Description
Musika banda14 aerofono, perkusio eta, aldika, kordofonoz osatutako talde bat da. Ikusitako talde guztietatik musika bandak izango lirateke instrumentu gehien erabiltzen dituztenak eta bandaren arabera, hasieran aipatutako zerrendako soinu-tresna gehienak erabiltzen dituztenak.
Gaur egun ezagutzen ditugun musika banden jatorria Frantziar Iraultzan eta ondoren jarduten zuten banda militarretan dago. Beraz, hasiera batean, musika bandak esparru militarrean erabiliko ziren.
Euskal Herrian banda zibil gehienak XIX. mendeko bigarren erdian sortu ziren. Banda militarrak imitatuz baina errepertorioa eta zereginak aldatuta, hainbat eta hainbat banda sortu ziren ekitaldi ezberdinetarako. Banda hauen bitartez saxofoi edo saxhorn (fliskorno-onobena) familietako soinu tresna berriak edo tubaren familiakoak (tuba-bonbardinoa-helikoia) sartu eta erabiltzen hasi ziren gure herri-musikako taldeetan.

Banda rural. Donostia. 1920. Eskuinetik laugarrena helikoia da eta bederatzigarrenak tuba dirudi. (Iturria: Kutxateka-Fototeka)
Hiriburuetan, Baiona (1879), Bilbo (1895), La Lyre (Donibane Garazi) (1920), Donostia (1887), Gasteiz (1894) edo Iruñan (1919) bandak sortu ziren.
Hainbat herritan ere bai. Hala nola, Agurain (1839), Arrasate (1921), Azkoitia (1868), Azpeitia (1866) Barakaldo (1878), Bergara (1832), Donibane Lohizune (1874), Eibar (1887), Elgoibar (1885), Elizondo (1914), Errenteria (1864), Getaria (1911), La Dinamita (Galdakao) (1889), Getxo (1871), Hernani (1861), Hondarribia (1819), Irun (1883), Laudio (1901), Lekeitio (1869), Mutriku (1832), Olite (1894), Pasaia Donibane (1817), Musical Pasaitarra (Pasaia) (1925), Santurtzi (1876), Tafalla (1861), Tolosa (1834), Tutera (1920), Zangoza (1896) eta Zumarragan (1894) musika bandak sortu ziren.

Donibane Lohizuneko musika banda (fanfare municipale). 1893. (Iturria: Euskal Herria lehen - Pays Basque d'antan)
Musika banda hauen funtzioa, kontzertuak emateaz edota dantzaldietan parte hartzeaz gain, udalarekin lotuta egongo liratekeen ospakizun eta zeregin instituzional ezberdinetan musika jotzea litzateke: korporazioak, inaugurazioak, kontzertu pedagogikoak, ospakizun erlijiosoak edota herriko festetan. Horrelako ospakizun-ekitaldietan txistu banda edo gaita joleekin batera jotzea ohikoa izaten da.
Adibide gisa, hauek izango lirateke:
Iruñeko Udal banda (La Pamplonesa)
La Pamplonesak kontzertuak emateaz gain ekitaldi hauetan parte hartzen du: Sanferminak (dianak, prozesioak…), Errege Magoei harrera, Ostiral Santuko prozesioa, Olentzerori harrera, San Fermin Aldapakoaren prozesioa, Santa Zezilia, San Saturnino, Batasun Pribilegioaren desfilea, Dolorosaren leku aldatzea.15
Tolosako Udal Musika Banda
Udalarekin hainbat emanaldi ditu hitzartuta, hasi kontzertuekin eta diana, prozesio eta kalejirekin jarraituz. Urtero errepikatzen dituzten lanetako batzuk hauek dira: Eguberrietan Olentzero eta errege kontzertuak, errege kabalgata, Inauterietan kontzertua, danborrada eta diana, Sanjoanetan sua, diana, alardea, prozesioa, kontzertua, bezperak eta aurreskua, auzoetako jaiak, adinekoen egoitzetako joaldiak... Kontzertu asko Udal Txistulari Bandarekin batera eskaintzen ditu. Herriko dultzainari taldeekin, Tolosa Kantarirekin eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin ere hainbat emanaldi izaten ditu.16

Tolosako Udal musika banda. 1892. (Iturria: Argazkiak Tolosa. Tuduri, 208. or.)
Irungo Udal Banda
“Musika banda bat behar izatearen arrazoia, Irun mugako herria izateari lotu behar zaio; errege, printze edo goi-agintarien derrigorrezko igarobide izanik, Udalak protokolo bat zor zien.”17
Irungo Udalak kontratu harremana du Irun Hiria Musika Banda Kultur Elkartearekin. Kontratu horren bidez, erakunde horrek hainbat kontzertu eta emanaldi eskaintzen ditu urtean zehar, eta San Pedro eta San Martzial jaietan protagonista izaten da hainbat kontzertu finkorekin, hala nola San Pedro eguneko kontzertua edo Junkaleko Ama Birjinaren kontzertua. Hirian oso errotuak dauden emanaldiak egiten ditu, esate baterako, maiatzaren 1eko kontzertua Larreaundi auzoan, Santiagoko edo polken kontzertua edo Euskal Jira; inauteriak edo errege kabalgata bezalako ospakizunak animatuz; hainbat formatutako areto kontzertuak eskainiz (kontzertu tradizionalak, haurrentzako kontzertuak, kontzertuak gonbidatutako artistekin batera...) edo hiriko auzoetako jaiak animatuz.18
Donostia
Gaur egun Gipuzkoako hiriburuak txistularien udal banda badu ere, 1887tik udal musika banda ere izan zuen. Garai hartakoak dira aipamen hauek:
Hoy, Santo Tomás, pasamos a recuperar la crónica que hizo de este día "La Voz de Guipúzcoa" en 1916.
[…] La banda municipal hinchó los instrumentos á puro soplar y, siguiendo la tradición, los programas se compusieron de obras de música vascongada que fueron aplaudidas por los pocos que las podían oír puesto que la algarabía, que también tradicionalmente reina en la plaza, no permite oír á la banda á más de dos ó tres metros de distancia […].19
(La Voz de Guipúzcoa. Viernes 22 de Diciembre de 1916. Pág. 1.)
…El 14 de agosto de 1921, todo era animación y alegría en el populoso barrio de Gros. Ese día se inauguraba oficialmente el nuevo puente del Kursaal, que pronto pasaría a llamarse "de la Zurriola"…
….Acto seguido, la Banda Municipal comenzó a interpretar la Marcha de San Sebastián, y el cielo se llenó del ruido de los cohetes que fueron lanzados….
En Amara
LOS FESTEJOS DE SAN JUAN
…De diez a una de la noche, gran verbena en el parque de atracciones, en la que alternarán las bandas populares "Iruchulo" y "Armonía"….
…Día 26.—De nueve a diez y media de la noche, amenizará en la Plaza de Easo la popular banda de música "Unión Bella Iruchulo", que en obsequio a la Sociedad y al barrio satisface don Toribio Calamendi….
(Iturria: La Voz de Guipúzcoa. 24 de junio de 1928. Pág. 9.)20

Donostiako La Armonía musika banda. 1928. (Iturria: Kutxateka-Fototeka. Arg.: Pascual Marin)
Errenteria
Madalenetako 1934ko jai egitarauan agertzen den bezala herriko “eresbatza” zein txistulari taldea Donostiako “Union Bella Irutxulo” bandarekin tartekatzen dira dantzaldian.

Errenteriako Madalenetako egitaraua. 1934. (Iturria: Revista ilustrada Oarso nº 5 julio 1934)
Herri txikietan, bandak txikiagoak izaten dira eta haien zereginak ere bai, hau da, banda hauek ez dira nahikoa handiak kontzertuak emateko baina badira oso aproposak herriko dantzaldietarako. Herri musikan adibideak ditugu Iparraldeko hainbat ospakizun ezberdinetan: Kabalkadak, Besta berri…

Aguraingo musika banda dantzaldian. (Iturria: Archivo Ruiz de Eguino)

Konstantzia banda dantzaldian. Pasaia Donibane, 1950. (Iturria: La banda “Constancia” 1817-2017)

Aita Donostia Eibarko La Marcial musika banda zuzentzen. Eibar, 1917. (Iturria: Kutxateka-Eibarko argazkiak)
Honen harira, aipamena egin behar da musika banda hauek egiten duten herri-musikaren erabilerari buruz. Ohikoa da erabiltzen duten errepertorioan euskal herri-musikan oinarritutako obrak jotzea. Obra horietan erritmoak, melodiak edota soinu-tresna tradizionalen erabilerak garrantzia handia du.


Kornetin (1932) eta onobenarentzako partiturak. Bandarako transkripzioa: D. de Egileor. (Iturria: J. M. Barrenetxea Fondoa)

Gasteizko Udal Musika banda, Udal eta Diputazioko Txistulari bandekin batera blusen jaitsieran Andre Mari Zuriko festetan. Gasteiz, 1964. (Iturria: Photo Araba)

Hernaniko Musika Banda eta Donostiako Udal Txistulari Banda. 2016. (Iturria: El Diario Vasco)
Aldi berean, musika bandak izan dira, urteetan, hiri-herrietan hezkuntza edo funtzio formatibo musikala bete izan dutenak. Talde hauen inguruan musika akademiak sortu baitira Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan.
Academia y bandas fueron instituciones paralelas, al punto de que las actuaciones de las bandas fueron llamadas también academias. El Reglamento de la Academia de Solfeo de la Banda de Música Municipal de Estella (1935), por citar una tardía, decía que el fin de la banda era “contribuir al realce de las fiestas y actos públicos y proporcionar a la Ciudad tan importante elemento de solaz y cultura popular…”
(Gran Enciclopedia Navarra)

Iruñako Errotxapeako Escuelas del Ave Maria musika banda. Iruñea, 1934. (Iturria: Ondaregia)
OHARRAK
14 Iparraldean: Harmoniak.
15 Wikipedia: La Pamplonesa (musika banda). https://eu.wikipedia.org/wiki/La_Pamplonesa_(musika_banda). (2022/06/30ean kontsultatua).
16 Wikipedia: Tolosako Musika Banda. https://eu.wikipedia.org/wiki/Tolosako_Musika_Banda. (2022/06/30an kontsultatua).
17 Agrupación Cultural Banda de Música Ciudad de Irún: Historia. https://www.bandadeirun.com/eu/historia/. (2022/06/30an kontsultatua).
18 Irungo Udala. https://www.irun.org/eu/kultura/kultur-programak/musika/musika-banda. (2022/06/30an kontsultatua).
19 La Voz de Guipúzcoa. 1916/12/22. 1. or.
20 Urrestarazu Parada, I. http://donostiando.blogspot.com (2022/09/16an kontsultatua).
Full sheet
- Number:
- 223
- Notes:
- MUSIKA BANDAK