Azalpena
IZENAK, EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Bonboa da soinu-tresna honen izenik hedatuena, hegoaldean duen erabileran. Iparraldean tinbala ere deitu izan zaio (Sagaseta, 2011), eta Arizkun eta Erratzun zanbonba gisa ezagutzen da (Beltran, 1996). Dunbal deitura berriz, tinbal hitzaren aldaera, berri samarra dela dirudi, eta ez du erabilera handirik izan2.

Tafallako Musika Bandarena izan zen bonbo zaharra. JMBA Bilduma, 1022. zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)
Erresonantzia kaxa zilindrikoa du bonboak: altuera ezberdinak izan ditzake, baina ez nahitaez handia (ez danbolin edo danborrena baino gehiago)3. Diametroa bai, handia behar du, zehaztu gabeko afinazioan hots grabea sor dezan. Erresonantzia kaxa hori zurezkoa izan ohi da gehienetan, baina metalezkoak ere badira. Kaxaren alde banatan larruak tenkatzen dira zurezko uztaiez helduta. Uztai horren bidez larruak tenkatzeko, batzuetan soka lotzen zen lehen sigi-sagan, atabaletan bezala, baina askoz ere arruntagoak dira metalezko hagak. Larruak berak, txekor edo aratxe larruzkoak izan ohi zirenak, plastikozkoak izan ohi dira gaur.
Bonboek ez dute izaten pordoirik larru baten kontra danborrek bezala, eta alde batetik nahiz bestetik jotzen dira mazo bakarraz kolpekatuta. Horretarako, duten tamaina dela-eta, euskarriren batean oinarri hartuta edo, sarri askotan, uhalekin bizkarretik zintzilik, bertikalean edo zeharka jarri ohi dira, larruak ezker-eskuin dituztela, alde batetik edo bestetik eragiteko.
Beste soinu-tresnekin taldean jotzen da bonboa, oinarrizko erritmoa markatu eta taldearen tempoa gidatuaz.
TALDEKATZEA
Musikaz harago, festa giroan zarata sortzeko erabiltzen dira bonbo taldeak bestelako danbor eta perkusio tresnekin batera, baita txistu, dultzaina, akordeoi edo beste tresnak ere lagun dituztela. 1960-70 hamarkadan sortu ziren hala Lizarrako festetan ospatzen den bonbada edo Iruñeko sanferminetako estruendo delako festa-bilerak. Tankera horretakoak dira, Baztanen, Arizkungo inauterietan antolatzen den Hartzaren Konpartsa eta Erratzuko Dama taldearen konpartsa. Azken hauetan bertan egindako zanbonba handiak dira protagonista zarata giro horretan.

Ander Barrenetxea Baztango zanbonba jotzen (JMBA Bilduma, 1186. zk.). (Arg.: Zazpi t´erdi - Soinuenea)

Arizkungo Inauteriak. Arizkun, 2010/02/16. (Arg.: J. M. Beltran - A. Barrenetxea)

Erratzuko Damak. Erratzu, 2010/02/16. (Arg.: J. M. Beltran - A. Barrenetxea)
Bonboa taldean jotzen bada ere, ez dira ohikoenak bonbo bat baina gehiagoko taldeak. Azken urteotan bonbo jotzaileak entzun daitezke era askotako musika talde handien gidaritza lanetan, hala nola dultzainero edo gaitero andanak biltzen direnetan, baina erabiliena eta hedatuena, bonboa musika banda, txaranga eta fanfarreetan jotzea da.
Nekez azal dezakegu bonboak Euskal Herrian egin duen historia, ez baita oraindik halakorik berariaz ikertu duenik. Ezagutzen ditugun datu urriak XIX. mendean hasten dira agertzen, musika bandak edo txarangak sortzen hasten direnean.
Horrelako taldeetan, haizezko soinu-tresnekin batera ezinbestekoak ziren nonbait, danborra, bonboa eta txindatak. Perkusio sail hori, ordea, taldeko gutxietsiena izan da oraintsu arte, eta bonbo-txindatak areago, askotan aipatu ere ez direlarik egiten musika banden inguruko dokumentazioan. Hirugarren mailako musikaritzat hartuak maiz, Guardiako bandaren 1916ko musikarien zerrendan adibidez, 19 musikariak honela banatzen ziren: “director” (zuzendaria), “flauta”, “requinto” bat eta bi “clarinete”, 2 “saxo”, 2 “cornetín”, “fliscorno” bat eta 2 “omnoben”, “trombón” bat, 2 “bombardino”, 2 “bajo” (baxuak) eta 2 “ruido”4. “Ruido” edo zarata delako hori danborra eta bonboa ziren, musikatzat ere hartzen ez ziren arren eta zerrendetan beti azkenekoak izanda ere, ezinbestekotzat zituztenak musika banda eta txaranga guztietan.
Honek eragin du bonbo jotzaileen berri handirik ere ez izatea. Aita Miguel Angel Sagaseta izan da (2011), musikarien izenak biltzen hasita, bonbo jotzaileak ere aintzat hartu dituen bakarretakoa, eta hari eskerrak aipa ditzakegu XX. mendeko Iparraldeko bonbo jotzaile ospetsuenak bederen: Pierre Cadet Xiranberro Kaiet Uhalde (Donazaharre, 1900-1960) eta bere anaia Mixel nahiz aita Mañex ere, bonboa jotzen Garaziko La Lire harmonia edo musika bandarekin nahiz beste orkestrekin. Baita Makeako Domingo (1886-1970) eta Simon (1919-1977) Oxarango aita-semeak ere Lapurdin.
BATERIA ETA JAZBANAK
Esan bezala, bonboak XIX. mendetik osatu du hirukotea danborra edo kaxa eta txindatekin. Hiruko hori da musika banden eta txarangen perkusio funtsa. “Ruido” eta tankerakoez landa, bateria izena eman izan zaio askotan talde horri. Hiru musikarik osatzen zuten bateria beraz, hiruak batean elkartu eta gaur egun bateriatzat dugun perkusio anitzeko soinu-tresna osatu arte. Txarangatan bateria zer izan den Joakin Ortega Canariok laburbiltzen digu, Incansables txarangaren sorreraz ari dela, 1971-1973 inguru hartan:
Garai batean txarangek bateria eramatea pentsaezina zenez, bonboa eta txindatak kotxean eramaten genituen bostok5: herri bakoitzean beti bazen hobeto edo okertxeago moldatzen zen norbait. Sistema honek ez zuen, ordea, urtebete baino gehiago iraun. Bateria osoa taldean sartuta (bonboa, kaxa eta txindatak), 1974an bigarren tronpeta jolea hartzea erabaki genuen, mexikar errepertorioa jotzea bururatu zitzaigulako gehienbat. ... bigarren saxofoia sartu genuen taldean, horrela taldean bederatzi tresna genituelarik, “burniak”, guk esan ohi dugunez: bi tronpeta, bi saxofoi, tronboia, bonbardinoa, bonboa, kaxa eta txindatak. Gaur formazio bera mantentzen dugu, noizean behin sousafoia edo helikoia erantsita; hamar tresna guztira, eta badirudi hori dela formaziorik egokiena, ezagutu ditugun txaranga gehienak horrela antolatzen baitira.
(Incansables, 2020, 34. or.)
Musikari bakarrak jotako bateria, gaur egun musika talde askok darabiltena, oinarriz hori da: bonbo, danbor eta txindatez osatutako soinu-tresna anitza. Horrelakoetan bonboa hankaz eragiten da, pedal baten bidez, eta danborrak eta txindatak era ezberdinetakoak eta bat baina gehiago izan daitezke. XX. mendean Amerika eta Europako beste herrietako modako musikek eraginda, berehala sartu ziren bateria hauek Euskal Herriko herri musikan ere, jazz band haietatik zetozelako hasi zitzaielarik deitzen jazban edo jazbana halako soinu-tresna zerabilten taldeei, Bizkaia eta Gipuzkoa aldean bereziki, eta metonimiaz, bateriari berari ere bai (hori zen formazio berri hauen gairik esanguratsuena nonbait). Akordeoi bat eta bateria, ahal bazen haizezko beste soinu-tresna batekin hornitua (saxofoia gehienetan), aski ziren jada 1920ko hamarkadatik aurrera Euskal Herri osoan plazaz-plaza ibili ziren jazbanak osatzeko6.

Zaldibiako (Gipuzkoa) Santa Fe jaietan Los Alegres musika taldearekin erromeria. 1951. (Iturria: Gure Gipuzkoa)
Asko dira bateria jazban edo orkestinatan jotakoak, haien izenak gehienean soinu-joleen itzalean geratu badira ere. Bakar batzuk aipatzearren, gogora ekar ditzakegu Gelatxoren jazbanean aritzen zen Roberto Garate Amallo, Lajarenean Jose Makazaga Ziolar, Galtxetabururekin Henri Uhaldebord, Garaziko Ramuntxo orkestrako bateria Dominik Larralde Ttinttin, edo Janluis Camblorrekin Juan Pakito orkestran jotzen zuen Popol Txikirrin (Camblor baionar sonatuak berak akordeoiaz gainera bateria ere jotzen zuela ahantzi gabe).

Ezkerretik hasita Roberto Garate, Enrike Eguren eta Pedro Sodupe Gelatxo. 1950eko hamarkadan, Donostian, San Sebastian egunean. (Iturria: Aristi, 2001, 14. or.)
Jazbanaren oinarria bonboa bada ere, ez da ahaztea komeni ohiko bateria horien antzera perkusio anitzeko beste jazban batzuk ere erabili izan direla. Joleak berak eskura izan dituen tresna eta osagaiekin norberak itxura emandako jazban hauek ez dute zertan bonborik izan, ezta danborrik ere askotan, mahai gaina edo egur zatiren bat bera nahikoak makilez atabalatzeko. Zaldibiko Jexux Telleria dugu horren adibide: mahaitxo baten gainean kanpaia, txinatar kaxa, txindata, danbor edo kaxa, metalezko erretilua,… atonduta, Jexux Mujika Telleria abaltzisketar soinu-jolearekin Jexuxen Jazpana osatuta urte luzetan ibili zen Larraitzen, Amezketako San Martinen, Zaldibiko Zubi-ondo tabernan bertan eta Goierriko hainbat txokotan bazterrak jazbanaz alaitzen (Maiz, 2013).
OHARRAK
2 Azkuek jasotzen du lehenengoz 1905eko hiztegian, Francisco Segura oñatiarrak egindako oharra baliatuz: “DUNBAL: 1º bombo, grosse caisse. (F. Seg.) – 2º (AN – ond), cencerro grande, grosse clarine.” (Azkue, 1905). Pierre Lhandek ere 1926ko Dictionnaire basque-français hiztegian badakar, eta geroztik han-hemenka erabili izan da hitz hau soinu-tresna honi buruz mintzatzeko, baina gutxitan. Ohartzekoa da jada Azkuek berak dunbal jasotzen duela dunba hitzaren aldaeraz: azken hau ordea, zintzarri handiari deitzeko terminoa da, eta bien arteko nahastea sor dezake.
3 Gaur egun musika bandetan eta, areago, orkestretan erabiltzen diren bonboek altuera handiko erresonantzia kaxak izaten dituzte maiz, eta txarangetan ere sartzen dira halakoak inoiz. Horregatik seguru aski, gero eta deigarriagoak gertatzen zaizkigu argazki zaharretan agertzen diren bonbo txapalak, 20 bat zentimetro baino askoz gehiago izango ez zutenak. Ikus 1939. urtean Garaziko Harmoniak edo 1974 inguruan Ramuntxo Orkestrak zerabiltzanak, adibidez (Sagaseta, 2011, 538. eta 548. or.).
4 Moreno, 2014, 157. or.
5 Bost horiek Incansables txarangaren sortzaileak ziren: Jesus Mari Zalakain Pipar edo Pipas bonbardinoa, Jose F. Esnaola Paotxa tronboia, Txomin Castro Sietemesino tronpeta, Joaquin Ortega Canario saxofoia eta Felipe Sagarna Zapa danborra. Bonbo jotzailea egonkortutakoan, 1980-90eko hamarkadan, J. Carlos Garcia Karlotti izan zen txaranga honetan luzaroen jardundako bonboa; askok oroituko du oraindik, Luis Mari Berasategi Tate txindata jolea lagun, Iruñeko sanferminetan zezenetatik irtetzean txarangari bidea irekitzen.
6 Ikus Aingeru Berguicesek honi buruz jasotakoa, entziklopedia honen Akordeoia artikuluko Soinu handia: Taldeak atala.
ITURRIAK
Bibliografia
Oharra: atabal edo danborrei buruzko bibliografia espezifikoa ia hutsala da eta danbolinarena berriz, txistuarenarekin batera doa. Aipatzen den bibliografia beraz, atabalarenaz gainera (Usabiaga, 2001), txistua eta dultzaina edo gaitaren ingurukoa da gehiena.
AMUTXASTEGI, F., IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (1987). Xemeingo ezpata dantza. Dantzariak. 37, 2-48. Euskal Dantzarien Biltzarra.
ANSORENA, I. (d.g.). Txistu ots gozoa nola?.
ANSORENA, J. I. (1990). Txistu gozoa. Erdi maila. Erviti Editorial.
ANSORENA, J. I. (1978). Txistu ikaskizunak. Caja Laboral Popular.
APEZETXEA, P. (1992). Hernani eta Txistua. Gipuzkoa Donostia Kutxa.
ARANBURU URTASUN, M. (2008). Niebla y cristal. Una historia del txistu y de los txistularis. Pamiela.
ARANBURU URTASUN, M. (2012). El txistu y el tamboril en Navarra. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 87, 5-69. Institución Príncipe de Viana – Nafarroako Gobernua.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; MENDIZABAL ITURRIA, A. (2000a). Txistua Oiartzunen (I). Lehen aipamenetatik XIX. mende bukaera arte. Txistulari, 182, 5-11. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; AROZENA MUXIKA, A. (2000b). 1880-1828. Txistua Oiartzunen (II). Txistulari, 182, 12-18. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
AROZENA EGIMENDIA, J. A.; AROZENA MUXIKA, A. (2000c). Txistua Oiartzunen (III) 1828-1878. Txistulari, 182, 19-29. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ARTAL, A.; ATEKA, O. (2006). Gordexolako dultzainea. Domingo Arza Lekanda: Enkarterrietako azken dultzaineroa. Enkarterrietako museoa.
ARTAL, A.; ZUNZUNEGI, I.; ZORRILLA, I. (1994). Bizkaiko dultzaina. La dulzaina en Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia.
BEDAXAGAR, J. M. (2018). Aitzina pika. Sü Azia.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2004). Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte. Herri Musikaren Txokoa.
BELTRAN ARGIÑENA, J.M. (2016). Larraungo herri-dantzak. Soinuenea Fundazioa. HMB-2016-1154-CD. [disko-liburua]
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. Edizioa (2017). Agirretxetarrak. Gipuzkoako dultzainaren testigantza. Soinuenea Fundazioa. HMB-2017-1172-CD. [disko-liburua]
CANTABRANA OCHOA, J. L. (1995). Txistularis y banda de txistularis de Araia (1864-1995). Txistulari, 162, 2-5. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
EGILUZ ISUSI, X.; IRIBAR IBABE, A. (1997). Historia del txistu en Orduña. Txistulari, 170, 6-22. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ELÍAS ODRIOZOLA, I. (1998). Txistulariak Azpeitian. Txistulari, 176, 21-26. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ELOSEGI GAMARRA, P. I. (1992). Banda de tamborileros de Vitoria. 1843-1914. Txistulari, 152, 14-22. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
ESPARZA ZABALEGUI, J. M. (2003). Historia del txistu en Tafalla. Txistulari, 196, 8-11. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
FERNÁNDEZ GRACIA, R. (2019-11-15). Patrimonio e identidad (20). Medios de comunicación de antaño: los bandos. Diario de Navarra, 68-69. Grupo La Información.
GARMENDIA LARRAÑAGA, J. (2007). Aprendiz de tamborrero y obra prima en Fuenterrabía. Historia: Artikuluak. 19-20. Eusko Ikaskuntza.
GOÑI, L. (2013). Agustin Laskurain, Donostiako Udal Txistulari Bandako atabalaria. Txistulari. 236, 4-6. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
INCANSABLES TXARANGA. (2020). Incansables 50 urtez. Incansables txaranga.
INTXAUSTI REKONDO, J. (2009). Segurako Ordenantza Orokorrak (1723). Vasconia. 36, 231-253. Eusko Ikaskuntza.
IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (1994). Dultzaina-gaita Bizkaian. Bizkaiko dultzaina. La dulzaina en Bizkaia (15-38). Bizkaiko Foru Aldundia.
IRIGOIEN ETXEBARRIA, I. (2014). Tamborileros en Bilbao durante el siglo XIX. Txistulari, 239, 9-35. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
IRUÑEKO GAITEROAK (1993). Gaiteroak Iruñean. Gaiteros en Pamplona. Iruñeko Udala.
IRUÑEKO GAITEROAK (1995). Método Elemental de Gaita. Gaita Oinarrizko Ikasbidea. Méthode Elementaire de Gaita 1. Haizea.
JIMENO JURIO, J. M. (1987). Tamborines y gaiteros en Estella (siglos XVI y XVII). Dantzariak, 40, 45-48. Euskal Dantzarien Biltzarra.
LABEAGA MENDIOLA, J. C. (1988). La gaita en Viana, siglos XVII-XX. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 52, 301-320. Institución Príncipe de Viana.
LABEAGA MENDIOLA, J. C. (1990). Danzantes y Gaiteros en Sangüesa. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 55, 140-156. Institución Príncipe de Viana.
LAKUNTZA TOLOSANA, J.; LAKUNTZA TOLOSANA, F. (1968). Método de gaita navarra. Diputación Foral de Navarra.
MADURGA CONTINENTE, R. (2004). La gaita y la danza en Pamplona: la gaita y su función sociocultural en la década de 1650. Euskonews, 259. Eusko Ikaskuntza. https://www.euskonews.eus/zbk/259/la-gaita-y-la-danza-en-pamplona-la-gaita-y-su-funcion-sociocultural-en-la-decada-de-1650/ar-0259001004C/.
MAIZ, A. (2013/11/21). Jexuxen Jazpana isildu da. Goierriko Hitza. https://www.calameo.com/read/00269896934e57cc5a0a4.
MARTINEZ AMEZKETA, I. (2011). Música más allá del tiempo. Musika denboratik haraindian. La gaita y los gaiteros en Estella Lizarra. Antzina, 12, 47-56. Asociación de Genealogistas Navarros Antzinako.
OLAZARAN DE ESTELLA, P. (1951). Txistu. Tratado de Flauta Vasca. Estudios Grafor. Bilbao, 1970. Berrargitalpena: Tratado de Txistu y Gaita. Diputación Foral de Navarra. Pamplona, 1972.
OÑATIKO TXISTULARIEN TALDEA (1994). Txistua Oñatin. Txistulari, 160, 17-20. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
PERURENA LOYARTE, P. (1993). Leitzako ziztulari atabaleroak (1880-1980). Txistulari, 153, 14-59. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
PERURENA LOYARTE, P. (2016). Goizuetako danbolintero batzuk (1608 -1729). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 90, 209-236. Institución Príncipe de Viana – Nafarroako Gobernua.
PEYRON (1780). Essais sur l’Espagne. Voyage fait en 1777 et 1778. Tome second. Geneva.
RODRÍGUEZ SUSO, C. (1999). Los Txistularis de la Villa de Bilbao. BKK – Bilbao Bizkaia Kutxa.
RUIZ DE LARRAMENDI ECHEVARRÍA, J. (1992). Tamboriteros en Salvatierra-Agurain y su comarca. Txistulari, 152, 36. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
SADA, J. M. (hitzaurrea, Donosty, J.M.) (1977). Dos siglos de tamborrada. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián.
SARRIEGI, R. (1898). El carnaval en San Sebastián. A. Díaz y cía.
SEDANO LAÑO, J. M. (1990). Banda de txistularis del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz. Txistulari, 144, 8-10. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
TELLIEZ, R. (2016). À cor et à cri. Le paysage sonore de la justice (France, fin du Moyen Âge ). Hablot, L., Vissière, L. Les paysages sonores du Moyen Âge à la Renaissance. 73-98. Presses universitaires de Rennes.
USABIAGA YEROBI, J. I. (2001). Atabala. Arratza – Danborra. Tambor – Tambour. Atabala jotzen ikasteko eskuliburua. Txistulari, 187. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
VARELA GÓMEZ, J. G. (2000). El txistu en Portugalete (1700-1996). Txistulari, 181, 7-11. Errenteria: Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
VILLAFRANCA BELZUNEGI, R. (1999). Estella y la música. Siglo XIX. Julián Romano Ugarte. Serinte.
ZUFIAURRE GOYA, J. (2008). Beasaingo musikak. Txistulari, 214-215, 2-24. Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
Irudi galeria
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 76
- Klasifikazioa:
- Menbranofonoak -> Kolpeaturik -> Danborrak makilez
- Oharrak:
- BONBOA

