EntziklopediaTAILERRA: LATORRIZKO TXULUBITA

Latorrizko txulubita. JMBA Bilduma 70 zk. (Arg.: O. Zapirain – Soinuenea)

Nola egin?

Piper-poto bat edo latorri zati bat hartuko dugu. Guraizeekin bi zati egingo ditugu, gutxi gorabehera marrazkian bezalakoak (5x1,5 cm eta 8x1,8 cm). Bi zati hauek markaturik dauden tokietatik tolestu behar dira.

Orain, zati luzeenari forma borobila emango diogu, txulubitaren aire ontzia eta egitura nagusia osatuz. Gero, oraindik zuzen dagoen zatiaren inguruan (aho aldean) beste latorri zatia jarriko dugu, ongi tolestuta, haizearentzako kanal garbia eginez. Borobila osatuz lehenago kiribildu dugun zatiak kanalaren parean egon behar du, baina tarte bat utzirik, elkar ukitu gabe. Bukatzeko, zati luzeak soberan duena beherantz tolestuko dugu, ahoko behealdearen kontra.

Nola jo?

Txulubita jo ahal izateko modu berezian hartu behar da. Bi hatzekin (lodia eta erakuslea) haize ontziaren alboko bi aldeak itxi behar dira. Hau egin eta gero, kanalaren zatia ahoan sartu eta haizea bota besterik ez da egin behar. Jostailua prest dago txistu egiteko. Txio hotsa nahi bada, ontziaren barruan kortxo edo bestelako bolatxo bat sar daiteke. Haizearen eraginez bolatxoa bueltaka hasiko da, txio hotsa eraginez.

Gazte bat latorrizko txulubita jotzen. (Arg.: JMBA)