Langue: basque, espagnol, anglais
Gorka Bravo musikari gasteiztarrak kaleratu du lan hau, zarrabetea jotzen hasi nahi duen jendeak abiapuntu bat izan dezan. Metodoak atal teoriko bat du, eta bertan digitazioa, errepikapenak, ornamentazioa, artikulazioa eta erritmoa bezalako kontzeptuak azaltzen dira. Ondoren, oinarrizko ariketak eta Ehun Doinuak ditu.
Nola ikas dezakegu modu autodidaktan Ehun Doinuak liburuarekin?
- Sarrera irakurri
- Liburuaren bukaeran Gida didaktikoa dago. Bertan abesti bakoitza nola landu azaltzen da, aurretik egin daitezkeen ariketak, gomendioak, etabar, eta ikasketa prozesuan lagunduko dizue.
- Gida didaktikoan 1. Mailatik hasiko gara, lehenengo abestiarekin, Zazpi Jauzi. Horretarako, doinuaren gida ongi irakurri. Aurretik ze irakurri behar duzuen, eskuen kokapena, hatz-jokoa, etabar azaltzen dira. Horretaz gain abestia jo aurretik ariketa batzuk egitea proposatuko zaizue.
- Gida irakurri, teoria irakurri eta ariketak egin ondoren, abestiaren orrira joan zaitezkete, kasu honetan 146. orrira. Bertan, abestiaren izenburuaren ondoan, partitura non aurki dezakezuen jakiteko datu batzuk ikusiko dituzue. Kasu honetan, transkripzioa "Patxi eta Batbiru" taldearena eta "Mutxikoak, fandango..." diskokoa da. Horrekin, abestia hainbat plataformatan bila (Spotify, Youtube, etab.) eta entzun dezakezue. Behin baino gehiagotan entzun ondoren, hurrengo puntuari helduko diogu.
- Lehenik eta behin, kantua poliki landuko dugu, presarik gabe, noten azpian dauden zenbakiei eta zarrabetegramari jarraituz. Partiturak Musescore formatuan badituzue, honek lagundu gaitzake, programak kanta erreproduzitu baitezake partituraren irakurketarekin lagunduz. Horretarako, aski da play tekla sakatzea:
- Oso azkarra bada, abestiaren abiadura jaitsi dezakezue tempoaren adierazpenaren gainean klik bikoitza eginez eta abiadura txikiagoa idatziz.
F11 tekla sakatu eta tempo barran behera eginez ere alda dezakezue abiadura.
- Poliki landu ondoren, abiadura igotzen joan gaitezke jatorrizko grabazioaren laguntzarekin. Hala ere, oso azkarra iruditzen bazaizue, YouTube erabiltzen baduzue, jatorrizko abestiaren abiadura jaitsi dezakezue gurpil horzdunaren irudia sakatuz.
Abestia lantzen bukatutakoan hurrengo abestira pasa gaitezke, eta horrela bukaerara arte! Ánimo!