AGIRRETXETARRAK

Herri Musika Bilduma aberasten duen disko-liburu berri hau Dultzaina Gipuzkoan. 1950. hamarkada arte (Beltran, 2004) liburuak eta Dultzaina Gipuzkoan. XX. mendeko Gipuzkoako dultzaineroen musika (Beltran, 2015) disko-liburuak hasitako hariari jarraipena ematen dio.

Lehenak dultzainak eta dultzaineroek Gipuzkoan 1950. hamarkadara arte izan duten presentzia aurkezten zuen. Ordura arteko soinulari haiek jotzen zuten musikaren bilketa zabala da liburu horren ardatzetako bat. Beste ardatza, soinulari haiek erabiltzen zituzten soinu-tresnei buruz eta inguruko informazio orokorra da; dokumentazio zabalarekin osatutakoa. Eta lan hartako atal guztietan aipatzen ziren Agirretxetarrak. Izan ere alor ezberdinetan arrastoa utzi zuten, bereziki soinu-tresna egile eta errepertorioaren sortzaile bezala.

Geroago argitaratu genuen Dultzaina Gipuzkoan. XX. mendeko Gipuzkoako dultzaineroen musika disko-liburuan berriz, liburuan transkribatuta argitaratu ziren 172 pieza haietatik 52 entzuteko aukera dago, eta tartean Agirretxetarrena zen bat. Argitalpen hartan, dultzainero guztiak kontuan hartu eta joaldi bilduma ahalik eta zabalena sartu nahian jatorrizko piezen bertsio laburtuak editatzea hobetsi genuen, beti ere piezen zati ezberdin guztiak hartuta.

Bi lan horietan argi geratu zen Agirretxetarren presentzia eta protagonismoa nabarmena izan dela.

 

Orain argia ikusi duen proiektu hau 2015eko disko-liburua argitaratu ondoren sortu zen. Konstantino eta Eugenioren familiak Agirretxetarren joaldien grabazioz osatutako beste CD bat egiteko asmoa eta nahia azaldu zioten Soinueneari. Hori elkarlanean egin eta HM bildumaren zenbaki berria izatea proposatu zuten.

Dultzaina jo eta maitatzen dutenentzat interesgarria izan daitekeela pentsatuz Gipuzkoako dultzainero familia honen hiru belaunalditako lekukotasuna biltzen duen lana burutu dugu. Horretarako, Agirretxetarrei buruzko azalpen ahalik eta osatuena aurkezteko asmoz, Joxe Luix Agirretxe, Javier Lacunza eta Juan Mari Beltranek hainbat atal dituen disko-liburua prestatu dute.

Joxe Luix Agirretxek familiaren jatorriari buruzko idatzia prestatu du, dultzainero gisa izan duen ibilbidea bereziki jorratuz.

Iruñeko Gaiteroak taldekoa den Javier Lacunzak Jose Mari Agirretxerekin berak eta bere anaiak izan zituzten harremanak gogoratzen dituen idazlan labur bat egin du.

Edizioaz arduratu den Juan Mari Beltranek Iruñeko Fernando Lacunzari eta Tolosako Ramon Garikanori egindako elkarrizketetan Agirretxetarrei buruzko informazio interesgarria bildu du. Gainera, Gipuzkoako dultzainero hauek gure herri musikan egin duten ekarpen handia eta honek dultzainaren esparruan Gipuzkoan izan duen eragina eta garrantzia nabarmentzen dituen lana idatzi du.

Liburuxkan pieza guztiei buruzko informazio eta xehetasunak sartu dira eta joaldi guztien partitura bilduma ere bai.

Diskoan errepertorio bariatua eta esanguratsua bildu da. Guztira jatorrizko 30 grabazio dira, oso-osoak, laburtu gabe eta jo zituzten bezala. Horietako batzuk 1920. hamarkadan egindako grabazio remasterizatuak dira eta bertan Agirretxetarren lehenengo belaunaldia entzun daiteke. Grabazio berriagoetan bigarren belaunaldia osatzen zuten Konstantino eta Eugenio anaiak, eta hirugarren belaunaldiko Iñaki eta Edurne danbor joleak entzun daitezke, Hernaniko Ander Barrenetxea danbor joleaz gain.

Esker ona adierazi nahi diegu lan honetan beren laguntza eta kolaborazioa eskaini diguten guztiei, eta bereziki Agirretxe familiari.

Egindakoa gure kulturaren mesederako izango delakoan, Agirretxetarrek egin diguten eskaintza honekin gozatuko duzuelakoan gaude. Irakurri, entzun eta musikariak bazarete, baliatu dultzainero hauek egiten diguten ekarpen eta eskaintza.