Lan honen edizioaz arduratu den Juan Mari Beltranek aurkezpenean azaltzen duen bezala, lehenago egin diren hiru lanen bilketa da honen oinarri eta funtsa. Lan haiek Iruñeko Gaiteroek, Juan Mari Beltranek berak eta Marcel Bedaxagarrek 1970 eta 1986 artean egindakoak dira. Urte haietan egindako bilketek garrantzi handia dute, izan ere, gaur egun gure inguru eta garaiko musikan ohikoak ez diren hainbat elementu agertzen bait dira; horien artean ditugu txanbela izeneko soinu-tresna eta berekin, zein ahotsarekin, Pethi Xübüko Arhanek egiten dituen doinuak.Argitalpen honek Lakarriko (Zuberoa) musikariari hartu zitzaizkion audio grabazioak ditu CD eta DVD banatan. Horretaz gain, 96 orrialdeko liburuxka du. Bertan Iruñeko Gaiteroek Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian argitaratutako Caubet Chubuko Arhan: Txanbela eta khantoriak (I eta II) artikulua Junes Casenave-Harigile zenak euskaratu zuen bezala ageri da, Zuberoako euskalkian. Lan hau osatuz Titika Rekalt, Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltranek egindako idatziak daude. Horietan Pierre Caubet zein zen hobeto ezagutzeko aukera izateaz gain errepertorioaren azalpena ere badago.