Azalpena

EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Saxofoia mihi bakuna duen aerofonoa da.
Saxofoiak letoizko hodi konikoa du. Aho aldean kanaberazko mihi bakarra du, eta behealdean kanpai gisako zabalgunea. Tonu aldaketarako zuloak ditu eta eskala kromatikoa egin ahal izateko 20 bat metalezko giltzaz osatutako sistema du.
Familia oso bat osatzen dute baina gure musika taldeetan gehien erabiltzen direnak hauek dira: saxofoi tenorra Si b-en eta saxofoi altua Mi b-n. Neurri txikiago batean saxofoi sopranoa, baritonoa eta baxua erabiltzen dira.
Bi eskuekin hartuta, ahokoa ahoan sartu eta haizea botatzen da kanaberazko mihia dardararaziz. Honekin batera, klarinetearekin gertatzen den bezala, presio ezberdina erabiltzen da aire-korrontearen abiadura handitu edo gutxitzeko. Horrela, haize zutabea kontrolatu eta tesituraz aldatzea lortzen da.

Saxofoi mezzosopranoa. JMBA Bilduma, 354 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
HISTORIA
Mihi bakuneko soinu-tresna hauek mota desberdinetako taldeak osatu dituzte Euskal Herriko eskualde guztietako herri jai eta festetan dantza eta doinu ezberdinak joaz.
Adolphe Sax-ek Frantzian asmatu zuen XIX. mendearen erdialdean eta saxofoiaren presentzia garrantzi handikoa izan da Euskal Herriko musika bandetan XIX. mende bukaeratik aurrera eta ondoren sortutako orkestina-jazbana, fanfarre edota txaranga gisako musika taldeetan.
Liburuki honetako Haizezko taldeak atalean landuko ditugun herri musikako musika taldeetan ezinbesteko soinu-tresna bihurtu dela esan behar genuke. Aldi berean, klarinetea ez bezala, bakarlari gisa dantzei laguntzeko saxofoia ez da hain erabilia izan. Beti ere, beste soinu-tresna baten laguntzaz erabili izan da.

(Arg.: Henri Uhaldeborde)

Luzaide. (Arg.: Emilio Xavier Dueñas)
Estatu espainiarrean lehen saxofoi jotzailea militar bat izan zen: Jose Piqué Cerveró, 1814an Tuteran (Nafarroan) jaioa. Honek ematen digu lehenengo saxofoi jotzaileak zeintzuk izan zirenen aztarna: militarrak.
[…] determinaron dar un concierto instrumental, que tuvo lugar en la noche de dicho día en el salón de la Universidad, donde se halla acuartelado el primer batallón, siendo dirigido por el profesor don José Piqué, músico mayor del mismo cuerpo. Se tocaron piezas muy escogidas, algunas de ellas obligadas del instrumento nuevo llamado saxofón, que en pocos días de estudio ha conseguido adquirir la mayor ejecución y perfección en su desempeño el referido profesor.
(Iturria: Boletín Nacional [28-10-1849] La Patria, Madrid)
Irudi galeria
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 218
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Bakun (klarinetea)
- Oharrak:
- SAXOFOIA

