Txistu eta organo kontzertua

2019 Urtarrila 27 - 2019 Urtarrila 27 / San Esteban Parrokia. 17:15etan kontzertu aurreko kolokioa eta 18:00 KONTZERTUA

Soinuenea Fundazioa, San Esteban Parrokia, Oiartzungo Udala eta Kutxabank izango dira Oiartzungo Organo Zaleak Kultur Elkartearen laguntzaileak kontzertu honetan.

Kontzertua korutik entzuteko aukera emango zaie lehenik azaltzen diren  25 lagunei, besteek kontzertua aldarean jarriko den pantailan jarraitu ahal izango dute.

 

IGNACIO ARAKISTAIN. ORGANOA.

Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondoren, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Duela urte bete, saritua izan zen Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketan, tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioren aipamen berezia jaso zuen. Gaur egun, Musikenen, Esteban Landart, Loreto Fdz. Imaz edo Loïc Mallié maisuekin organoko goi mailako ikasketak egiten dihardu. Aurten, gainera, bere pianoko goi mailako ikasketak hasi ditu Musikenen, baita ere, Miguel Ituarte maisuaren gidaritzapean.

 

PEIO IRIGOYENTXISTUA.

Irunen jaio zen 1992an, bertako musika eskolan tronpeta eta txistu ikasketak hasi zituelarik Miguel Echepare eta Ion Irazokirekin, hurrenen hurren. Tronpeta ikasketak bertan jarraitu bazituen ere, txistu ikasketak Donostiako Musika Eskolan sakondu zituen, Aitor Arozenaren gidaritzapean. Gaur egun Musikenen txistu ikasketak egiten darrai, Aitor Amilibia maisuarekin. Arlo akademikotik at esperientzia duen musikaria da. Inguruko zein atzerriko talde, pop-rock banda, koru eta dantza taldeekin aritu da. Bakarlari lanetan hainbat emanaldi eskaini ditu, haien artean Irun Hiria Musika Bandarekin, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin edota Hondarribiko Txistulari Bandarekin. Irun Hiria Musika Bandako tronpetista izanik, Kemen Dantza Taldeko musikarien ardura eta Irungo Txistulari Bandaren zuzendaritza lanak uztartzen ditu gaur egun. Azken ikasturteetan Oiartzungo Soinuenean txistu irakaslea ere bada.

Egitaraua