egon da, eta horrek sortu du ziurrenik askotan pifanoa bera txistuarekin nahastea, bereziki Carmen Rodriguez Susok (1999) Bilboko kasua aztertu zuen arte. Bizkaiko hiriburuan Rodriguez Susok eta ondoren Iñaki Irigoienek (2006) eta Aintzane Egiluzek (2012) osatutako datuen arabera hobeto ulertzen da honen garrantzia herri-musikaren bilakaeran.
Bilboko udalak, 1560an, Pero Lopez hartu omen zuen pregoilari, “pero como tenía el oficio de «pífano atambor», se obligaba también a servir como tal a la corporación «en todas sus solemnidades»”61. Hau da, pregoilari lanetarako danborra jo zezan kontratatu zuten, eta bide batez, pifanoa jotzen zuenez, udal korporazioaren protokolo ekitaldietan hura jo zezan; danborra jotzen laguntzaileren bat beharko zuen horrelakoetan. Geroztik Bilboko Udalak beti izan du musikari bat edo gehiago jornalpean. Ondorio hauek ateratzen ditu beraz, Rodriguez Susok: batetik, pifanoak eta danborrak izan ziren udalaren soldatapeko langile estatusa lortu zuten aurreneko musikariak (pifanoak baino gehiago, danbor-joleak esango genuke guk, pregoilariarena baitzen arrazoi lehena). Bestetik, agintarien izaera foral eta militarra azpimarratzeko zerabiltzaten musikari hauek, solemnitatez prozesio eta desfileetan lekuko korporazioari prestigioa emateko.
XVII. mendera arte, danbolinteroak gehienbat musikari ibiltariak omen ziren, festa jakinetarako kontratatuak edo beraien kabuz jotzen bizimodua ateratzen saiatzen zirenak. Dantzarako musika danbolin hauen egitekoa ei zen eta, festa garaian olgeta ere behar, prozesioetan elkarren ondoan ikus zitezkeen danbolinak batetik eta pifano-danborrak bestetik. Bi funtzio ezberdin betetzen zituzten, baina laster danbolintero horiek beraiek hasi ziren agertzen pifano jotzaile gisa ere. Bilbon pifano-tamborilero deitzen zitzaien lagun hauek txandaka jotzen zituzten tresna bat ala bestea. Lehenagotik gertatzen ari zena, 1772an Jose Antonio Lizaso kontratatzean nabarmena gertatzen da bikoiztasuna:
En él se compromete a acompañar a la corporación en sus salidas públicas con pífano y tambor, y además a “salir por sus calles públicas con tamboril y silbo todos los domingos y fiestas del año a excepción de los de Santa Cuaresma, por las mañanas y tardes, como igualmente a asistir desde Pascua de Resurreción hasta fin de setiembre también de cada un año, con tamboril y silbo a los Arenales de esta misma Villa, y mantener[se] en ella tocando hasta las oraciones (menos en los días en que estuviere ocupado en las fiestas de las calles, iglesias y conventos, plaza pública de esta Villa, por la octava del Corpus, y corridas), sin llevarles a las gentes que se diviertieren en dichos Arenales bailando cosa alguna”
(Rodriguez Suso, 1999, 12-13. or.)

Bilboko danbolinteroa pifanoa jotzen, danborreroekin,1880 inguruan. (Arg.: Emiliano Arriaga / Iturria: Rodríguez Suso, 1999, 8. or.)
Pifanoak edo pifano-danbolinak garrantzia hartu ahala, danborreroa bigarren mailan geratzen da berriro, baina honen premiak hor dirau. Danbolintero balioaniztun hauek bilatu ohi zuten danborra jotzeko lagun edo morroia. Bilbon 1640an Bernabe de Olasarri danbolinteroari egokitu zitzaion pifano jotzaile eta gauzain plaza, baina 1642an hil eta Miguel de Chantrek hartutakoan, honek danbor-jolerik ez zuela eta, azken hau ere kontratatu beharrean aurkitu zuen bere burua udalak: Pedro Sin Esclavo62 zeritzanak hartu zuen plaza hori, eta ondoren Juan Irigoienek. 1693an berriz, Juan Mendiolak eskuratuko zuen atabalari plaza. Mendiola Pedro San Martin danbolinteroaren morroia omen zen, eta danborreroaz gainera, danbolinteroa ere bai; hartara, Bilboko udalak bazituen bi danbolintero, batzuetan pifanoa eta danborraz jarduteko, eta beste batzuetan bi danbolin edo danbolin eta danborraz. Aurrerantzean gorabeheratsua izango zen danborreroen kontratazioa, gehienetan danbolinteroaren morroi.
Danbor eta pifano-danbolinen bikoiztasun hauek ez ziren Bilbon bakarrik gertatzen. Bizkaian bertan esaterako, Balmasedan 1637an Mateo de Lama kontratatu zuten, Burgosko Menako danborra, armen alarderako, jornalpeko danbolinaz gainera63. Durangon ere XVII. mendean pifanoak eta danbolinak kontratatzea ohikoa zen, 1611-1651 bitartean Miguel de Burgoa pifanoa danbor bat edo bi lagun zituela agertzen delarik, baina hura hildakoan danbolinteroak kontratatzen hasi ziren erregulartasunez.
Aurrena pifanoarekin edo hutsik, danbolinekin ondoren, danborra da agintarien hotsandiz ospatutako protokoloetan beti presente egon dena. Eta ez agintari zibilenean bakarrik. Elizan ere agertzen zaizkigu danbor-joleak, prozesioetan batez ere, eta gehienetan udalaren babesean. Hernanin 1644an “Se mandaron librar y pagar a Vixixao, por tocar la caixa en la Iglesia en la fiesta del Corpus y San Juan, 3 ducados y otro ducado por el día San Miguel”64. Bilboko Santiago parrokian, ordainketen artean aurkitzen dira danbolina eta danborrak65 1590ean eta 1695ean Korpus eguneko ospakizunetan; 1598an “caxa y pifano” dira Santiago egunez kalean dabiltzanak, eta 1600ean “dos atambores y el pifano”. 1615ean, prozesioetan danborrak eta danbolinak ateratzeko ohitura eteteko eskatzen du apezpikuak, baina ez dirudi arrakasta handirik izango duenik, 1640an behintzat berriz agertzen baitira bezperetako ofertorioan bi danbor eta pifanoa, eta 1654an berriro aipatzen da ohitura dela haiek jotzea. Udalak eta elizak bat egiten zuten prozesio hauek XVIII. endean nola izan zitezkeen ere, Irigoienek jasotzen du, 1756an San Nikolas elizaren inauguraziorako Sakramentu Santua Santiagotik ekartzeko antolatutakoan:
Las Autoridades de la Villa “salieron de comunidad del referido salon para dicha procesión y la iglesia de San Nicolás de Bari y el señor síndico procurador general en medio con el estandarte y delante los dichos maceros, Ministros de Bara y Clarines y mas adelante con Pifano y Caxas varios Santos y los Jigantes de esta villa que suelen sacarse por las funciones y fiestas del Corpus, y por la dicha plaza Mayor disparando esmeriles o chupines en el dicho varrio de Allende el puente fuimos …” [Archivo Municipal de Bilbao. Signatura 480-1-26]
(Irigoien, 2006, 444. or.)
Halakoetan danborrak klarinekin edo tronpetekin66 ere azaltzen dira han-hemenka eta, esan denez, bakarrik ere bai.
ATABALARIAREN OFIZIOA ETA OSPEA
Musikarien ofizioa orokorrean gutxietsia izan bada, atabalariarena gehiago. Bigarren mailako eginkizuntzat eduki izan da oraintsu arte, eta aspaldikoa da gainera ospe txar hori, klaserik baxuenetan kokatu izan direlarik maiz. Aita Donostiak dakar, adibidez, XVIII. mendean Donostiako udalak jartzen zuen debekua:
Hay en El Guipuzcoano Instruido [San Sebastián, 1780, fol. 91] una nota que dice: “Cargos honoríficos. Ordenanza cuya confirmación acuerda pedir la Junta en el Consejo para que no sea jamás admitido en ninguna de las Repúblicas a la voz activa ni pasiva en sus elecciones, Tamborilero alguno, que actualmente lo sea, ni haya sido antes asalariado, ni tampoco Tambor, carnicero ni pregonero, no sólo de los que a tiempo de elecciones estén en exercicio de semejantes oficios, sino aún los que hubieren estado en cualquiera tiempo anterior” (del año 1760)”.
(Donostia, 1952, 65. or.)
Udal agintarien artean gaitzetsia zen beraz jende xume hau, edo beste batean aipatzen denez, handikien kontrakoa: “En Valmaseda solían gastarse sumas importantes en pagar al atabalero, por tener que traerlos de fuera, «porque los de la villa, teniéndole por oficio bajo y opuesto a la hidalguía vizcaína, no se prestaban a ello»”67. Atzerritarrak, ijituak,… klase baxukoak baino areago, baztertuak ziren horiek, askotan agertzen dira danborra jotzeko lanetan. Goizuetako arlote hura adibidez, 1626-1635 bitarteko ordainketetan agertzen den Remon Boton izeneko atabalaria, Pelegrin ezizenez batzuetan68. Pelegrin edo erromes hau alderrai behartsua izanen zen, 1626an lehenengoz agertu zenean: “doze reales a pelegrin de (…) por tocar el atabal por las fiestas de Pasqua y San Pedro”. Ez du datu gehiago Perurenak hari buruz, baina izen-abizenengatik pentsa daiteke Okzitania aldetik etorritako ibiltaria izanen zela. Deigarria da Pelegrin hori ordainketetan agertzen den bost urteetan atabala hutsik datorrela, azkenekoan soilik azaltzen delarik danbolin jolearekin69. Baliteke beste musikariaren berri ez jaso izana, edo bakarrik aritu izana ere bai: alardeetan ikusiak dira halakoak, eta pregoilari lanetan zer esanik ez.
Izan ere, pregoilariaren ofizioa danbor-jolearenarekin estu lotua dago Erdi Aroa edo lehenagotik. Antzinarotik ezagutu dira herriari dei eta iragarkiak ahoz zabaltzen zizkieten oihulariak eta, batera edo bestera, XX. mendera arte iraun du jarduera honek Europa osoan barrena. Gizartearen ehuneko handia alfabetatu gabea izaki, beharrezkoa izan da oihularien lana, besteak beste, agintarien erabakiak eta dekretuak herriari jakin arazteko, bandoa eta beste adierazpide batzuen bidez. Gizartea antolatu eta arautzeko, bizitzaren alderdi guztiak jorratzen ziren ahoz eta soinuz zabaldutako iragarpenen bidez (idatziz ere bai). XVIII. mendeko Iruñean, adibidez, udalak bando eta bestelakoetan oihukatu arazten zituen hamaika gairi buruzko agindu eta jakinarazpenak: hornidurak, morala, festak, ohiturak, ehiza, feriak, hezkuntza, ordutegiak, gaixotasunak, bideak, osasuna, garbiketa eta apainketak, behartasuna eta eskea, lehorteak, gerrak, ongintza, inauteriak, errejidoreen izendapenak, hildakoen otoitzerako deiak, errogatiba edo errogazioetarako deiak,…70.
Oihularien lanak lege eta araubideak publiko egitea zuen helburu besteak beste, eta hori administrazioak adi behatu eta zuzendu izan du, Erdi Arotik behintzat udal korporazio eta beste administrazioek izan dituztelarik nolabait kontratatuta lanbide horietarako ofizialak. Goi Erdi Aroko Frantzian jada, oihularien artean bai omen ziren kategoria ezberdinak71. Hauen sailkapena erabatekoa ez izanda ere, bi muturretan, oihulari publikoak eta pribatuak bereiz daitezke: lehenengoak, nuntzioak, udal korporazio edo zegokien administrazioaren ahotsa ziren, hauen agindu, ediktu eta bandoak ahots goraz publikatzen zituztenak. Soldatapeko ofizialak izan ohi ziren hauek, ordezkatzen zuten autoritatearen entseina edo ikurrak eraman zitzaketenak eta beraien jurisdikzioan iragarki publikoak egiteko baimen eta ahalmen ia esklusiboa zutenak. Beste muturrean pregoilariak zeuden, oihulari pribatuak edo, merkatarien iragarkiak eta enkanteak pregonatzen zituztenak adibidez (hauen artean ezagunak dira, besteak beste, ardoaren salmentan ibiltzen zirenak). Hauek ez zuten soldatarik izaten, egindako lanagatik ordaintzen zitzaiena besterik. Eta bi muturren artean, pregoilariak izaten ziren aldika administrazioek kontratatuak: enkante publikoen ardura ematen zitzaienak adibidez edo, bereziki, herri txikietan nuntzioen lanak betetzeko kontratatzen zirenak. Pregoilari hauen ofizioa, funtzio publikoa bete ala ez, gutxietsia izaten zen, maiz ofizio doilor eta baxutzat joa, eta ondorioz, gaizki ordainduak izaten ziren askotan (ordainik gabe aritzera behartutakoak ere baziren). Herrietako pregoilari hauek iristen ziren ofizial izendatuak izatera ere, baina esana denez, ohikoa zen baztertutako jendea horrelako lanetan aurkitzea eta, estatus egonkorragoa edo hobea lortuta ere, beste ogibide batzuekin bat egin beharrekoa zen72.
Nuntzio eta pregoilarien lanak bi ezaugarri izan ditu historian: publikotasuna eta formaltasuna. Askotan, solemnitatez jantzitako formaltasun hori lortzeko, soinu-tresna jakinak izan dituzte ondoan oihulariek. Iragarkiak oihukatu aurretik jotzen ziren bi egiteko nabarmen horiekin: batetik deia zabaldu eta entzulegoa biltzea, bestetik pregoiari balio juridikoa eman eta izaera publikoa azpimarratzea. Telliezi jarraiki, Goi Erdi Aroko Frantzian, tronpak, tronpetak eta adarrak omen ziren soinu-tresna horietan nagusi73, eta maila apalagoan kanpaiak, kanpaitxoak eta danborrak. Euskal Herrian ere ezagutu dira halakoak: Zangozan esate baterako, 1598an, Felipe III.aren koroatzearen ospakizunetan, nuntzioak tronpetekin ageri dira, danborrak eta danbolinak ondoan dituztela, baina nahastu gabe74. Tuteran ere, garai horretan eta XVIII. mendearen hasieran nuntzioek tronpetarekin zabaltzen omen zuten bandoa. Hori, nolanahi ere, zor zaio batzuen eta besteen lanaren estatusari, tronpetak eta klarinak bereziki hiri nagusietako nuntzioekin agertzen baitira, eta ospe handiko uneetan.
Danborrak, eta areago kanpaitxoak eta turuta edo kornetak, pregoilari eta bigarren mailako oihularien soinu-tresna zirela dirudi beraz75, eta herri txikietan edo pregoi arruntetan erabiliagoak. Euskal Herrian klarinak oraindik XIX eta XX. mendeanerabili izan badira ere, danborrak betetzen zuen ordurako bandoak eta pregoiak zabaltzeko lana ia erabat, baita Frantzian ere, XVIII. mendetik behintzat hedatua baitzen tambour de ville edo herriko danborraren ofizioa. Aipatua da Donibane Lohizunen bertan ordurako hiriko ofizialak zirela herriko danbor hauek76. Tuteran tronpeta erabiltzen bazen XVII. mende hasieran, Erriberrin kaxa erabiltzen omen zen une berezietan ere, eta Cascanten “lo usual era vocear los bandos, previo redoble de tambor o toque de cornetilla, lo que no quita que en alguna ocasión extraordinaria se hiciese con clarín, como en la visita del rey consorte, en 1863, junto a los alguaciles «vestidos de gala»” (Fernandez, 2019). Iruñean XVIII. mendera arte bandoen publikatzea nuntzioek egiten omen zuten: klarinekin ohiko lekuetan bandoak iragarri (udaletxeko balkoitik ez gutxitan) eta, iluntzean, txilinak astinduz hilen aldeko otoitzerako deia zabaltzen zuten. Baina 1783tik aurrera, bi edo hiru pregoilari kontratatzen hasi zen udala, nuntzioen ordez. Hiriburuko klarinek prestigioa zuten noski, eta Baztandik ere eskatu izan zuten Iruñeko klarin jotzaileen zerbitzua, baina han ere, pregoiak danborraz jotzea zen ohikoa.
Danborraz ibiltzen ziren pregoilari hauek antzeko beste funtzio batzuk ere bete izan dituzte, beti ere herriari iragarpen eta deiak hedatzearekin lotuak. Makean adibidez, 1749, 1752 eta 1774an auzapezak tanborina ordaindu zuen errepide nagusia konpontzeko auzolanetarako deia danborraz egin zezan77. Kostaldeko herrietan ere dokumentatua da, oihulari lanetan, arrantzaren enkanteetan parte hartzen zutela78, edo talaiari lanak ere egiten zituztela danbolin eta danbor-joleek, balea ikusitakoan ontzietarako deia zabaltzeko, bai Lapurdin eta baita Bizkaian ere79.
Hala bada, XVI. menderako leku askotan atabalaria udaleko ofizial gisa agertzen da. Pregoietarako, armen alardeetarako edo prozesioetarako, agintariek menean zituzten musikariok: horren seinale, soinu-tresnak berak udalaren jabetza izaten zirela. Telliezen hitzetan, “dans tous les cas, l’instrument semble avoir été normalement propriété de l’autorité publique et non du sonneur”80, eta Euskal Herrian ere, zenbatetan gertatzen zen jakiterik ez dugu, baina badira horren zantzuak. Goizuetako Pelegrin atabalari haren kasuan adibidez, 1628an “doze reales por tocar la caxa del atabal de la villa las fiestas mayores” ordaintzen zaionean azpimarratua da tresnaren jabea herria dela81, eta hurrengo mendeetan ere behin baino gehiagotan ikusiko dira horrelakoak danborrei dagokienean.
Ofizial izanagatik, atabalari eta pregoilarien estatusak baxua izaten jarraituko du, eta arrunta izango da hauek eta danbolinak beste ofizio batzuetan aurkitzea. Ofizio horien artean, ordea, pareko estatusa dutenak nabarmentzen dira. Harakinekin erlazionatzea maiz gertatua da azaldua denez, XVIII. mendean Elgoibarko Udalak danbor-jolearen ardura haragi eta argizari banatzailearen ardurapean uzten zuenean bezala82, edo Seguran 1723ko ordenantzetan pregoilari-danborreroari harategien kontrolak ere bere gain hartzeagatik 312 errealetako soldata ezartzen zitzaionean83.
Arrain-saltzaile, hornitzaile, gauzain edo sereno,… danbolinteroek izan dituzten ofizioak bete behar izan dituzte danbor-joleek ere, askotan danbolina bera izan delako danborrero, edo danborreroa bere kontura osatu behar izan duena, senideak, morroiak eta aprendizak tarteko. Hala gertatu zen Bilbon. 1590eko hamarkadan badirudi Miguel Viar izan zela aurreko Pero Lopez “pifano-atambor” haren ordezko lanak egin zituena, baina aldi berean danbolin jole gisa ere ari zen San Antongo festetan84; nolanahi ere, haren ondorengoa, Bernabe Olasarri bediarra 1640an jada “pifano y tamboril” bihurtu zen kontratuz, eta aldi berean gauzain. Honek danborra behar zuen, eta bere kontura jartzen hasi behar. Azpeitian ere 1647an Inazio Ulazia danbolina hartu zutenean, danborra eta pregoiak jotzea ere bere eginkizuntzat zituen85. Hurrengo mendean Oiartzunen, 1771an agertzen da urte osorako lehenengo kontratua, danbolina eta danborra, biak hartzen dituelarik: danbolinari 1.350 errealeko ordainsaria, eta danborrari 360 errealekoa86.
Bi ondorio behintzat atera daitezke honetatik. Lehena hipotesia da: danbor eta pifanoen inguruan hasitako prozesu honek, XVI-XVII. mendeetan danbolin joleen ofizialtasuna ekarri zuen, Rodriguez Susok txistulariaren instituzionalizazioa deitzen duena. Instituzionalizazio horretan atabalariek bat egiten dute danbolinteroekin, eta horrela hartzen du itxura Euskal Herriko musika talde bereizgarrienetako batek, txistularia eta atabalariak osatzen dutenak alegia (XVIII. mendetik aurrera hiru txistulari eta atabala ere bai). Ohartzekoa da esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen duten beste herrietan ez dagoela Euskal Herrian adina zabaldua atabalaria lagun izatea.
Bigarrena, txistulari-atabalari sinbiosi horretan ere, atabala bigarren mailako tresnatzat hartzen jarraituko dela XX. mendearen bukaera arte gutxienez. XVIII. mendean Oiartzungo musikari ofizialen ordainsarietan ikusten zen aldea (atabalariari danbolinaren laurdena edo) orokorra zen lehenago, eta orokorra izango da gero ere. Jose Ignazio Usabiagak dioen bezala: “Txistularien udaletako taldeetan, edota udalek jaietarako kontratatzen zituzten musikarien artean, atabalariak onarpen eta ospe apala zuen. Bigarren mailako eginkizuna eta jakituria zuen: gehien txistu lehenari ordaintzen zitzaion, ondoren bigarrenari, silbote-jotzaileari gero eta, azkenik atabalariari. Eskerrak atabalari askok «pregoilari» lanak eginda lansaria hobetzen zuela!!!”87 88.
XIX. MENDEA
XIX. mendeak krisi gogorra ekarri zion Euskal Herriko kulturari oro har, baita herri-musikari ere noski. Konbentzioarenarekin hasita, gerrek eta hauen ondorioek markatu zuten herritarren bizitza, hegoaldean bereziki. Mende amaieran gizartea eraldaketa prozesu nabarmenean sartua zen. Atabalarien ofizioa ere aldatzera zihoan hortaz: batetik, derrigorrezko eskolatzeak gizartea hein handi batean alfabetatzea ekarriko zuen, eta horrekin oihularien egitekoak desagertzeko bidean jarri, XX. mendean ezagutuko zirelarik azkeneko atabalari eta danbolinak pregoilari lanetan. Bestetik, foruak galtzearekin, Aldundien eta udalen konpetentzia militarrak ere galduko ziren, armen alardeak eta tankerakoak ahazteko bidean jarriz. Txistularien atabalari lanetan jarraituko zuten batez ere, danbor-jole ofizialek.
Hernanin Mateo Garin atabalaria izan zen udalaren pregoilari 1862tik 1900era, eta Joakin Uzkudun Urreta ondoren, 1903tik 1934ra89. Urduñan Pantaleon Aginaga Bihotza izan zen XIX. mende amaierako danbolintero sonatua, eta harekin atabalari ibiltzen zen Hilario Guinea Lopez 1904an izendatu zuen udalak pregoilari: lan hori ordaintzen zitzaion eskupekoetan, ez atabalariarena90, eta 1907an utzi egin zituen denak bizilekua aldatuta. Donostian Placido Castañeda Ansa Xagararbola izan zen pregoilari eta txistularien atabalari Lino Ugarte eta Eusebio Basurko danbolinen taldeekin, 1863-1903 bitartean. Eibarren, Maria Ospitxal sendiko Pedro Alberdi Romerok bete zituen lan horiek mende aldaketan, eta haren seme Pedro Alberdi Martinezek jarraituko zuen XX. mendean barrena. Bergaran berriz, XX. mendearen hasieran, Joxe Ugarte izan zen pregoilari ezaguna, Bonifazio Laskurain txistulariarekin atabalari zebilena91.
Gasteizen, 1873an danbolinteroen banda bera ere kendu zuten, atabalero, klarinero eta mazeroen enpleguekin batera, modernitatearen izenean. 1876an, ordea, berriro ezarri zituzten, atabal eta klarinekin hasita, eskea zela medio: aurretik txistularien atabalari izandako Pablo Vitalek berreskuratu zuen postua. 1884an Pedro Uralde Peritxikin udal korporazioaren atabal izendatu zuten, baina ez danbolinteroena. 1892an hasi omen zen Peritxikin Pablo Vitali ordezkapenak egiten eta 1913tik aurrera txistularien atabalari ofizial gisa, Primitivo Onraitarekin92.
XIX. mendeko Bilbon, berriz, Francisco Arsuaga Txango danbolintero ezagunarekin ibili ziren atabalariak dira aipatu beharrekoak. Rogaciano Arsuaga, Deustuko Miguel danbolinaren semea omen zen, eta hau Txango beraren lehengusua. Bilboko danbolinaren morroi gisa agertzen da jotzen, baina badirudi arsuagatarrak danbolintero ikasten gehiago arituak zirela osaba-lehengusuarekin danbor jotze lanetan baino. Iñaki Irigoienek argitzen duen eran, Pablo Thomas Gorriaran Begoña izan zen urte luzez Txangoren atabal laguna, Sorgin ospetsua93: 1834an Bilboko udalaren danborra zen Francisco Aldekoa hildakoan izendatu zuten lanpostu horretarako eta 46 urtez behintzat aritu zen atabalatzen, Bilbon ez ezik Begoñan eta beste zenbait lekutan ere, Txangorekin. 1883an Luis Ezenarrok hartuko zion txanda. Aldi hartan denean Txangok pifanoa jotzen jarraituko zuen ekitaldi ofizialetan, bi danbor ondoan zituela maiz94, eta gerora ere, Bilbo izan da pifano-danborren irudiari eutsi dion azkeneko udala, 1970eko hamarkadan Boni Fernandez izan zelarik azken pifano jotzailea.
Beste herri askotan atabalariek jarraitu zuten txistulariekin jotzen, baita dultzainero edo gaiteroekin ere. Azken hauen artean, ordea, gutxiren berri jaso da artean, XX. menderaino. Iruñean esate baterako, Cenon Iribarren gaitero entzutetsuarekin ez dakigu nork jo izan zuen danborra. Ondoren, Pio Las Navasek semeak ibili zituen: Deogracias bigarren ahotsean eta Serafin danborraz, azken honek 1873an gaita hartu zuen arte95. Lizarran ere badirudi Nemesio Bidaurrek haurretan danborra jo zuela Julian Romano koinatuarekin, gaitaz bigarren ahotsa jotzen hasi zen arte. Gipuzkoan ere jakina da Azkoitiko Montten Jose Sudupek dultzaina eta danborra, biak jotzen zituela (Jose Sudupe Ibarbia Montteren aitonak alegia)96. Zuberoan berriz, xirulariekin tabalatzen aritzen zirenen artean, aipatzekoa da Johañe Laxage Patalagoiti garai horretan. Altzain jaio eta Liginagara ezkondua, luzaz lagundu zituen Berho, Lexarduart eta Bordda txirulariak, baita azkenetan bere seme Allandek ere97.
Nolanahi ere, XIX. mendearen bigarren erdiak ekarri zituen aldaketekin danborrak eremu batzuk galdu bazituen, berriak zabaldu ere egin zitzaizkion, eta horien artean aipagarriena musika bandena izan daiteke. 1870eko hamarkadatik aurrera Euskal Herri osoan zabalduko ziren talde hauek, lehenagotik ere bazebiltzan herri ezberdinetan: Lizarran esaterako, 1843rako bada dantzaldietan eta funtzio erlijiosoetan jotzen zuen elkarte filarmonikoaren berri98. XIX. mendearen bukaerarako herri handi samar gehienetan ari ziren bi eginkizun horiek betetzen. Adibidetzat, Arabako Errioxan XX. mende hasieran, hamabost herritatik bederatzik zuten bandaren bat, txikiagoa edo handiagoa99: Guardian 1881etik, Eltziegon 1883tik, Bastidan 1880 ingurutik, Oionen 1890etik edo, Lantziegon 1897tik, Ekoran 1911tik, Lezan 1914tik, Navaridasen 1915etik, edo Moredan 1923tik. Horietan denetan eta berdintsu beste eskualde eta herrialdeetan, danborrak hasieratik izan du bere lekua, berriz ere bigarren mailako soinu-tresnatzat hartua izanda ere. Danbolinteroekin edo gaiteroekin ari ziren danbor-joleek bete zitzaketen lan horiek, edo alderantziz, Eugenio Alustiarte mutil koskorrari Urduñan XX. mende hasieran gertatu zitzaion bezala: bandan jotzen omen zuen danborra, 1910ean Nikolas Pol danbolinteroak beraiekin ere jo zezan udalari atabala erosteko eskatu zionean, gaztetxoak ez baitzuen bere tresnarik; 1912an txistulariekin ari zen eskupekotan ordainduta100.
Lizarrara itzuliz, 1893an Julian Romano gaiteroak musika bandaren zuzendaritza hartu zuenean, akademia ere bere kargu geratu zen. Irakasten zituen soinu-tresnen artean ez da danborrik ageri, baina bandan redoblanteak baziren, eta pentsatzekoa da, koinatua eta semeari bezala, danborra jotzen ere berak erakuts ziezaiekeela. Hori bera gertatzen da Euskal Herriko beste musika bandetan ere: ia sortu zirenetik, bandan behar zituzten soinu-tresnak jotzeko akademia edo eskolak ematea eskatu izan zaie, baina danbor eskolen berri gutxi jaso da idatziz. Eta honek beste kontu batera garamatza: atabalarien heziketara. XIX. mendean kontserbatorioak sortuta ere, perkusio tresnak ez ziren hezkuntza plangintzetan sartu ia 1970eko hamarkadara arte hegoaldean101. Gaur oraindik ere, danborra jotzen berariaz irakasten den eskola gutxi da Euskal Herrian. Nola ikasten zuten bada danbor-joleek beraien ofizioa?
ATABALARIAREN HEZIKETA ETA FAMILIARTEKOTASUNA
Tolosan 1799an sinatutako kontratu batean ikus daiteke atabala jotzen ikasteko erabili izan den sistema historikoa: aprendizgoarena. Kontratu horretan, Martin Jose Ontoria tolosarrak eta Juan Miguel Eskarmendi Hondarribiako danbolinak adosten zutenez, lehenaren semea, Jose Donato Ontoria, mutil hartuko zuen hondarribiarrak. Lehenik eta behin, atabalariaren ofizioa irakatsi beharko zion, gehienez ere bost urtean ikasia behar zuena, eta horrekin batera zapatariarena erakutsiko zion norbait bilatzeko ardura ere bazuen:
Que en el discurso de cinco años que cumplirán en dieciocho de marzo de mil ochocientos cuatro, mediante el expresado Juan Miguel, sabe también el oficio de tambor, le haya de enseñar perfectamente sin ocultarle cosa alguna de suerte a fin de los cinco años esté corriente y capaz en dicho oficio de tambor; y para que aprenda ha de poder corregirlo y castigarlo prudente y moderadamente, sin herirlo ni elisiarlo, pena de los daños, y si lo hiriere o maltratare ha de ser motivo suficiente para sacarlo de su poder.
(Garmendia Larrañaga, 2007, 19. or.)
Badirudi aprendizgoa izan dela danborrariaren ofizioa ikasteko bidea, XVI. mendetik (datuak ditugunetik) usu agertzen baita danbolinteroa edo dultzaineroa kontratatua, ondoan morroia edo mutila duela; ikasten ari dena alegia. Ohitura horrek XX. mendera arte iraun du nonbait. Gaiteroen artean esaten da ez zela ohikoa etxekoak ez zirenei ofizioa irakastea, baina ezagutzen da halako kasurik ere: Vianako Julian Matute gaitero ospetsua, adibidez. Honek danborra jotzen irakatsi omen zion bere seme Eustasiori, baina baita herriko beste batzuei ere: Beteran, Juan Jubera Barba, Hilario Abalos, Teofilo Chasco, Pedro Labeaga eta besteren bat izan omen zituen ikasle102. Jada XX. mendearen azken laurdenean, Jose Ignazio Usabiagak esaten duen bezala:
[…] gure belaunaldiak dira, seguru asko, ahoz ahoko ikaskuntzan azken kate-begiak… danborra jotzen ikasteko bidea herri edo bailarako danbor-jotzaileari erakusteko eskatzea zen. Borondatez erakusten zuen irakasleak, ez zuen metodo idatzirik, eta bakoitzak berari erakutsi zioten bezala edo berak ikasi zuen bezala irakasten zuen.
(Usabiaga, 2001, 5. or.)
Atabalatzen ikasteko beste erakunde historiko bat armada izan da. Hegoaldeko lurraldeetan, XIX. mendera arteko antolaketa militarra aldundi eta herrien miliziatan oinarritzen bazen ere, erregeen agindupeko garnizioak baziren leku jakinetan (Bilbo, Donostia, Hondarribia, Iruñea,…), eta haietako danborrari eta klarinek herri ospakizunetan parte hartzea eskatzen zen aldian behin. Ez dago ziurtatzerik ordea, herriko danbor-joleen heziketan zenbateraino parte har zezaketen. XIX. mendetik aurrera, kintak indarrean jarrita, ezagutu dira danborra jotzen soldaduskan hasitakoak, baina hori ere ez dago dokumentatua oraindik.
Bestela gertatzen da Iparraldean. XIX. mendera artekoan, han ere, errejimentuetako danborreroek herri ospakizunetan parte hartu izana baina asko gehiago ez dakigu, baina azken mende eta erdian Zuberoari buruz Bedaxagarrek jasotakoak nabarmendu egiten du armadak atabalarien heziketan izan duen garrantzia103. Deigarria da, bai, Zuberoako atabalari gehienek armadan ikasi zutela atabalatzen. XIX. mende amaieran, Patalagoiti, Müskagorri edo Pierre Etxetto armadan ikasiak omen ziren, eta Kopen txirulariaren atabalari izango zen Junes Kleina bera, errejimentuko danborren buru izatera iritsi zen, caporal tambour edo danbor nagusi izendatua 1901ean. Bata bestearen ondorengo gerlek eragin zituzten mobilizazioek izango zuten zerikusia horretan ere, eta hala uste da ikasi zuela Allande Ibarrenbordak, 1917an Gerla Handira eraman zutenean. Berdin gero etorriko ziren gazteagoek ere, hala nola Beñat Hegoburuk edo Pierra Garatek berak ere.
Baina, historia osoan, danborra jotzen ikasteko erakunde nagusia beste bat izan da, ez armada eta ez aprendizgoa, familia baizik. XVI-XVIII. mendeetan sarri irakurtzen da danbolinteroen kontratuetan morroia edo mutila ondoan duela, baina sarriago semearen aipamena. Hernanikoa esaterako, 1536ko aipamen hau:
Los que de yuso firmamos nuestros nombres, mandamos a vos Juan de Lubelza, bolsero de esta Villa, que de la bolsa del concejo deis e pageis a Juan Sánchez, tamborín e a Martín Sánchez su hijo, un ducado, el cual a de aber por el servicio de su oficio, el cual dicho ducado le mandaron librar conforme al uso de costumbre de esta Villa e por la presente vos serán recividos a cuenta.
(Apezetxea, 1992, 41. or.)
Seme nahiz morroi, askotan ez da zehazten zein soinu-tresna jotzen duen, danborra ote den suposatzen bada ere, baina beste askotan bai, Iruñeko 1650eko honetan adibidez: “Pague a Pedro Ramírez muchacho hijo de Pedro Ramírez gaitero vezino de Tafalla la suma de ocho reales que sele an librado por la ciudad por haver regocijado con un tambor la fiesta del santísimo sacramento” (Madurga, 2004).
Musikari taldea familiartean antolatzea ohikoa izan da, ia araua zenbaitetan. Bi arrazoi indartsu behintzat badira horretarako. Bata, ekonomikoa, irabaziak etxean banatzea baitakar familiartean aritzeak. Bestea, identitarioa, jakite eta ondareen barne transmisioak taldearen izateari ematen dion kohesioa eta kidetasun sentipenagatik; baita baliabide ekonomikoak transmititzea berekin dakarrelako ere.
Familiaren batasun ekonomikoak dakarren onuraren adibide bat da Gipuzkoa eta Bizkaiko dultzaineroen artean gertatutakoa, XIX-XX. mendeetan behinik behin. Julian Azurmendi eta bere familiaren kasua ezaguna da104:
Julian Azurmendi Abadiñoko dultzaineroa emaztea, alaba eta semea lagun zituela etortzen omen zen. Berak dultzaina jo, semeak danborra, eta «martxa»ren bat jotzen zuten bitartean, alaba jendea erakartzen ahalegintzen omen zen korroa osatzeko aitaren inguruan, eta ama izango zen saioaren amaieran dantzari bikoteei kobratuko ziena. Ez zeukan ez gaizki antolatua negozioa dultzainero bizkaitar honek, dena etxerako.
(Beltran, 2004, 39. or.)
Musikarien taldekideen ahaidegoa aita-seme artekoa izan ohi zen usuenik, baina anai artekoa, lehengusu edo ilobekikoa nahiz koinatu artekoa ere ez ziren ezohikoak. XX. mendeko Bizkaiko dultzaineroen artean adibidez, Mañariako Juan Bilbaok gazte garaian Txomin Ortouste lehengusua ibili zuen atabalari askotan, baita Txomin Bilbao anaia ere, eta azken urteetan Karmelo Bilbao semeak laguntzen zuen. Dimako Patxi Bilbaorekin berriz Esteban Soloeta koinatua aritzen zen atabalean, eta Sabin Bilbao semea azkenekoetan.

Altzürüküko maskaradak Mendikotan. 1972/03/19. (Arg.: Javier Garayalde. Iturria: Gure Gipuzkoa)
Aitak semeari irakasten zion danborra jotzen. Batzuetan aita bera danbor-jolea izan zelako, Donibane Garaziko Luzia aita-semeak kasu: Jan Lutz (1847-1913) atabalari trebea omen zen, Fauxtin Bentaberriren lagun etengabe ibilia, eta Pier Lutz (1880-1942) semea ez zitzaion atzera geratu, honek ere Fauxtinekin jo izan zuelarik, baita Manez Urruti eta abarrekin ere105. Beste batzuetan, aita izan zitekeen dultzainero edo txistularia, gaztetan atabala jotzen aritutakoa, semea arradak jotzen jarriko zuena lehenik, eta gerora honek ere danbolina edo dultzaina hartu. XIX. mende bukaera eta XX.eko Baztango txistularien artean adibidez, Juan Migel Dorremotz aita Mañuelekin danborrari ibili omen zen Kubara joan aitzinetik; Maurizio Elizalde bera, hamaika urterako hasi omen zen aita Antonio atabalaz laguntzen txistua hartu aurretik, eta Julian semeak ere atabala jo du geroztik Xabier eta Patxi Larralderekin; Felix Iriartek, Mauriziorekin atabala jotzen hainbeste urtez arituak, Juan Migel semea ere atabalaria izan du, hau ere Xabier Larralderekin jotzen aritua.
Baina heziketa eta transmisio hori familiartean nola gertatu izan den, XX. mendeko Lizarrako gaitero eta danborrero familietan dugu adibiderik argiena106, ia mende osoko testigantza, irakaskuntza bera musikaren eta familiaren beharren arabera xehe antolatu izan baitute. Jada gaiteroa bazen familia haietan, ikasle berriak danborra jotzen hasten ziren oso gazterik, haurrak zirela; artean ez omen zuten beste musika ikasketarik, eta imitazioz edo formula mnemoteknikoak erabiliz jotzen zuten. Gaitero guztiek, gaita eskutan hartzerako, danborra jotzen ikasia omen zuten, soinu-tresnak jotzen ez ezik, ahotsak ikasteko ere, ordena ezarria zutelarik: lehenik danborra jotzen ikasi, gero gaitarekin bigarren ahotsak, eta azkenik, lehenengo ahotsa. Julian Romano Ugartek (1831-1899), etxean bizi eta berak hazi zuen koinatu gaztetxoari, Nemesio Bidaurreri, aurrena danborra jotzen irakatsi zion, eta gaita jotzen hasi zenean, Julianen bigarren ahotsa izango zen hil artean. Bitarte horretan, Demetrio Romano Bidaurre semea, haurra zela, danborrarekin hasia zen, eta hiruek osatu zuten familiako hirukotea. Gerora, Demetrio lehenengo gaita zela, bi seme izango zituen ondoan: Godofredo Romano Senosian zaharrena bigarren ahotsean, eta Julian Romano Senosian danborrean. Aita hildakoan, Godofredo lehenengo ahotsa izango zen eta Julian bigarrena, Juan anaia gazteena danbor zutela.
Evaristo Perez de Lazarragak Demetrio Romanorekin jo izan zuen, eta beste zenbaitekin, semeek ikasi zuten arte: aita-semeak estreinakoz jotzera irten zirenean, 12 urteko Josek bigarren ahotsa jotzen zuen, eta Eugenio Perez de Lazarragak, 6 urterekin, danborra. Bi anaia hauek Donostiara aldatutakoan, biak dultzaina joz, Joseren seme Eugenio izan zuten danborrero, eta honek utzi zuenean, Eugenio zaharraren seme Pablok hartu zuen danborra. 1970 inguruan Josek erretiroa hartu zuen eta Eugenio lehenengo ahotsera pasa, Pablok danborra utzi eta bigarrena hartzeko: danborrero, Eugenioren seme gazteena noski, Eugenio hau ere. Denbora gutxirako izan zen ordea, 1979an aldi berean hil baitziren Jose eta Eugenio anaiak. Pablok, handik urte batzuetara, seme-alabak jarri zituen ostera jotzen, danborrarekin hasita.
Elizagatarren historia ere antzekoa da. Hori bai, Anselmo Elizaga (lehenengoa) Julian Romanoren etxekoa zela kontuan izanda, hauen leinukotzat har daiteke. Honen semeak, Moises, Edilberto, Daniel eta Fermin, denak pasako ziren danborra jotzetik haurretan hasita. Baita bigarren belaunaldi horren buru izango zen Moisesen semeak ere, Moises bigarrena eta Miguel Angel ere. Azkenik, Montero familia ere ezin aipatu gabe utzi, taldea hiru belaunaldiz senideen artean osatu zuena.

Eugenio, Jose eta Pablo Perez de Lazarraga. Otsagabia, 1959/09/08. (Iturria: Perez de Lazarraga familia)
Lizarrako leinuen antolaketa ez da kasualitatea izan. XVIII. mendean Iruñera jotzera joandako musikariengan107 ikusten zen jada familiartekotasuna dultzaineroen artean nabarmenagoa zela, bai Burlatako luzuriagatarren artean, eta baita Untzitibar-Agoizko Mendioroz sendian ere (Francisco Mendiorozek Juan Martin semea zuen danbor 1775-1780 bitartean, eta 1785etik aurrera, Juan Martinek dultzaina hartu eta bere semea ekarriko zuen danbor).
Danborra jotzen familian eta era horretan ikasteak beste eragin bat ere bazuen nolanahi ere: danborra, beti bigarren mailako, ikasketa prozesuaren hasieran jartzeak eragin izan du askotan etxeko gazteenen kontua izatea. Hain ere gazteak, adin txikiko danbor-joleak ugari aurkitzen direla historian barrena nonahi. XVIII. mendeko Iruñean bertan, maiz ikusten da gaztetan atabala jotzera etorritakoa, urte batzuen buruan danbolina jotzen ari dela108, ikasketa prozesuan gradua igota edo. XX. mendean, Leitzako Tolatxeneko Azpiroz anaiekin ere ikusten da hau109: Klaudio, zaharrena, 12 urte zituela 1930ean Iruñera atabala jotzera joana omen zen San Fermin txikitan; Fermin bigarrena berriz, 11 urterekin atera omen zen lehenbiziko atabala jotzera, eta Kandido gazteena 14 urte zituela. Hirurak ezagutu zituzten leitzarrek karrapean Angel Alduntzin edo Joxe albientearekin (txistulariekin) atabala jotzen.
XX. mendean bertan, ugari dira atabalariak txistulari eta dultzainero leinuetan, gehienetan seme edo anai gazteenak. Batzuetan bi belaunaldiz, inoiz hiru eta lauz. Batzuk aipatzearren, Gipuzkoako dultzaineroen artean mordoska bat adibidez110. Irunen Joxe eta Joxe Mari Arbelaitz aita eta anaiarekin ibiliak; Konstantino eta Eugenio Agirretxe, gero dultzainero izango zirenak, osaba eta aitarekin gaztetxotan ibiliak, eta gero Eugenioren semea danborrero ibiliko zutenak; Elgoibarren Frantzisko Galdos Patxi Aizkorri, anaiaren danborrero; Lasarten Ramon Garagarzak jotzen zuen danborra aitarekin; Azkoitian, Jesus Soraluze Korta, Lorentxo Garate Maltzeta-Etxetxo, Diego Kuende edo Xanti Sudupe Montte, anaiekin aritu ziren, eta Juan Mari Juaristi Atano luzea eta Manuel Sudupe Montte gaztea aita-osabekin; Errezilen Jose Manuel zuten danborrero Agirretxe anaiek, hiruetan gazteena; eta Urrestillan ere Inaxio eta Bixente Goenaga Arbek aitarekin eta Xaxurrarekin jo zuten.

Jose Mari eta Alejandro Agirretxe eta azken honen semea Konstantino danborrarekin. Azkoitiako Andremaixetan, 1950/08/15. (Iturria: Beltran, 2017)
Txistulari sendien artean, Leitzan, lehen aipatutako Tolatxenekoez gainera, Batixte Sukuntza aitarekin atabalari ibili zen 1905ean misiolariak sermoian infernura kondenatuta zeudela esan zienean atabal-txistuak puskatu eta sutara bota omen zituen arte (baita akordeoia ere), eta gerora Joxe Sukuntza Martxenekoa, horren iloba eta Joxemartin danbolinaren biloba izango zen atabal ziztulariekin; Miel Elduaienek aita Ebarixtorekin jo zuen Argentinara joan zen arte, eta Joan eta Patxi Barriolak Pastain aitarekin. Nafarroan ere, Larraun haraneko herrietan, XX. mende hasieran Zubietako Xalbador Mutuberria ibili zen, eta haren semea danborrarekin (Pontxotarrak). Halaber, Uitziko Geratxoeneako Joakin Sokuntza txistulariarekin haren iloba Jesus Mari Sokuntza Sagastibeltza ibili zen atabala jotzen111. Gasteizen aipagarriak dira Antonio eta Angel Emilio-Yus aita-semeak (Manolo ere bai), biak Foru Aldundiko eta udaleko txistularien atabalari izanak, eta Jesus eta Jose Ignazio Moraza aita-semeak ere berdin. Bizkaian, Portugaleteko Vicente Elkoro anaien atabalaria izan zen 1859-1871 bitartean112, baina leinu ezagunenak seguruenik Urduñako landaluzetarrak eta Markinako ansolatarrak izan dira hurrengo mendean: Epafrodito Landaluze txistulariaren semeak ziren Domingo eta Santiago atabalean, eta Ugaon aritutako Jaime, Joakin danborgilearena. Ansolatarrek Itziarren zuten jatorria, 1800ean jaiotako Ignacio Maria Ansolarekin abiatutako danbolin eta atabalari leinu zabalak, baina Elgoibarren errotu ziren, haren semea Roke, Silvestre biloba eta Laureano nahiz Florentzio birbilobak txistulari nahiz atabalari izango zirelarik; Laureano honen ondorengoek jarraitu zuten Markinan, eta Florentziorenek (Nemesio eta Miguel) Elgoibarren, atabala jotzen113. Gipuzkoan sartuta: Eibarren, gorago aipatu ditugun Pedro Alberdi aita-semeen leinuak beste bi belaunaldiz behintzat jarraitu zuen Alberto eta Oskarrekin; Bergaran Bonifazio Laskurainen seme Joxe Felix ere atabalaria zen; Azpeitian Nikolas Areso, Bixente Ibarguren Berritxu eta Jose Gurrutxaga Txokolok txistulari izan zituzten nork bere aita, eta oraintsu arte lan horietan aritua den Xabin Zulaikak berea berriz, atabalari zuen Zestoan; Tolosako Miguel Martinez de Lezea txistulari sonatuaren semeek, Juan eta Jesusek, biek jo zuten atabala, Zumarragako Meliton eta Jose Sampedro aita-semeek bezala; Donostiako udalaren atabalari izan ziren berriz, Errenteriako Martin eta Ebaristo Goñi aita-semeak. Oiartzunen Hermenegildo Iñarra Eusebio anaiarekin atabala jotzen ibili zen gerra aurretik, baina leinurik ezagunena arozenatarrena da noski: Lizartzatik etorritako Santos Arozena bera atabala jotzen maiz aritua zen, eta berak erakutsi zien nonbait semeei ere, bereziki zaharrena, Juanito, txistulari lanetan ariko bazen ere, eta Felix bigarrena atabalaritan; haien ondorengoek, Urko eta Anaitzek jarraitzen dute jotzen gaur egun ere. Beasainen, azkenik, aranburutarren leinua ere ezin utzi aipatu gabe114. Santiago Aranburu hasi zen atabala jotzen Modesto eta Jose Luis anaiekin 1899-1910 bitartean, eta ondoren Modestoren seme Juanek hartu zuen; aita hildakoan, 1924an, Juan txistularietara pasa eta bi semerekin jarraitu zuen, Ramon atabal. Ramon Aranburu hau, Txanbo, Beasaingo txistulari eta bandaren zuzendari ezaguna izango zen; Gregorio anaiak ere atabala jo zuen harekin.
XX. MENDEA
Aurreko mendean hasitako aldaketek abiada hartu zuten honetan eta, nola ez, danbor-joleen zereginei ere zuzenean eragin. Musika bandak indartzen ari ziren ahala, beste soinu tresna bat ere etorri zen, bereziki, dantzarako musika iraultzera: akordeoia. Gaur soinu txikia eta pandero joleak osatutako bikotearen irudia dugu zabalduena, trikitilariei buruz ari garela behintzat, baina danborrak ere berehala hartu zuen tokia eskusoinuen ondoan, handi nahiz txiki. Iparraldean, adibidez, “1903ko argazki batzutan, kostaldeko herri batean, kaxkarot multxo bat agertzen da xirulak, atabalak eta akordeoi diatoniko edo soinu ttipiak lagundurik” eta gerla handiaren ondoren “gainerateko Baxenabarren (Amikuzez landa), Garaziko soinua zen nagusi”115. Garaziko soinua, harmonia edo musika bandak eta Ramuntxo orkestrak osatu zuten, atabala edo kaxa tarteko, eta jada 1903an agertzen zaigun talde hori (akordeoia, atabala eta beste soinu-tresnaren bat) berehala etorriko ziren jazbanen eta tankerako taldeen aurrekaritzat har daiteke. Bateriatan txertatutako danborrek markatuko zuten Euskal Herriko dantzarako musikaren joan-etorria, akordeoiei lagunduaz, 1970eko hamarkadara arte aise116.

Ramuntxo orkestra. 1959/02/01. (Arg.: Iñaki Irigoien. Iturria: Euskal dantzarien biltzarra, 1995)
Gainerakoan, atabal-danborrek xirulari, txistulari eta dultzaineroekin jotzen jarraituko dute, gorabehera batzuekin: gertutasunak laguntzen du danbor-jole hauen izenak ezagutzen eta, ordura arte ez bezala, atabalari asko eta sonatuen berri dugunez, itxura eman dezake ugaritu egin direla. Errealitatea bestea da ordea, XIX. mendean abiatutako krisian sakontzea ekarriko baitute gizarte aldaketek. Gerrateek irudikatzen dute krisi hori (Iparraldean 1914ko Gerla Handiak eta hegoaldean 1936ko gerra zibilak bereziki) gizarte haustura eragiteraino, baina beste aldagai batzuk dira musika eta dantza ohiturak sakon aldatzea dakartenak: gramofono eta irratien hedapenarekin hasten da mende hau, eta sakeleko telefonoen globalizazioarekin amaitzen. Dultzaineroak isiltzen doaz: Bizkaian gerra ostean ia desagertzeraino, Gipuzkoan ere oso urrituta, eta Nafarroan mende hasierako loraldiaren ondoren, 1940ko hamarkadatik 1970ekora eskuetako hatzekin konta daitezke jotzen ari diren taldeak. Danbolinteroek, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen babesean, ugarixeago eusten diote jotzeari, baina lan baldintzak oso besterenduta: mendea amaitzerako txistulariak kontratatuta dauzkaten udalak ez dira dozena erdia baino asko gehiago (Gasteiz, Bilbo, Barakaldo, Donostia, Tolosa eta, gorabehera handiekin, Errenteria eta Irun). Zuberoan mendea xirula suspertzeko lehiaketa antolatuz abiatzen da, baina populazioaren gainbehera nahikoa izango da ehun urteren buruan kinka larrian uzteko. Eta dultzainero, txistulari eta xirularirik ez bada, atabalaririk ere ez haiekin. Pregoilariak eta, desagertuak dira. Nolanahi ere, ez da dena gainbehera ere: 1970-1980 hamarkadetan bereziki, dantza taldeen folklore jarduera asko ugarituko da, adibidez. Txistulariak beharko dituzte dantza talde hauek batez ere, baina atabalari berrientzat ere kabia izango dira, aspaldiko lagun txistulariekin.
Ez dago XX. mendeak eman dituen atabalari eta danborrero guztien izenak hona ekartzerik, baina batzuk behintzat gogoan hartu beharrekoak dira, lehen aipatu ditugunez gainera. Mende hasieran, Nafarroan dultzainero edo gaiteroekin jo izan duten danborreroen izenek ordainketetan asko agertu gabe jarraitzen dute, sanferminetako kontratuetan adibidez, baina lehen ez bezala, bat edo beste bai, azaltzen da, Jose Moreno eta lumbrerastarrekin jo zuen Manuel Lizoain iruinsemea adibidez, eta bereziki 1924ko gaiteroen lehiaketan parte hartu zutenak: Teofilo Chasco Gil, Vianako Julian Matuterekin jotakoa; Felipe Indurain, Iruñeko Jesus Mondejarrekin ibilia; Alfredo Lumbreras, Jesus eta Cesareo anaien danborreroa (iruindarrak hauek ere); Etxarri-Aranatzeko Daniel Karasatorre, Rafael aita eta Fermin anaiarekin aurkeztu zena; eta lehen ere aipatu dugun Eugenio Perez de Lazarraga. Miguel Angel Elizaga Arrastia ere izendatua da lehen, baina aipamen berezia merezi du, bizitza osoa eta luzea eskaini baitio gaiteroekin danborra jotzeari eta zapatari lanei117, Lizarran nahiz Iruñean, hainbat belaunalditako gaiteroei laguntzeko beti prest ibili den maisuak.
1970eko hamarkadatik aurrera, gaita biziberritzearekin, danborrero andana hasiko da berriro ere Nafarroan: Jose Manuel Otxoa, Andres Luquin, Aitor Gil, Gorka Sarasa edo Mikel Larrion Lizarran; Elena Fraile, Javier Cortés, Ricardo Oficialdegui, Josetxo Rodriguez edo Iñaki Goñi Iruñean; Felipe Martin, Sergio Perez, Jose Miguel Fuentes edo Ana Castellano Tuteran,…

Lizarrako Gaiteroen kontzertua Oiartzunen, 2012/11/18. Danbor jolea Gorka Sarasa. Gaita joleak J. C. Duñabetia eta Salvador Martinez. (Arg.: Soinuenea)
Araban berriz, Guardiako danborreroak ekarri behar dira gogora: Jose Ignacio Bezares eta Jose Luis Gallego Caracol, Guardiakoekin ez ezik, Eltziegokoekin nahiz gasteiztarrekin hainbestetan ibilitakoa, eta Eltziegokoekin Victor de Marcos edo Ion Elosegi ere bai.
![Jose Luis Gallego Caracol Guardiako danborreroa. (Iturria: Arabako Dantzak (1987). IZ 268-D [diska])](https://entziklopedia.soinuenea.eus/files/galeria/images/73-danborra/artikulua/30-Jose-Luis-Gallego-Caracol.png)
Jose Luis Gallego Caracol Guardiako danborreroa. (Iturria: Arabako Dantzak (1987). IZ 268-D [diska])
Gipuzkoarrak aipatu dira mordoska bat, baina gerra aurreko danborrero bat aipatzearren, Arrasateko Kristobal Bedia oroituko dugu: oso gaztea zen Benigno eta Seber Altube dultzaineroekin jotzen hasi zenean, baina ona jotzen horregatik. 1970eko hamarkadatik aurrera Juan Ramon Zipitria Zipi (Tolosa), Rikardo Gorriti (Elgoibar), Eduardo Abarrategi (Arrasate),… Bizkaian, ez dira lehen aipatu Gordexolako Domingo Arza dultzaineroarekin ibilitako Luis eta Iñaki semeak, Silvano Vadillo eta Luis Saiz Matxakito.

Tolosako Dultzaineroak Donostiako Aste Nagusian, Erraldoien konpartsarekin, 2007/08/17. Danborreroa Juan Ramon Zipitria Zipi. (Arg.: J. Abascal)
Zuberoan, bereziki xirulariekin atabalatzen ibilitakoen artean, Pierra Ager Pierra Garat (Arhane 1911-1997) aipatu behar da lehena, beste asko ere izan badira ere Garat-Arhanek josi baititu maisuki bere arradaz ia lau belaunaldi: atabalariaz gainera dantzari trebea (zamalzain aritua maskaradetan) Lexarduart eta Xotalekin jo zuen gaztetan, azken honekin Pariseko Exposition Universelle delakoan izan zen 1937an eta 1953an Miarritze eta Iruñeko sanferminetara ere iritsi zen. 1960ko hamarkadan berriz, Pierra Bordazaharre Etxahun Irurirekin maskarada anitzetan hartu zuen parte, eta gerora Jean Mixel Bedaxagarrekin ere jarraitu zuen atabalatzen hamar bat urtez, hau da, XX. mendeak eman dituen xirulari handienekin aritua zen. Beste atabalari zuberotar batzuk: Jean Xuriberri Sin-Jan Müskagorri, Pierre Etxetto, Jean Barreix Junes Kleina, Allande Ager-Garat Ibarrenborda, Allande Laxage Etxahun-Liginaga, Bernard Hegoburu Beñat Ttanbur, Joseph Hegoburu Juje Hegobürü, Beñüet Lohidoi Sapiula edota Jean Restoiburu Jantto Bexka.

Jean Xuriberri, Gaztelondoko tabalaria (1873-1953). (Iturria: Bedaxagar, 2018, kontrazala)
Nafarroa Beherean, Garaziko Pier Luziaz gainera, Martin Berzaitz, Mixel Rekatume Mañex behorlegitarra edo Irisarriko Pialle Larraburu ditugu besteren artean, eta Lapurdin Makeako Dominik Darraidu Maior.

Kaxkarotak, Bas-Cambo, 1913an, danborrero eta xirulariarekin. (Iturria: Itçaina, 2022, 230. or.)
Azkenik, txistulariekin atabalari ibilitakoekin neketsua zaigu izenak ematen hastea ere, handia baita saila. Bakar batzuk nabarmentzeagatik, Felix Iriarte Iribarren (Arizkun 1919-2004) izendatuko dugu aurreneko. Felix txikitatik hasia zen atabala jotzen, baita plazan ere, baina ofizialki 1945ean hasi omen zen Xabier Larralderekin Amaiurren. Gero, 1950etik aitzina, Maurizio Elizalderen atabalari banaezina izango zen hogeita hamabost urtez: Baztango plazak (Elizondo eta Arizkungoa bereziki) dantzan jarri zituzten ia bizitza oso batez, eta mutil dantzen ezagutzera ematen ere lan handia egin handik kanpora, diskoak grabatuz eta hainbat jaialdi musikatuz. Elizondoko plaza batek bien izena darama gaur.
Baztanen izan dira beste atabalari asko ere: Fidel Antonio Olondriz, Inazio Santxotena, Justo Jaurena, Ixidro Jaurena, Pedro Etxeberria, Jose Frantzisko Pako Amorena, Manuel Jaurena, Florentino Olaetxea, Tomas Jaurena, Joakin Santxotena, Eugenio Larunbe, Martin Jose Zaldua, Antonio Ustariz Exponda, Patxiko Jaurena, Joxe Jabier Jaurena, eta beste batzuk, gaur Arizkungo danbolina den Patxi Larralde ahaztu gabe.

Eskuinetik hasita, Felix Iriarte atabalaria, Patxi Larralde, Maurizio Elizalde eta Xabier Larralde Arizkungo txistulariekin. Arizkun, 1987. (Iturria: Baztango Folklorea, 1. IZ 361-362. Diskoaren liburuxkan, 25. or.)
Eta Baztanez gainera, Nafarroan are gehiago: Mikel Telletxea (Bera), Narciso Rota eta Iñaki Kanpion (Burlata), Luis Gardeta, Miguel Tollar, Fermin Salaberri, Jose Zumalabe eta Fermintxo Salaberri (Iruñea), Migel Larrañeta (Zangoza) eta batek daki zenbat. Araban Eulogio P. de Onraita eta Jose Alvaro Estornel Agurainen, Benito Giné eta Jose Ignacio Ezeolaza Araian, eta Gasteizen, lehen aipatutako Emilio-Yus eta Moraza familiez gainera, Felix Divar eta Xabier Iñaki Alarzia, atabal joleetako batzuk.

Gasteizko txistulariak. Onraita, Revuelta, F. Askaso eta atabalaria Emilio Yus. Legutio, 1926. (Arg.: Askaso familiaren bilduma)
Bizkaiko atabalarien zerrenda Jerman Aldekoa eta Agustin Santibañezekin hasiko dugu. Jerman, Alejandro txistulariaren anaia, Berrizko atabalaria izan zen eta, hura bezala, bailarako dantza soinuak jotzen eredu. Agustin berriz, Zallako atabalaria, Enkarterrietan atabala sustatu duena, bailarako gazte gehienak harekin aritu baitira ikasten eta jotzen. Bilbon atabalari andana izan da, noski, bakar batzuk aipatuagatik: Pedro Atxurra, Angel Antxia, Jesus Txutxi Villar, Javier Alonso edo udalaren txistulari bandan XXI. menderako zubia egin duen Asier Garcia areatzarra. Portugaleten Gregorio Urionak hasi zuen XX. mendea, Lorenzo Aldazabal, Victorio Fano, Ramon Aranbarri eta Benjamin Hernandezekin gerra aurrekoetan; Ignacio Lopez de Bergarak hartu zuen berriro atabala 1946an eta ondoren etorri ziren Jose Ramon Egia, Enrique Cuesta, Demetrio Chimeno, Ignacio Lafuente eta Eduardo Arnaiz. Bermeon Jose Maria Uriagereka, Salustiano Alonso, Luis Palacios edo Juan Cruz Bengoetxea; Getxon Natxo Gil; Sestaon Venancio de la Arena edo Domingo Arrieta; eta beste asko.

Gregorio Urionaberrenechea atabalaria, Joaquín López de Vergara txistulariarekin erromeria batean jotzen, 1920ko hamarkadan. (Arg.: López de Vergara familiaren bilduma)
Gipuzkoako atabalariak ez dira gutxiago. Hona hemen batzuk: Oñatin Cesareo eta Tomas Uribarri, Faustino Inza, Eugenio Kortabarria, Patxi Olabarria eta Joseba Urzelai. Arrasaten Felipe Bitoria. Bergaran Joxe Ugarte, Miguel Basterra eta Matias Azkarate (laskuraindarrez gain). Antzuolan Pedro Igarza, Luis Azkarate, Severiano Agirreurreta, Jose Luis Lizarralde, Patxi Olabarria eta Jokin Zubillaga. Eibarren Jerman Eraña, alberditarrez gain. Elgoibarren Silvino Gabilondo, Joxe Jauregi, Luis eta Rikardo Gorriti, Iñaki Mujika, Felipe Castrillejo, Gorka Mujika, Iñaki Gabilondo eta Gorka Errezil. Deban Antonio Allica eta Pepe Aldatx. Zumaian Kepa Uranga eta Uhin Loiola. Zestoan Luis Maria Bandres eta Juan Jose Zulaika, Xabinen aita (azpeitiarren artean aipatua). Azkoitian Miguel Arenas. Legazpin Pedro Iriarte eta Javier Muñoz. Urretxun Juan Manuel Kerejeta Atxunberri eta Unai Izagirre. Zumarragan Meliton eta Jose Sampedro nahiz Hilario Aranburu. Beasainen, aranburutarrez gainera, Gillermo Gamaio, Norberto Bustindui, Ciriaco Diago, Pedro Jose Ibañez eta Ricardo Lasa. Joxe Otegi Itsasondon. Tolosan Esteban Iribas eta, lexeatarren ondoren, Jesus Mari Garmendia. Jorge Aizpurua Andoainen. Hernanin gerra aurretik Agustin Sagastume, Luis Atxukarro, Gabriel Olaizola eta Jose Joakin Uzkudun, eta gerra ondoren honen seme Federiko eta Joseba Ugalde Xomorro eta Joseba San Sebastian Donosti. Pasaian Alberto Urkijo, Jose Inazio Goienetxea eta Moises Jimenez. Errenterian Luis eta Joxe Gabarain, Imanol Gaztelumendi, Xalba Bengoetxea, Ramon Izagirre, Xebas Galdos, Joxe Inazio Usabiaga eta beste mordoska bat. Irunen Salvador Maritorena, Ignacio Monserrat eta Joxe Ramon Alberdi. Donostian Luis Castañeda, Goñi aita-semeak, Romulo Bulman, Jose Martinez, Jose Unanue, Santiago Setien, Ramon Andueza, Ramon Martinez, Laxaro Altuna, Francisco Javier Lera eta beste asko.

Errenteriako Joxe Gabarain atabalaria Oiartzungo txistulariekin. 1975. Oiartzungo Xanisteban eguna. (Iturria: Txistulari aldizkaria 182, 2000/2, 28. or.)
Eta horietan azkenerako utzi dugu Agustin Laskurain Etxeberria (Villabona, 1958), txistularien atabalarien artean maisua. Laskuraindarrena danbolintero eta atabalarien leinu zabalenetakoa da, eta Villabonan Agustin laugarren edo bosgarren belaunaldikoa, Martin Laskurain txistulariaren semea. Zortzi urte zituela hasi zen atabala ikasten, Juanito Martinez de Lezearekin, eta berehala Villabonan bertan jotzen ere, aita, Roberto Garate eta Juanitorekin: iganderoko zortzikoa, prozesioak, udaletxeko segizioak,… 15 urte zituela, Donostiako txistulari bandan hasiko zen atabalari, Laxaro Altunak utzi zuenean, eta geroztik, 2021ean erretiroa hartu zuen arte, 48 urtez izan da Donostiako atabala. Jose Ignazio Ansorenaren hitzetan, “gaur apenas geratzen da atabalaririk. Bera da, Laskurain, atabalari eskola baten ordezkari onena eta geratzen den gutxienetakoa. Perkusionista ala atabalari izatea oso desberdina da”, eta Laskurainek berak onartzen duenez, kontserbatorioetan perkusionistek lantzen dituzten teknikak desberdinak dira aurreko atabalariek erabili izan dituztenengandik118, eta oraindik beste atabalari on batzuk izanda ere, oso gutxi dira aurrekoen jotzeko erak darabiltzatenak.
XXI. mendean, atabala jotzen berariaz ikasteko eskolak oso urriak dira Euskal Herrian, eta beste erakundeek (aprendizgoa, armada,…) galdua dute funtzio hori: familia eta autodidaktismoa ez badira, eskola da atabalatzen ikasteko ia aukera bakarra eta, hor, gehienetan, perkusioaren aterki zabalaren pean. Gaiteroen eskolak dira, beharbada, salbuespen txikia horretan: Lizarran, Iruñean, Barañainen, Deban, Tuteran, Erriberrin,… danbor eskola gutxi batzuk badira. Salbuespen hori kenduta, eta danborradek azken mendean izan duten arrakasta ikusirik, esan daiteke gaur egun inoiz baino danbor gehiago dagoela Euskal Herrian, baina inoiz baino atabalari gutxiago.

Agustin Laskurain atabalaria, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeko kideek Soinuenean eman zuten kontzertuan. H.M. Neguko kontzertua. Oiartzun, 2014/12/27. (Arg.: Soinuenea)
DANBORRADAK
Danborraden jatorria XIX. mendeko Donostian da. Javier Sadari jarraituz119, urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, XVII. mendetik behintzat ospatu izan da hirian. Baita inauteriak ere, XIX. menderako behintzat oso sustraituak zeudenak donostiarren artean: sansebastianetan hasten ziren neguko festa horiek120. Bestalde, ez da ahaztu behar Gipuzkoako hiriburua gotorlekua ere bazela garai haietan (errejimentua, gazteluan ez ezik, hirian bertan ere presente zegoen eguneroko bizitzan, gehiago gerraz jositako mende hartan) eta, besteak beste, harresietako ateak ixteko protokoloa ilunabarrero ospatzen zela kaxa eta pifano hotsera, 1863 arte121. Horregatik esaten da parada militar eta sasi-militar haiek imitatuz sortua izan daitekeela danborraden ohitura, txantxa eta isekaren artean, inaute giro horretan noski. Kañoietan eta San Bizenteko iturrien parean ere, egunero biltzen omen ziren ura hartzeko ilaretan neska gazte edo urketariak, beren burute eta suil edo barrilekin, baita okindegietako mutilak ere. Esan izan da haiek eta inauteriko parrandan zebiltzan gazteak izan ote ziren, asko antolatu gabe, danborreroen imintzioak egiten hasi zirenak. Hori ez dago batere garbi hala ere, eta XIX. mende bukaeran asmatutako kondairatxoa izan daiteke122.
Donostian inauteriak gogoz ospatzen zirela, hori ziurra da, eta danborradek inguru horretan hartu zutela itxura ere bai. 1830eko inauterietan, esaterako, atsoen eta kiskillen konpartsa bana ibili zen kaleetan barrena, nahiz eta ez dagoen jakiterik zein musika zerabilten. Litekeena da hamarkada hartarako barrilak eta danborrak jotzen hasi izana, konpartsan ala antolatu gabeko festa giroan. 1860ko hamarkadarako, San Sebastian egunean diana jotzera halako talde bat ateratzen zen, garaiko herri kantuak makilka astintzen zituztela (Urra papito, Pastelero, idiarena, zortzikoren bat,…); goizeko zazpietarako danbolinteroen deiera biltzen omen zen, sokamuturra has zedin. 1868an Santesteban maisuak sortutako La Euterpe musika bandak jada Xexenarena eta beste doinuren bat barrilez lagunduta jotzen omen zuen.
XIX. mendeko danborrada haiek inaute konpartsak ziren, pixkanaka egituratu eta beste itxura bat hartuz joango baziren ere. Hala, 1870eko hamarkada hasieran La Fraternal elkarteak antolatu edo deitzen zituen konpartsetan, jada danborrada deituak, mozorro jantziak askotarikoak ziren. 1879an La Fraternal horrek Union Artesana elkartearekin bat egin eta danborrada antolatu omen zuten, eta 1881ean udalak artileria parkean gordeta zeuzkan danborrak oparitu zizkien, dianan 50 bat danbor irten zirelarik, Danbor Nagusia buru zutela. Urte hartan bertan, ilunabarrean beste danborrada bat inprobisatu omen zen, erretreta gisara. Eta 1882an, lehen aldiz uniformez atera omen ziren danborrero gehientsuak, soldadu mozorrotan123.
Danborradak inaute konpartsa gisa berezko egitura hartzeko prozesu honetan, nolanahi ere, garaiko donostiar musikagile ezagunenak izan zuen zerikusi zuzena: Raimundo Sarriegi Etxeberriak alegia (Donostia 1838 – 1913). Santesteban maisubaren ondotik, Sarriegi izan zen Donostiari musika jarri ziona XIX. mendearen bigarren erdian, eta bereziki donostiarren festari. Orduko kronikek esaten duten eran, 1860-1889 bitartean ez zen hirian estudiantinarik ez konpartsarik antolatzen Sarriegiri doinuren bat asmatzeko eskatzen ez zionik. Orduko udalaren musika eskolan solfeoa irakastearekin, abesbatzak eta txarangak antolatu zituen (La cítara esaterako), eta inaute konpartsentzako musika konposatzearekin danborraden errepertorioa ere itxura hartzen hasi zen. 1861ekoa da San Sebastian Martxa bera, danborrentzako partituraz idatzia. Inude eta artzainen konpartsarako musikak (1869), Hungariako kalderero edo galdaragileenak (1884), beste askoren artean, arrakasta izugarria izan zuten, XXI. mendean oraindik ateratzen direlarik halako konpartsak Donostian eta beste herri askotan ere. Danborradan jotzeko idatzi zituen Diana eta Iriyarena (1882), Danborren polka (1885), Erretreta edo danborren lehenenengo pasodoblea (1882) eta bigarren erretreta edo pasodoblea, Tatiago izenez ezagutuko zena berehala (1884)124.

Danborrada Donostiako bulebarrean, 1931 inguruan. (Iturria: Sada, 1977, 163. or.)
Musika bandarekin danbor eta barrilen konpainiak osatuta eta Sarriegiren musika oinarri, danborrada indartsu sartu zen XX. mendeko Donostian. 1892ko goizeko dianan ehundik gora danbor eta barril aritu omen ziren, eta 1896an lehenengo aldiz Antiguo auzoan ere danborrada antolatu zuten. Inaute kutsu hori gorde zuen noski, eta soldaduenez gainera, dominoa, ipotxena, txinatarrena, arlekinena eta beste era askotako konpartsak ikusi izan ziren. Sonatuena agian 1900an handikiro ospatu zena izango zen: txipiroiak (gastadoreak), lanpernak (danborrak eta barrilak), lapak eta muskuiluak (musika banda) izan ziren urte hartako konpainia. 1907an jada bost ziren Donostian ateratako danborradak, eta 1910ean egun osoz aritu omen ziren donostiarrak danborra jotzen. Eta 1927an, lehenengoz, Euskal Bilerak haurren danborrada antolatu zuen. 1936an gerrak eta ondorengo erregimenak etena ekarri bazuten ere, danborrada jada donostiarren izaeran txertatua zegoen festa zen, eta pixkanaka, berriz hasi ziren antolatzen: hasieran, 1940an, bi bakarrik (Gaztelubide eta Union Artesana elkarteenak), baina laster auzoetan beste bana, bina… 1960rako baziren dozena bat, eta 1943an berriro abiatu zen Euskal Bileraren haur danborradan, 1963rako 1.250 danbor eta barril gaztetxo konta zitezkeen. 1976tik aurrera, lehertu egingo zen festa, eta 2000. urtean baziren 82 danborrada San Sebastian egunez, gehi haur danborradan ateratako beste 50 konpainia (haurrak bakarrik, 5.000 lagun inguru)125.

Donostiako Danborrada 1970eko hamarkadan. (Arg.: Ignacio Agirre. Iturria: Sada, 1977, azala)
Danborraden arrakasta ez da Donostiara mugatu nolanahi ere eta, XX. mendea hastearekin, beste herri batzuetan ere hasi ziren danbor-joleen konpainiak osatzen. Batzuetan, herrian bertako prozesio eta alardeak hornituz gertatu zen hori, Irunen adibidez 1919rako hasi zelarik danborreroen konpainia alardean ateratzen, txilibitu joleen ondoan, eta Hondarribian 1920an. Beste askotan, ordea Donostiako danborrada izan zen eredua. Batzuetan zuzenean San Sebastian eguna ospatu nahi zuten donostiarrek eta haien inguruko jendeak antolatuko zituzten, 1920an Buenos Airesen lehenengoz egindako hartan bezala. Beste batzuetan herri haietan bertan txertatuko zen, eta bilatuko zituzten jai egun egokiagoak, errepertoriorako doinu berriak, janzkerak,… Gehienetan Sarriegiren doinuek hor diraute, eta danbor eta barril konpainiek osatzen dituzte konpartsak.
Arabako kasua nabarmena da. Badirudi Araiakoa dela Donostiatik kanpoko danborrada zaharrena. 1915ean antolatu zuten araiarrek, bertan bizi zen Felix Alkorta donostiarrak bultzatuta; mende bat geroago ehun bat araiar irtetzen dira ekainean, sanpedroetan, danborra jotzera. Agurainen berriz, 1972an irten omen zen lehenengoa, Ordizia eta Azkoitiko danborraden laguntzaz. Arrakasta handia izan zuen nonbait, hiru urteren buruan, 1975ean, Gasteizen osatu zutenerako hiriburuko lehenengoa, aguraindarrena eredu hartuta. Gasteizko hau San Prudentzio egunez antolatzen da, apirilaren 28an, Arabako zaindariaren egunean: bezperan abiatzen da festa aspaldiko ohiturarekin, 1925etik Probintzia jauregitik jotzen den erretretarekin alegia, eta ondoren, gaueko 12:00etan, danborrada bilakatua da festa gau horretako ekitaldi nagusi. 2000. urtean 400dik gora lagun ziren Gasteizko danborradan, haur danborradaz gainera126. Honek eragin du, gainera, San Prudentzio eguneko danborrada Arabako beste toki askotan ere ospatzea: Laudion, Amurrion, Oionen nahiz Dulantzin, baita Bastidan, Legution edo Lantziegon ere, haurren danborradak.

Ametza elkarteko San Prudentzioko danborrada. Gasteiz, 1975. (Arg.: Ametza. Iturria: Armentia, 2025/01/30)
Bizkaian ere ugari dira danborradak. Lehenengoa beharbada 1928an Portugaleten antolatu zutena izango zen, Zornotzakoa 1940ko hamarkadakoa baita, Donostiakoaren tankeran antolatua. Geroztik, hainbat herritan entzun daiteke danborradarik: Barakaldon, Basaurin, Usansolon, Areatzan, Otxandion, Elorrion, Bermeon, Markinan, Aulestin, Lekeition edo Ondarroan; baita beste batzuetako auzo zenbaitetan ere (Aramotz Durangon, Bakixa Iurretan, Traña-Matiena Abadiñon, San Kristobal Busturian,…). Nafarroan berriz, aspalditik antolatzen dira danborradak Lakuntzan, Beran, Lesakan, Tafallan edo Elizondon, eta Lapurdin ere aipagarria da XX. mendearen bukaeratik nola ugaritu diren: herriz herri ibiltzen diren Hendaia eta Ziburukoez gainera, badira danborradak Donibane Lohizunen, Biarritzen, Baionan, Uztaritzen eta Hazparnen. Eta Nafarroa Beherean Donazaharrekoa ere ez da ahantzi behar.

Danborrada Bermeon, 2023ko irailaren 15ean. (Iturria: Astui, 2023/09/15)
Baina danborradek XX. mendean izan duten arrakasta Gipuzkoan da nabarmenena noski, Donostiaren eragin horrengatik nonbait. Horietan zaharrena Ordiziakoa da: 1917 edo 1918an bertan bizi zen donostiarren batek bultzatu omen zuen hura abiatzea eta, 1922an jada 400 lagun atera omen ziren danbor-barrilak jotzen. Zestoan (1930), Azkoitian (1948), Bergaran (1957), Zarautzen (1958), Oñatin (1960) edo Hernanin (1965) ere historia egin dute danborrada hauek eta gaur, probintziako herri koskor gehienek ateratzen dute baten bat, Tolosako inauterietan bertan, larunbateko haurren danborradak bere tartea bilatzeraino.
Deba eta Azpeitiako danborradak dira nolanahi ere, gipuzkoarren artean aipatu beharreko beste bi nagusiak. Deban 1920an antolatu omen zen aurrenekoz ongintzako danborrada, baina 1934koa jotzen da haren abiaburutzat. 1935ean jada haur danborrada bazuten debarrek. 1946tik Ozio Bide elkarteak antolatzen duen danborradan ez dira falta Sarriegiren Tatiago edo Idiarena, baina danborrada hau berezi eta ezagun egin duena, Pablo Sorozabalek 1956an egokitu zien Hirugarren kalez-kale doinua da, danbor, barril eta pandereten partitura jarrita, Debako Martxa bihurtu zena (1964ko Ozio Bideko polkarekin osatu zuten Debako errepertorio berezkoa).
Azpeitian berriz, Donostian bezala San Sebastian eguna aspalditik ospatzen da, zaindari baitute. Badirudi 1920 inguruan Korpus eguneko prozesioan jada Sarriegiren San Sebastian martxa jotzen zuela Azpeitiako bandak, baina danborradak berak 1953koa behar du izan lehenbizikoa, bi apaiz donostiarrek antolatu omen zutena: 1957an haur danborrada atera zen lehenengoz, eta 1959an hiru taldek osatu zuten helduena izan omen zen gero jarraitu zuena, gero eta indar handiagoz, 2020an 27 taldetan 1.600 danbor eta barril bildu arte, haur danborradako beste 600ez gainera.

2017ko Azpeitiko helduen danborrada. (Arg.: Uztarria. Iturria: Wikimedia Commons)
XXI. mendean ongi sartuak gauden honetan, urte osoan barrena eta Euskal Herriaren mutur batetik bestera, milaka eta milaka dira danborradetan astintzen diren danborrak eta barrilak, eta gehiagora doazela dirudi. Danborrada hauetan Sarriegiren musikaz gain bestelako musikak ere jotzen dira, izan ere, danborraden errepertorioa asko handitu da, baita Donostian ere.
OHARRAK
14 Hiztegi gehienak ados dira atabal hitzaren erroa tabl arabiarrean dagoela, eta tanbor hitzarenean tabir persa ere askok aipatzen du; baita bi horiek erro berekoak izan daitezkeela ere. Hemen adibide batzuk:
“Tambour. Nom masculin. XIe siècle. Emprunté du persan tabir, de même sens, ou de l’arabe tubul, pluriel de tabl, « tambour »” (Dictionnaire de l’Académie française)
“Tambor. Quizá del ár. hisp. *tabbūl, hipocorístico del tabál.” (Diccionario de la Lengua Española, DLE)
“Atabal. Del ár. hisp. attabál, y este del ár. clás. tabl.” (DLE)
“Tablā. Asymmetrical pair of small, tuned, hand-played drums of North and Central India, Pakistan and Bangladesh. … The word tablā is a Persian and Urdu diminutive of the Arabic generic drum-name tabl,” (The Grove Dictionary of Music and Musicians)
Badirudi tabl erro hori hizkuntza indoeuropar askotan agertzen dela kolpekatutako menbranofonoez mintzatzeko. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar horrelako soinu-tresnak mundu osoan ezagutzen direla aspaldidanik, eta izenak eta izanak ez dutela zertan jatorri bakarra eta bera izan.
15 Larramendi, 1745, I, 108. or.
16 Arratz izenaren inguruan, ikus danbolina sarrera, entziklopedia honetan bertan.
17 Askoren artean. (2011). Musika Hiztegia. Eusko Jaurlaritza. 18. or.
18 Txistularien atabala eta dultzaineroen danborra bereiztea ez da hain berria ere. Iñaki Irigoienek adierazten digu 1896ko Lexicon Bilbaino delako argitalpenean jada ohituratzat agertzen dela: “Dultzainariekaz batera laguntzaile bat be egoten zan, tarrapataria tradizinoz, nahiz eta panderoa eta kantua be askotan lagun izan dauazan. Emilio de Arriagak, bere ‘Lexicón bilbaíno’an, Bilbon gure musikariak ez zirala hain ezezagunak dinosku, tarrapatariak edo beste adiskideak be herritarren hizpide izanaz. Hauxe zan dultzainariaren lagunaren izena: tanborreroa. Bilbotarrek holan deitzen eutsen “al que bate el parche acompañando a los dulzaineros, pues al que acompaña al tamboril suele designarse aquí con la voz castellana de atabalero”. (Irigoien, 1994, 38. or.)
19 Beltran, 1996, 112. or.
20 Orain kaxa bereizitzat dugun horri caisse claire deitzen zaio frantsesez, danbor guztiak baitira kaxa. Ikus Dictionnaire de l’Académie française-k caisse hitzarentzat dakarren hirugarren adiera: “Caisse. nom féminin. 3. musique. Cylindre d’un instrument à percussion. La caisse d’un tambour. Par métonymie: Instrument à percussion, tendu de membranes en peau de mouton. Battre la caisse. Cette caisse est crevée. Caisse claire, caisse métallique dont la face inférieure est sous-tendue de deux cordes de boyau pour aviver la résonance. Grosse caisse, gros tambour que l’on frappe avec une mailloche et, par métonymie, le musicien qui joue de cet instrument. Être grosse caisse dans une fanfare.”
21 Larramendi, 1745, 184. or.
22 Canariok hala diosku Incansables txarangako kaxari buruz: “Felipe Sagarna Zapa bere danborraz (hala deitzen baitzion kaxari) eta ni, hernaniarrak biak ere, hirurogeita laurako jada elkarrekin arituak ginen Txatarra txarangan, Pipar eta Paotxa ere han izaten genituelarik.” (Incansables, 2020, 18. or.)
23 Ontza edo hazbetea (pulgada gazteleraz, pouce frantsesez) antzinako luzera neurria da, leku eta garaiaren arabera aldeak izan dituena. Gaur egun sistema ingeleseko hazbetea (inch) jo ohi da estandartzat (25,4 mm. ontzak, 305 mm. 12 ontza). 50 bat urte lehenago bakarrik, Isidro Ansorena eta Aita Donostiak eman zituzten neurrietan baziren alde txikiak kaxan: 160 mm. altuera eta 320 mm. diametroa aipatzen zuten. Badirudi beraz, atabalak txikiagotzeko joerak aurrera egin duela geroztik ere. Aita Donostiak berak azpimarratu zuen, nolanahi ere, “las medidas del atabal no son fijas” (1952, 61. or.).
24 Patziku Perurenak datu argigarria dakarkigu honen inguruan, Goizuetan 1631an egindako ordainketan garbi azaltzen baita aratxe larrua erabilia danbor larruentzat: “yten aver pagado a Martin Ramus de Luxanbio por echar dos pellexos de becerro a un atanbor de la villa dos ducados.” (2016, 221. or.). Beharbada danbor haiek gaurkoak baino handiagoak izateari zor ere izan zitekeen txahal larruak erabiltzea.
25 Beltran, 1997, 118. or.
26 Ikus Lakuntza, 1968.
27 Gregorio Arrieta da tambor bat daraman dultzainero bakarra, Torres del Río edo Sansoletik Iruñera 1763-1793 bitartean ia urtero agertzen dena. Bera batzuetan dultzainero, gaitero edo gitarra jole gisa ageri da, musikari talde ezberdinekin. Danborra aipatzen den bakarrean 6 gaitako taldearekin dator (ez dago jakiterik dultzaineroak diren ere, bi urte lehenago Arrietaren gaita trompetilla deituarekin agertzen baita jotzen, eta 1778 dultzaina eta gaita, biak). Ez dira arruntak, ez halako taldeak, ez danborraren aipamena ere, areago garai horretarako bi dultzaina edo gaita eta danborrak osatutako taldea indarra hartzen hasia zela kontuan izanda.
28 Egile bakoitzak izan ditu bere baliabideak, eta Arbek danborrak nola egiten zituen izan daiteke horren argigarri. Juan Mari Beltranek azaltzen digu:
Danborra egiteko gerezia erabiltzen zuen. Horretarako herriko zerratokian prestatu eta ebakitzen zuen, danborrak behar zituen neurrietan, zurezko txapa bat. Zurezko txapa hori ur putzuan edukitzen zuen beratzen, gero kurbatzeko eta horrela danborraren kaxa zilindrikoa egiteko.
Arkume larrua erabiltzen zuen. Ilea kentzeko larrua karetan jartzen zuen, gero garbitu eta neurrian moztu egiten zuen. Larruak biltzeko gaztainondozko bi uztai borobilak prestatzen zituen.
Larruen bueltan eta honi josia, hestez egindako aro bana jartzen zituen, zurezko uztaiak horren kontra indar egin eta larruak tinkatu zitzaten. Hestezko soka hori prestatzeko hesteak hartzen zituen eta tiratuz biurritu behar zuen loditasuna eman arte. Hestezko halako soka erabiltzen zuen jotzen ez den larruaren kontra, erdi-erdian jartzen den horretarako ere (bordoirako), danborrak hots hobea eta handiagoa eman zezan.
Gaztainondozko bi uztaien artean, sigisagan pasatzen den soka, dendan erosten zuen, soka hau tinkatzeko larruzko lazoak egiten zituen eta bordoia tinkatzeko jartzen den torlojoa Urrestilako perratzaileak egiten zion. (Beltran, 2004, 81. or.)
29 Gazteleraz redoble, frantsesez roulement, danborra jotzeko teknika nagusia euskaraz nola izendatu jakin ezinik ibiltzen gara maiz. Erredoble eta errulamentu, oso erabiliak, erdaretatik zuzenean hartuak dira bistan denez. Arrada da Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan ontzat eman duen terminoa, nahiz ez den erabiliena izan. Errepika ere azaltzen da bat edo bestean, baina ezkilen errepika beste kontu bat da. Tarrapata hitzak berriz, zalaparta, arrapalada edo tankerakoak adierazten ditu, baita Elizanbururen bertsoan ere: “Tan, tan, tan, tan / rapetaplan! / Babazuza tarrapatan...” (ikus Orotariko Euskal Hiztegia). Emile Larrek pirripitada gisa ere itzultzen du redoble hori (Iruñeko Gaiteroak, 1995a).
30 Usabiaga, 2001, 30. or.
31 Usabiaga, 2001, 89. or.
32 Joxe Inazio Usabiagak bereziki aipatzen du honen inguruan Ebaristo Goñi Errenteriako atabalariak erabiltzen zuen makil jokoaren teknika (Usabiaga, 2001, 86. or.).
33 Arozena 2000a, b eta c.
34 Gertuko historian, ahoz edo zuzenean jaso ahal izan denean ere, danborreroei berariaz erreparatu dietenak ere ez dira asko. Aita Migel Angel Sagaseta aipatua da horien artean, eta Patziku Perurena bestea, Leitzako txistulariei buruz egindako lanean atabalariekiko mira hori erakutsi duena (Perurena, 1993).
35 Villafrancak berak hala dio: “Si atendemos estrictamente a lo que el escribano de la época retrata, diríamos que la música de gaita se oía, en Estella, como pura melodía, sin acompañamiento alguno. Sin embargo, no es así. El instrumentista gaitero ha sido considerado, en un altísimo porcentaje de ocasiones, como representante de un grupo ejecutor de la música de gaita y tambor” (64. or.).
36 Argazkiko gaiteroen identifikazioa Salva Martinez eta Juan Carlos Doñabeitia Lizarrako Gaiteroek egina da. Argazki hau Entziklopedia honetako bigarren liburukian argitaratu genuen (2022, 79. or.). Museo Arqueológico Nacional-eko bilatzailean (https://ceres.mcu.es pages/Main) inbentario zenbakia sartuta (1894/29/FF071) datu gehiago kontsulta daitezke.
37 Donostia, 1952, 66. or.
38 Labeaga, 1988, 303-304. or.
39 “Pedro Joséf Redín fué admitido por hermano con la condición de que aia de acudir con la dulzaina y tamborillo a todas las funciones de la cofradía como se a acostumbrado, y en las mismas circunstancias que lo ha hecho su padre Balentín Redín, sin pagar entrático ni derrama, porque se le hace libre en atención a su trabajo a más de lo que se le paga por la cofradía.” (Labeaga, 1990, 145).
40 Aita Donostiaren aipamena hau da: “Sin embargo, en Vitoria parece existían con carácter fijo. Las dulzainas acompañaban al Viático en el siglo XVIII. «Le viatique est précédé de porteurs de cierges, de six hautbois maures, appelé (sic) Donzainas, et quelquefois d’un petit tambour qui s’accorde très bien avec cet instrument. Ils entrent, tant qu’ils peuvent, dans la chambre du malade, qui doit aoir la tête bien forte pour resister à ce bruit» [Nouveau Voyage en Espagne fait en 1777 et 1778, t. II, pág. 155. Vide Foulché-Delbosc]”
Foulché-Delbosc-en bibliografiak Peyronen bidaiara igortzen gaitu ordea (Peyron, 1780), eta jatorrizkoan aipu bera aurkitzen badugu ere (155. or.), ez du inondik aipatzen gertakari hori Gasteizen izan zenik; ez da batere ziurra, beraz, Euskal Herrian izan zenik ere. Aldiz, Peyronek Gasteizen garai horretako dantzaldia deskribatzen du aurrerago, baina oso bestelako egoera da agertzen duena:
J’ai été témoin des danses de Vittoria, sous les arbres d'une promenade qui est aux environs de la place. L'Alcade Mayor donnoit fe ton, deux tambours ont commencé par battre I'appel; les filles et les jeunes gens de la ville se sont rassemblés. Les premieres se tenoient toutes par des mouchoirs, les hommes en faisoient de méme; c'étoit une image de la danse Grecque d'Ariane que M. Guis a décrite dans ses Lettres. Ils alloient ainsi, chaqué bande á part décrivant diverses figures autour des arbres & sur le gazon. Aprés environ un quart d'heure de sauts & de tournoiements, toujours au son du tambour, & pendant lequel les jeunes gens chosissent chacun de l'oeil leurs Demoiselles; ils envoient deux députés à la file que forment les femmes, pour aller chercher tour à tour les premieres qui son choisies; pendant cet intervalle les danses vont toujours, & peu à peu les deux bandes n'en forment plus qu'une. Alors, le labyrinthe qu'elle fórme, les tours, les pas & les figures sont plus variés & plus précipités; mais á un certain signal que donne le tambour, les danseurs se separent, & bientôt, à l'air du fandango, toute la prairie paroît en mouvement. Rien de plus leste que ces Vittoriennes; on eût dit que chacune d'elles étoit seule avec son danseur, tant elle en suivoit les pas & l'attitude. Je n'ai jamáis vu moins de confusion que dans ce lieu, qui me paroissoit naturellement devoir en produire beaucoup. (Peyron, 1780, 348. or.)
Esku dantza deskribatzen du ongi, bi danborrek jota dioenez. Pentsatzekoa da bi danbor horietako bat behintzat danbolina dela, biak beharbada, zaila litzateke ordu laurdenetik gora irauten duen esku dantza doinurik gabe gauzatzea eta; izan daiteke danbolina eta atabalak osatutako bikotea ere.
41 “Item 7 reales que pagó a los músicos por las chirimías de la festividad de Santa Ana y 4 reales que se le dio al nuncio por tocar la caxa [Archivo Parroquial de Aras, Libro Cofradía de Santa Ana, fols. 52, 74, 88v, 193]” (Labeaga, 1988, 306. or.). Txirimiak dultzainen tankerako soinu-tresnak dira.
42 Labeaga, 1988, 307. or.
43 “Desde el siglo XVIII aparece continuamente vinculada a las danzas la música del gaitero sin acompañamiento de percusión. En torno a 1725 se produce un cambio en el modo de denominar a la música que acompaña a la danza, que en la mayor parte de las veces es ahora de dulzaina o dulzainas, casi siempre acompañadas de tamborcillo.” (Ramos, 1988, 298. or.).
44 Esparza, 2003, 8. or.
45 “Los que de yuso firmamos nuestros nombres, mandamos a vos, Martín de Zaldibia, bolsero, que deis e pageis a Juan Sánchez, tamborín, un ducado de oro por razón que él e el atabalero de Oyarzun por servir por nuestro mandato en esta Villa en fiestas de San Juan. 25 de Junio de 1533. [Archivo Municipal de Hernani, Sc. C, neg. 2. Li. 1, ezp. 1 fol, 28]” (Apezetxea, 1992, 40. or.).
46 “…a Joanes de Bizcarrondo natural del lugar de Zugarramurdi del reino de Navarra, oficial a tambor y se concertó con él, que fuera a estar de tambor en dos años primeros siguientes en las fiestas que son, Pascuas de Resurrección y del Espíritu Santo y Navidad y Ascensión del Señor, Corpus Cristi y San Juan y que por ello se le den 3 yugadas de tierra en la rivera de ésta en buena parte o 200 reales en dinero que por ello cada parte se obligasen y obligan en firma”. [AMH, A, 1, 5, fol.383] (Apezetxea, 1992, 49. or.).
47 1544an “a Martin de Boneta, y a Miguel de Amunarriz, y a Pedro de Echabarri, tamborines, veynte y una tarjas porque fueron con sus juglares, a huna con Esteuanin de Ganuça, taniendo al dia del Corpus acompañando al Santisimo Sacramento” ordaindu omen zitzaizkien, eta “a Pedro de Ursue, nuncio por ir tañendo la tronpeta con los juglares” beste kopuru bat aparte (Jimeno Jurio, 1987, 46. or.). Tronpeta jolea eta danbolin-atabalak elkarrekin zihoazen hortaz, eta elkarrekin jotzen zuten, “a una” esaten baitu batzuentzat, eta “tañendo con” tronpetarentzat, elkarrekin alegia. Ahots ezberdinetan ala unisonoan ariko ote ziren, horixe da ez dakiguna.
48 Arozena 2000a, b eta c.
49 Ramos, 1990.
50 “Se pagaron cinco groses “a los atabalero y rabetero por tanyer en la procesion del dia de Sant Sebastian segun costumbre” (Esparza, 2003, 8. or.).
51 “En 1566 hubo en Hernani (Guipúzcoa) en las fiestas de San Juan, en seis días, «tanborín e rebete y atabalero…»” (Donostia, 1952, 82. or.)
52 Ikus Xirula sarrera entziklopedia honetan bertan.
53 Itzaina, 2018a.
54 Ramos, 1990.
55 Amutxastegi, 1987, 5. or.
56 Amutxastegi, 1987, 5. or.
57 Itzaina, 2018a. 1784an Jean Coret perratzaileari bi aldiz ere ordaindu omen zitzaion kaxa jotzeagatik.
58 Apezetxea, 1992.
59 Aranburu, 2008, 127. or.
60 Arozena, 2000a, 7. or.
61 Rodríguez Suso, 1999, 8. or.
62 Iñaki Irigoienek bildutako datuetan, batzuetan “Sin Esclavo” eta besteren batean “Sines Calvo” gisa azaltzen omen da atabalari honen abizena.
63 Egiluz, 2012, 502. or.
64 Apezetxea, 1992, 49. or.
65 “Pague a los atambores y a maese Miguel Tamboritero 14 rs el dia de Santiago” [Archivo Ayuntamiento de Bilbao. Parroquia Del Señor Santiago de Bilbao. Cuentas 1555-1619. Sig. Antiguo 138/002. Folio 187v] (Irigoien, 2006, 439. or.)
66 Arabako Moredan adibidez, 1709-1735 bitarteko ordainketetan, atabalaria gaiteroaz aparte agertzen zaigu, tronpeta eta beste lagun batzuekin: “Item da en data 67 reales y medio que se pagaron al gaitero que asistió a ambas festividades de dichas Santas Virgenes. de agosto y octubre.” / “También se le pagó al caxero de la ciudad de Viana por tañer en la fiesta de las Santas Virgenes. Item 18 reales que se gastaron en la víspera de las Santas Virgenes con los polvoristas, trompeta y caxero.” / “Se pagó a los músicos, un trompeta, tambor y a un oficial que hizo el tablado. Se pagó al predicacor, gaitero de Lanciego y los ocho pares de zapatillas para los danzantes que realizaban las diferentes pruebas.” (Labeaga, 1988, 307. or.)
67 Donostia, 1952, 65. or.
68 1627ko ordainketak, esaterako, hala dio: “ a pelegrin Boton diez y ocho reales por tocar el atabal por San Pedro, y mecetas de la villa”. (Perurena, 2016, 220. or.)
69 1635ekoan: “item al atambor Boton y al jublar de Ren[teri]a quatro ducados”. (Perurena, 2016, 222. or.)
70 Fernandez, 2019.
71 Telliez, 2016.
72 “L’office semble assez stable, parfois viager, mais n’existe pas toujours ou ne donne pas le monopole de la fonction: un sergent, un messager, le geôlier –trois charges souvent indistinctes– ou encore un notaire peuvent aussi se charger du cri public“ (Telliez, 2016, 7. or.).
73 “L’instrument le plus fréquent est la trompe, trompette ou corne, outil par excellence de «la projection de l’autorité vers l’extérieur». Plus rares sont les mentions de la cloche, de la clochette, du tambour, et même du canon au début de l’âge moderne. Il semble qu’on utilisait ces divers instruments non pas indifféremment l’un pour l’autre mais soit ensemble –successivement plutôt que simultanément– soit au contraire spécifiquement pour tel ou tel type de publication.“ (Telliez, 2016, 9. or.).
74 “Mandaron paresçer ante sí a los nuncios, a quienes mandaron que a la tarde, tomadas sus trompetas, apercibiendo los atabales y juglares que en esta villa hay y los demás que se han mandado traer de fuera, fuesen por el pueblo, y que en los lugares acostumbrados publicasen el pregón.” (Labeaga, 1990, 142. or.).
75 Erdi aro berantiarreko Frantzian, soinu-tresnarik gabe ere ari zitezkeen antza: “les criées privées ou «menues criées», celles des objets ou animaux perdus par exemple, doivent être faites «tantum ore», alors que les bans ou les ventes publiques se crient obligatoirement «sono cornu mediante»” (Telliez, 2016, 8. or.).
76 “Par ailleurs, la ville de Saint-Jean-de-Luz dispose de tambours de ville proprement dits, qui constituent l’accompagnement ordinaire et minimal des actes protocolaires civils et religieux, et dont les gages sont portés au budget annualisé des employés de la communauté.“ (Itzaina, 2018a).
77 Itzaina, 2018a.
78 Ziburun azaltzen zaigu halako kasuren bat, baita Donibanen bezala, herriko danborra ere: “A Ciboure En 1749, François, tambour, est payé «pour avoir crié l’enchère du port», en 1752-4, Saubat Duhart est «souffleur d’orgue, tambour de ville et crieur dicelle communauté»” (Itzaina, 2018a).
79 Donostia, 1952, 68. or.
80 Telliez, 2016, 9. or.
81 Perurena, 2016, 220. or.
82 “El Ayuntamiento dispone en 1701 que el concesionario anual del abasto de carne y velas de sebo para la villa de ocuparse, a su cuenta, del oficial tambor que acompañe al tamborilero en las fiestas. Este singular compromiso del proveedor adjudicatario de la carne se mantendrá vigente durante toda la centuria.” (Aranburu, 2008, 135. or.).
83 Pregoilari hori, aipatutako ordenantzak aldarrikatu zituen Juan de Apaiztegi bera izango zen noski: “a son de tambor y por la voz de Juan de Apaiztegui, Pregonero de la dcha. Villa, se publicaron, y se dieron a entender en Lengua Bascongada, las Ordenanzas y real confirmación de las fojas antecedentes, en la plaza y Cantones públicos de esta dcha. Villa y puestos acostumbrados.” (Intxausti, 2009, 233. or.).
84 Rodríguez Suso, 1999, 66-68. or.
85 Elias, 1998.
86 Arozena, 2000a, 6. or.
87 Usabiaga, 2001, 90. or.
88 Ordainsarien kontu honekin, adierazgarria da hutsaren truke lanean aritzea ere ez dela berria, ez atabalarientzat, ezta txistularientzat ere. XXI. mendean oraindik askotan gertatzen dena, 1890ean jada salatzen zuten Lasarteko Agustin Lizaso eta Anjel Goia danborrari eta danbolinak, igande eta jaiegunetan dohainik jotzen zutela eta, orduan Hernaniko auzo zenez, udal horri laguntza eske idatzi ziotenean (Apezetxea, 1992, 62. or.).
89 Apezetxea, 1992.
90 Egiluz, 1997.
91 Usabiaga, 2001.
92 Elosegi, 1992.
93 Irigoien, 2006.
94 1843an Juan Suarez izan zen Bilboko bigarren danborrero izendatutakoa.
95 Iruñeko Gaiteroak, 1993.
96 Beltran, 2004.
97 Bedaxagar, 2018.
98 Villafranca, 1999.
99 Moreno, 2018.
100 Egiluz, 1997.
101 XX. mendearen bukaeran atabalak akademian duen lekuari buruz, Jose Ignazio Usabiagak egindako gogoetak azaltzen du ongi, kezkagarria dela gutxienez: “Ulergaitza bada ere, herri musika-tresnen bultzatzaile izan diren asko eta asko (txistua guri dagokigunez…) musika-eskola publiko askoren bultzatzaile sutsu izan arren, gaur zenbait musika-eskola publikok ez dio herriari behar duen herri-musika itzultzen. Bestelako ikasketa-planak dituztela esaten dute. Orain musika-eskola eta kontserbatorio askotan txistua edo perkusioa ikas daiteke. Ikasleei herri-doinuak edo dantzak jotzeko eskatzen baldin badiegu, ordea, horiek zera erantzuten digute: Mozart edo Beatlesen doinuak jotzen badakitela partitura aurrean dutela, baina partiturarik ezean ez dakitela eskatzen dieguna nola jo. Perkusio-jotzaileei dagokienez, kaxa mutua jotzeko teknika edo marinbak jotzekoa menperatzen dute, baina partiturarik gabe ez dakite eta ez dira ausartzen banda, txaranga, txistulari-talde edo dantzari-talde bati laguntzen. «Ofizioa» falta dute. Eskolatuegiak dira.” (Usabiaga, 2001, 5. or.).
102 Labeaga, 1988.
103 Gehiago jakiteko, ikus Guilcher (1984) eta Bedaxagar (2018).
104 Azurmendi familiarena azaldua da lehen ere entziklopedia honetan. Ikus dultzaina.
105 Sagaseta, 2011.
106 Lau familia izan dira batik bat, Lizarran, mende luze batez, danborra eta gaitaren transmisioa senitartean ikasi eta iraun arazi dutenak: Romano, Elizaga, Perez de Lazarraga eta Montero. Izar Martinez Amezketak azaltzen du ederki hauetan transmisioak nola funtzionatu duen (Martinez, 2011).
107 Ramos, 1990.
108 Miguel Antonio Abadiano adibidez, 1770an Saldiastik dator danborraz, baina 1773an jada danbolina da, Leitzatik etorria. Erroko Miguel Etxeberria berriz, 1762an danborra zena, 1772an danbolina da.
109 Perurena, 1993.
110 Beltran, 2004.
111 Beltran, 2016.
112 Varela, 2000.
113 Usabiaga, 2001.
114 Zufiaurre, 2008.
115 Itzaina, 2018b, 48-49. or.
116 Bateria eta jazbanetarako, ikus bonboa sarrera entziklopedia honetan bertan.
117 Elizagatarrak ez ezik, Perez de Lazarragatarrak ere zapatariak ziren ofizioz, eta ez da kasualitatea: XVI-XVIII. mendeetan harakinaren ofizioa danborrarienari lotua zegoen bezala, zapatariarena ere maiz izan da atabalari eta danborrero askoren lanbidea.
118 “Nik ikasi nuen teknika zaharrei bakarrik ikusi izan diet. Gaur egun denek perkusioa ikasten dute, kontserbatoriotan. Nik ere ikasi nuen kontserbatorioan, eta atabalarentzako teknikak, nire ustez, oso agresiboak dira, nahiz eta izugarri perkusionista onak dauden gaur egun. Txistulari Bandetan ere bai. Baina teknikak ez dauka zerikusirik. Ez teknikak, eta ez hotsak, eskumuturrak lantzea edo behatzekin jotzea nabaritu egiten baita gero, hotsean; desberdina da” (Goñi, 2013, 4. or.).
119 Sada, 1977.
120 1813an ingelesek eta portugaldarrek Donostia kiskali zutela eta, aurreko mendeko gertaerei buruzko datu gutxi dago. Nolanahi ere, 1814an, hiria erabat txikitua zelarik, eztabaida izan zen inauteriak ospatu ala ez (eta San Sebastian eguna horiekin): Udalak bertan behera uztea erabaki omen zuen, baina handik egun pare batera, alkateak danbolina eta sokamuturra hondakin artean ateratzeko agindu, eta errejidoreak berriro debekatu, herritarrak kexatu arren. Honek erakusten du zenbateraino zeuden txertatuta inauteriak donostiarren artean. Jose Maria Donostyk Sadaren liburuaren hitzaurrean esaten duen bezala, “vemos a lo largo del primer tercio del siglo XIX que los donostiarras, no obstante el desastre de 1813, no han dejado de ser los «Kaskariñas» con que la sesuda Guipúzcoa los moteja cariñosamente, quizás un poco envidiosa del provervial (sic) humor donostiarra.” (Sada, 1977, XIII. or.).
121 Donostiako harresiaren Lurreko Atearen giltzak hiriaren esku zeuden, eta errejidoreen ardura zen beraz hura zaintzea, ez militarrena. Donostiako udalak menean zituen beraz, danborra eta pifanoa, Bilbo eta beste batzuetan zeuden bezala. Ohartzekoa da XIX. mendeko ateen udal zaindarien artean famatuena Juan Ignazio Iztueta izan zela, korrejidore izendatua Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaria argitara eman zuen garaian, 1820ko hamarkadan.
122 Berriz ere J.M. Donostyren hitzaurrera jota, hala dio honi buruz: “Allá a fines del próximo pasado siglo, varios donostiarras más o menos jatorras solían tener su diaria tertulia en la trastienda del lujoso comercio de Jornet, en el Bulevar esquina a Elcano, en el curso de la cual discutían las cosas del pueblo que las arreglaban a su modo. Un día próximo al 20 de enero de aquel año, recayó la conversación sobre el origen de la Tamborrada. Medio en broma, medio en serio, urdióse entre los contertulios la leyenda, o como quiera llamársele, de los panaderos que con sus barriles de madera hacían la aguada para la cochura del día en torno a la fuente inmediata a San Vicente. Uno de ellos, hábil en el manejo del «flageolet», interpretó una especie de diana que, coreada por sus cofrades a golpe de tambor sobre sus barriletes, dio origen a la Tamborrada. Paso de largo sobre otros detalles secundarios de la patraña, que pe a pa se publicó a los pocos días, o sea el 20 de enero de aquel año, en un periódico de la localidad, sentando cátedra. Como un enjambre, cronistas más o menos acreditados cayeron en la red, copiándose año tras año los unos a los otros, adornando el relato con variantes sobre el mismo tema, yendo de la fuente de San Vicente a la de Cañoyetan, que para el caso es igual. Lo que pasa es que muchos de ellos, por no decir todos, no leyeron, años después, la confesión del periodista que publicó dicha versión, contando lo sucedido, entonando el «mea culpa» de su atrevimiento” (Sada, 1977, XIV. or.).
123 1882ko erretreta, bigarrena noski, baina aldez aurretik antolatutako lehenengoa, honela deskribatzen du Sadak: “Por primera vez, en la Historia de la Tamborrada, ésta sale también por la noche. Rompen la marcha guerreros acorazados y jinetes a caballo, precedidos de granaderos con antorchas en la mano. Sigue una compañía de tambores y otra de pitos. A continuación va una gran banda «formada por la música de San Sebastián gran parte de las de Asturias y Estella» que se han ofrecido a participar en la fiesta. Cuando la retreta regresa por la calle Hernani, al pasar la Alameda, suena la campanilla de un viático y todos se ponen de rodillas, produciéndose un gran silencio” (Sada, 1977, 40-41).
124 Sarriegiren inauterietarako musika asko pianorako idatzita argitaratu zen 1898an. Danborren partea ere idatzia dator askotan, baita zartagin-ingudeena ere kaldereroenean (Sarriegi, 1898).
125 Iraola, Arantxa (2000/01/20). Danbor hotsa… eta festa. Euskaldunon Egunkaria. 15.
126 Euskaldunon Egunkaria (2000-04-27). San Prudentzioko danborrada eta erretreta eskainiko ditu ETBk. Euskaldunon Egunkaria. 47.
ITURRIAK
Bibliografia
Oharra: atabal edo danborrei buruzko bibliografia espezifikoa ia hutsala da eta danbolinarena berriz, txistuarenarekin batera doa. Aipatzen den bibliografia beraz, atabalarenaz gainera (Usabiaga, 2001), txistua eta dultzaina edo gaitaren ingurukoa da gehiena.
AMUTXASTEGI, F., IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (1987). Xemeingo ezpata dantza. Dantzariak. 37, 2-48. Euskal Dantzarien Biltzarra.
ANSORENA, I. (d.g.). Txistu ots gozoa nola?.
ANSORENA, J. I. (1990). Txistu gozoa. Erdi maila. Erviti Editorial.
ANSORENA, J. I. (1978). Txistu ikaskizunak. Caja Laboral Popular.
APEZETXEA, P. (1992). Hernani eta Txistua. Gipuzkoa Donostia Kutxa.
ARANBURU URTASUN, M. (2008). Niebla y cristal. Una historia del txistu y de los txistularis. Pamiela.
ARANBURU URTASUN, M. (2012). El txistu y el tamboril en Navarra. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 87, 5-69. Institución Príncipe de Viana – Nafarroako Gobernua.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; MENDIZABAL ITURRIA, A. (2000a). Txistua Oiartzunen (I). Lehen aipamenetatik XIX. mende bukaera arte. Txistulari, 182, 5-11. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; AROZENA MUXIKA, A. (2000b). 1880-1828. Txistua Oiartzunen (II). Txistulari, 182, 12-18. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; AROZENA MUXIKA, A. (2000c). Txistua Oiartzunen (III) 1828-1878. Txistulari, 182, 19-29. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ARTAL, A.; ATEKA, O. (2006). Gordexolako dultzainea. Domingo Arza Lekanda: Enkarterrietako azken dultzaineroa. Enkarterrietako museoa.
ARTAL, A.; ZUNZUNEGI, I.; ZORRILLA, I. (1994). Bizkaiko dultzaina. La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
BEDAXAGAR, J. M. (2018). Aitzina pika. Sü Azia.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte. Herri Musikaren Txokoa.
BELTRAN ARGIÑENA, J.M. (2016). Larraungo herri-dantzak. Soinuenea Fundazioa. HMB-2016-1154-CD. [disko-liburua]
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. Edizioa (2017). Agirretxetarrak. Gipuzkoako dultzainaren testigantza. Soinuenea Fundazioa. HMB-2017-1172-CD. [disko-liburua]
CANTABRANA OCHOA, J. L. (1995). Txistularis y banda de txistularis de Araia (1864-1995). Txistulari, 162, 2-5. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
EGILUZ ISUSI, X.; IRIBAR IBABE, A. (1997). Historia del txistu en Orduña. Txistulari, 170, 6-22. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ELÍAS ODRIOZOLA, I. (1998). Txistulariak Azpeitian. Txistulari, 176, 21-26. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ELOSEGI GAMARRA, P. I. (1992). Banda de tamborileros de Vitoria. 1843-1914. Txistulari, 152, 14-22. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ESPARZA ZABALEGUI, J. M. (2003). Historia del txistu en Tafalla. Txistulari, 196, 8-11. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
FERNÁNDEZ GRACIA, R. (2019-11-15). Patrimonio e identidad (20). Medios de comunicación de antaño: los bandos. Diario de Navarra, 68-69. Grupo La Información.
GARMENDIA LARRAÑAGA, J. (2007). Aprendiz de tamborrero y obra prima en Fuenterrabía. Historia: Artikuluak. 19-20. Eusko Ikaskuntza.
GOÑI, L. (2013). Agustin Laskurain, Donostiako Udal Txistulari Bandako atabalaria. Txistulari. 236, 4-6. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
INCANSABLES TXARANGA. (2020). Incansables 50 urtez. Incansables txaranga.
INTXAUSTI REKONDO, J. (2009). Segurako Ordenantza Orokorrak (1723). Vasconia. 36, 231-253. Eusko Ikaskuntza.
IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko dultzaina. La dulzaina en Bizkaia (15-38). Bizkaiko Foru Aldundia.
IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (2014). Tamborileros en Bilbao durante el siglo XIX. Txistulari, 239, 9-35. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
IRUÑEKO GAITEROAK (1993). Gaiteroak Iruñean. Gaiteros en Pamplona. Iruñeko Udala.
IRUÑEKO GAITEROAK (1995). Método Elemental de Gaita. Gaita Oinarrizko Ikasbidea. Méthode Elementaire de Gaita 1. Haizea.
JIMENO JURIO, J. M. (1987). Tamborines y gaiteros en Estella (siglos XVI y XVII). Dantzariak, 40, 45-48. Euskal Dantzarien Biltzarra.
LABEAGA MENDIOLA, J. C. (1988). La gaita en Viana, siglos XVII-XX. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 52, 301-320. Institución Príncipe de Viana.
LABEAGA MENDIOLA, J. C. (1990). Danzantes y Gaiteros en Sangüesa. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 55, 140-156. Institución Príncipe de Viana.
LAKUNTZA TOLOSANA, J.; LAKUNTZA TOLOSANA, F. (1968). Método de gaita navarra. Diputación Foral de Navarra.
MADURGA CONTINENTE, R. (2004). La gaita y la danza en Pamplona: la gaita y su función sociocultural en la década de 1650. Euskonews, 259. Eusko Ikaskuntza. https://www.euskonews.eus/zbk/259/la-gaita-y-la-danza-en-pamplona-la-gaita-y-su-funcion-sociocultural-en-la-decada-de-1650/ar-0259001004C/.
MAIZ, A. (2013/11/21). Jexuxen Jazpana isildu da. Goierriko Hitza. https://www.calameo.com/read/00269896934e57cc5a0a4.
MARTINEZ AMEZKETA, I. (2011). Música más allá del tiempo. Musika denboratik haraindian. La gaita y los gaiteros en Estella Lizarra. Antzina, 12, 47-56. Asociación de Genealogistas Navarros Antzinako.
OLAZARAN DE ESTELLA, P. (1951). Txistu. Tratado de Flauta Vasca. Estudios Grafor. Bilbao, 1970. Berrargitalpena: Tratado de Txistu y Gaita. Diputación Foral de Navarra. Pamplona, 1972.
OÑATIKO TXISTULARIEN TALDEA (1994). Txistua Oñatin. Txistulari, 160, 17-20. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
PERURENA LOYARTE, P. (1993). Leitzako ziztulari atabaleroak (1880-1980). Txistulari, 153, 14-59. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
PERURENA LOYARTE, P. (2016). Goizuetako danbolintero batzuk (1608 -1729). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 90, 209-236. Institución Príncipe de Viana – Nafarroako Gobernua.
PEYRON (1780). Essais sur l’Espagne. Voyage fait en 1777 et 1778. Tome second. Geneva.
RODRÍGUEZ SUSO, C. (1999). Los Txistularis de la Villa de Bilbao. BKK – Bilbao Bizkaia Kutxa.
RUIZ DE LARRAMENDI ECHEVARRÍA, J. (1992). Tamboriteros en Salvatierra-Agurain y su comarca. Txistulari, 152, 36. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
SADA, J. M. (hitzaurrea, Donosty, J.M.) (1977). Dos siglos de tamborrada. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián.
SARRIEGI, R. (1898). El carnaval en San Sebastián. A. Díaz y cía.
SEDANO LAÑO, J. M. (1990). Banda de txistularis del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz. Txistulari, 144, 8-10. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
TELLIEZ, R. (2016). À cor et à cri. Le paysage sonore de la justice (France, fin du Moyen Âge ). Hablot, L., Vissière, L. Les paysages sonores du Moyen Âge à la Renaissance. 73-98. Presses universitaires de Rennes.
USABIAGA YEROBI, J. I. (2001). Atabala. Arratza – Danborra. Tambor – Tambour. Atabala jotzen ikasteko eskuliburua. Txistulari, 187. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
VARELA GÓMEZ, J. G. (2000). El txistu en Portugalete (1700-1996). Txistulari, 181, 7-11. Errenteria: Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
VILLAFRANCA BELZUNEGI, R. (1999). Estella y la música. Siglo XIX. Julián Romano Ugarte. Serinte.
ZUFIAURRE GOYA, J. (2008). Beasaingo musikak. Txistulari, 214-215, 2-24. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
Diskografia
ANSORENA, Isidro, Banda de Txistularis del E.A.S.S. (1970). Bailes vascos. Columbia. C 7090.
ANSORENA, Jose Inazio. (1985). Donostiako Txistulari Udaltaldea: Donostiako Txistulari Udaltaldea. Dial Discos. Doblon. 50.1769.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
BILBOKO UDALETXEAREN TXISTULARIAK. (1977). Bilboko Udaletxearen Txistulariak. Movieplay-Kandantxa. 17.0911/0.
ELIZALDE, Maurizio. (1971). Baztango dantzak 1. HG-24. Baztango Dantzak 2. HG-26.
(1977). Lanzko zortzikoa-jostaketa dantzak. HG-OTS. HG-169.
MAKUSO, Miguel. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.
Bideoak
BASTERRETXEA-LARRUQUERT. (1968). Ama lur / Tierra madre. Euskadiko Filmategia.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1971). Navarra. Las cuatro estaciones. Nafarroako Gobernua. 1994.
(1979). Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.
LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.
Irudi galeria
Audioa
Barrikada haustia (Zuberoako maskarada). Oihenart (tabala), Mixel Etxekopar (xirula). Gotein, 1999.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 73
- Klasifikazioa:
- Menbranofonoak -> Kolpeaturik -> Danborrak makilez
- Oharrak:
- DANBORRA / ATABALA / KAXA

