Azalpena
Igela idiofono punteatua eta malgua da.
Egitura
Metalezko txapaz egindako intxaur azal erdi gisako pieza bat da, igel baten itxura duena. Tapa gisa altzairuzko mihi zabal bat du, alde batean “igelari” lotua eta bestean libre.
Joera
Igelaren bizkarra behera eta mihia goialdera begira jarririk, hatz lodiaren eta erakuslearen artean hartzen da. Lodiarekin mihia zapaldu eta askatu egiten da, libre duen aldetik. Bere posizio naturaletik urrundu eta gero bueltatzerakoan mihiak “klik, klik” hotsa egiten du.
Historia
Haur denboran, beste toki askotan bezala Nafarroako Sakana bailarako herrietan erabiltzen ziren metalezko hots-tresna txiki hauek. Herriko festa nagusietan, kanpotik etortzen ziren ferietako saltzaileek jostailuzko ezpatak, pistolak, maskarak, gozokiak, litxarreriak eta halako igelak saltzen zituzten. Haurrak hauek erosi eta matraka ematen aritzen ziren festak irauten zuten bitartean, gero urte osoan tresna hauen hotsak entzungo ez ziren arren (Beltran, 1996, 57.or).
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
Irudi galeria
Audioa
Igela joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 31
- Klasifikazioa:
- Idiofonoak -> Punteatua / malgua
- Oharrak:
- Igela, frog