Azalpena
Makilez kolpekatutako menbranofonoen artean badira tenkatutako mintz bakarra edo bi dituztenak, erresonantzia kaxa edo uztai baten gainean. Mintz bakarrekoak, ordea, ez dira oso ezagunak izan Euskal Herriko herri-musikan. Badira batetik erresonantzia kaxa irekia edo uztai soil bat dutenak, panderoaren antzera, baina horiek makilaz jotzea ez da lur hauetan ezagutu izan, ez bada beste herri batzuetako kulturetatik berriki ekarrita (Irlandako bodhran delakoa, adibidez). Bestetik, erresonantzia kaxa hori itxia dutenak daude, mintza kaxaren alde irekian tenkatuta: tinbalak dira hauek.
Tinbalek, gaur erabiltzen direnek behintzat, esferaerdiaren formako kaxa izaten dute, kobrezkoa maiz, eta afinazio zehatza ematea dute bereizgarri nabarmen. Bi makila edo mazoz joak, orkestretan eta musika bandetan erabiltzen dira aspaldidanik, eta XX. mendearen azken hondarrean beste talde batzuetan ere ezagutu dira noiz edo noiz, hala nola txistulari taldeetan. Baina hori musika obra jakinak interpretatzeko gertatu izan da*. Herri-musikan tinbalak erabili izanaren testigantzarik ez dugu, gaur gaurkoz.
Danborraren familiakoak dira oro har atal honetan aurkeztuko ditugun soinu-tresnak, Euskal Herrian ezagutu eta erabiltzen direnak. Tamaina askotakoak izanik eta jotzeko ere, makila bakarraz ala biz kolpekatuta, teknika eta funtzio ezberdinak dituztelarik, osagai beretsuak dituzte atabalek, danbolinek eta bonboek: erresonantzia kaxa zilindrikoa (handiagoa ala txikiagoa), bi aldeetan larru edo mintz bana tenkatuta dituena.
Mintz hori larrua izan ohi zen batik bat, XX. mendearen lehen erdira arte behintzat, baina gaur oso zabalduak dira plastikozkoak ere. Danbolin-larru, atabal-larru, danbor-larru, arratz-larru edo gazteleraz partxe ere deituak, larrua esaten zaie nahiz beste material batez eginak izan. Bonboen kasuan ezik, beste danborretan bi larruetako bat izaten da makilez kolpeka jotzen dena: kolpekatzeko larrua edo jotzekoa. Besteari pordoi-larrua esaten zaio, hain zuzen, bigarren mintz horrek soka edo haria (pordoia) izaten baitu gainean tenkaturik. Joleak jotzeko larruan eragiterakoan, erresonantzia kaxaren bidez bigarren larruak ere dardara egiten du, eta honela, pordoiaren bibrazioak bere hotsez aberasten du larruen soinua.
Izan daiteke hari bakarra edo bat baino gehiagokoa, usuenik abere hestez edo alanbrez egina (gitarraren hariak oso erabiliak izan dira horretarako), eta gaur egun material sintetikoak ere erabiltzen dira.
Larruak tenkatzeko zurezko uztai banaz heltzen zaizkio erresonantzia kaxari, bi uztaiak soka batez sigi-sagan lotuta; soka horri larru zatiz egindako tenkagailuak jartzen zaizkio, atera edo bestera tira egindakoan danbor larruak tenkatu edo laxatzeko. Soka-tenkagailuen ordez metalezko hagak ere maiz erabiltzen dira, atabaletan eta bonboetan bereziki; hauek, torloju baten moduan, azkoin edo tuerka bidez tenkatu eta laxatzen dituzte larru-uztaiak.
Danbor hauek eragiteko era ezberdinetako makilak erabiltzen dira: bonbo eta bonbeteekin mazoak, eta danbolin eta atabalekin zurezko ziri, zotz edo makilak.
* Miguel Gonzalez Bastidaren (Bergara, 1920-2013) Martxa heraldikoak, adibidez, tinbalez jo izan dira eta hala entzun daitezke 1997an egindako grabazioan ere (Euskal Herriko Txistulari Elkartea, 1997), txistulari taldea, tronpetak, atabala eta tinbalez. 1964an konposatutako obra hauek ordea, tinbalentzako ez baina, danborrerako idatzi zituen egileak, eta hala argitaratu Txistulari aldizkarian.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 109
- Klasifikazioa:
- Menbranofonoak -> Kolpeaturik -> Danborrak makilez
- Oharrak:
- MAKILEZ KOLPEKATUTAKO MENBRANOFONOAK
