Azalpena
Ikonografian, badira identifikatzen errazak diren soinu-tresna eta musikariak: danbolinteroak edo xirolarru nahiz arrabita jotzaileak, adibidez. Oboearen familiako tresnekin ez da hain erraza gertatzen ordea. Askotan, ezin izaten da garbi ikusi zer nolako soinu-tresna agertzen den halako irudietan, eta zalantzak sortzen dira horietakoa den ala tronpetaren familiakoa. Hiru ezaugarri har daitezke kontuan, zalantzan dagoen horrek mihi bikoitzeko aerofonoa irudikatzen ote duen erabakitzeko: hodi zuzena duen eta, konikoa ez bada, konikotasunik ote duen; aho-matrailen jarrera nolakoa den; joleak tresna bi eskuz hartzen duen, esku bat goian eta bestea beherago, hatz-jokoa eragiteko moduan (antzeko forma izan dezaketen tronpeta naturalak esku bakarraz heldu ohi dira). Irizpide horiek hartuta, aukera egin behar izan da hemen, beraz, Euskal Herriko ikonografian agertzen diren tresna ugarien artean.
Araba
JASOKUNDEKO ANDRE MARIAREN PARROKIA
Trebiñuko San Pedro parrokian bada XV. mendeko margolan bat, Aranako parrokiatik ekarria. Aranako Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako erretaula nagusian zegoen hau, eta Artzainen Anuntziazioa izeneko eszena ageri da bertan. Musikari bat ikus daiteke, oboearen tankerako soinu-tresna jotzen: dultzaina edo txirimia bat.


Aranako parrokiako erretaulako Artzainen anuntziazioa: dultzaina-txirimia jolea. (Arg.: JMBA - E.X. Dueñas)
GUARDIA (ARABAKO ERRIOXA)
SAN JOAN ELIZA
Guardiako San Joan elizaren XVIII. mendeko Pilarreko Andre Mariaren kaperaren goialdean, hainbat musikari ikus daitezke, bertako ministril talde gisa. Horien artean dago hau, txirimia izan daitekeen tresna jotzen duena. Guardiako ministrilei buruzko Informazio interesgarria eskaintzen du Eduardo Morenok Los ministriles en Laguardia. Origen, práctica y desaparición artikuluan1.


San Joan elizako Pilarreko Andre Mariaren kaperan dagoen txirimia jolea. (Arg.: JMBA)
KEXAA-QUEJANA (AIARA)
AIALA KANTZILERRAREN KAPERA
Kexaako Aiala Kantzilerraren kaperan bazen XIV. mendeko erretaula gotiko bat, Adatsaren Ama Birjinarena, gaur egun Chicagoko Arte Institutuan gordeta dagoena. Haren beheko zerrendaren erdian, haizezko soinu-tresna hau ageri da. Hodi koniko samarra duen aerofonoa da eta, hatz jokorako zulorik ikusten ez bazaio ere, musikariak nola heltzen duen eta ahoaz nola hartua duen ikusita, mihi bikoitzeko aerofonoa dela dirudi.


Aiala Kantzilerraren kaperako erretaula. (Iturria: Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa)
TREBIÑU
SAN PEDRO PARROKIA
Ikus Arana (Trebiñu konderria) Jasokundeko Andre Mariaren Parrokia atala.
TORTURA (KUARTANGO)
SAN ANDRES PARROKIA
Torturako San Andresen parrokian bada XV. mende bukaera edo XVI.aren hasieran margotutako jaiotza bat, egile ezezagunekoa. Han, bi musikari agertzen dira: batak xirolarrua jotzen du eta, besteak, dultzaina edo txirimiaren bat izan daitekeena.

Eszenaren eskuin aldean oboearen familiako soinu-tresna. (Iturria: Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa)
Bizkaia
BALMASEDA
SAN SEVERINO ELIZA
XIV. mendekoa da Balmasedako San Severino elizaren portada nagusia, arkibolta baten goialdean aingeru musikaria duena, dultzaina edo txirimia izan daitekeena jotzen (arkibolta beraren behealdean beste aingeru musikari bat ere bada, xirolarrua jotzen ari dena). Irudiak ez du behar adina informazio ematen zer motatako soinu-tresna izan daitekeen zehatz jakiteko, baina duen konikotasunagatik eta ahoan hartzeko eragatik, esan daiteke mihi bikoitzeko aerofonoa dela. Tresna heltzeko eragatik, musikaria bera ezkerra dela ere aipagarria da.


Balmasedako San Severino elizako portadako aingerua, dultzaina-txirimia joaz. (Arg.: JMBA)
BERMEO
SANTA EUFEMIA ELIZA
Bermeoko Santa Eufemia elizan, Mendozatarren hilobiko arkuaren errematetik datorren Azken Judizioa-ren eszena hau dago, XV. mendearen amaiera edo XVI. mendearen hasieran alabastroz egina2. Oso ongi ikusten dira goiko aldean ageri diren soinularien bi txirimien pitak.


Bermeoko Santa Eufemia elizan ageri diren txirimia joleak. (Arg.: JMBA - E.X. Dueñas)
LARRABETZU
SAN EMETERIO ETA SAN ZELEDONIO ELIZA
San Emeterio eta San Zeledonioren elizako XVI. mendeko erretaula nagusian, eskuineko kaleko goialdean, Jesusen jaiotzaren eszena dator. Oboearen familiako soinu-tresna jotzen duen musikaria ageri da han, forma eta neurriagatik txirimia izan daitekeena.


Txirimia jolea Larrabetzuko elizako erretaula nagusian. (Arg.: JMBA – E.X. Dueñas)
LEKEITIO
ANDRA MARIAREN JASOKUNDEAREN BASILIKA
XV. mendeko Lekeitioko Andra Mariaren Jasokundearen basilikak musika ikonografia aberats eta ugaria du, mota askotako musikariak jasotzen dituena. Horien artean, oboearen tankerako hau jotzen duena. Mendebaldeko eliz atariaren kanpoaldeko arkiboltan dauden musikarien artean dago eta, argazkian ikus daitekeenez, tresnaren hodia zuzena da, konikotasunik ere baduena. Txirimia edo tankerako tresna eusteko eragatik, musikari hau ere ezkerra dela igartzen da.


Lekeitioko Basilikako mendebaldeko eliz atariko txirimia jolea. (Arg.: JMBA)
Elizaren barruan berriz, XX. mendeko erretaula nagusiaren erdiko kaleko bigarren pisuan, Ama Birjina haurrarekin deitutako eszenan, bi musikari ageri dira: bata hiru zuloko flauta eta ttunttunaz eta bestea txirimia izan daitekeen aerofonoaz.


Txirimia jolea Lekeitioko erretaula nagusian. (Arg.: E.X. Dueñas)
Lapurdi
BAIONA
SANTA MARIA KATEDRALA
Baionako katedraleko sakristiak XIII. mendeko portada du. Haren ezkerreko tinpanoan, Euskal Herrian jo edo erabili izan diren soinu-tresnak agertzen dira, hamalau aingeru musikariren eskuetan. Horien artean bada hiru hodi dituen aerofonoa jotzen duen bat3.


Baionako katedraleko hiru hodiko aerofono jotzailea. (Arg.: JMBA)
Soinu-tresna bitxi hau osatzen duten hiru hodiek, klarinete hirukoitza izan daitekeela pentsatzera eraman gaitzakete, Sardiniako launeddas direlakoen antzekoa. Hodien konikotasunari erreparatuta ordea, oboe hirukoitzaren alde egin dugu, mihi bikoitzeko aerofonoak direlakoan.
BIARRITZ
SANTA EUGENIAREN ELIZA
Biarritzeko Santa Eugenia eliza neogotikoko beirateetako batean (1898) Jesukristo haurrez inguratua izeneko eszena dago. Beirate honen goialdean txirimia jole hau agertzen da beste hainbat soinulariren artean.


Txirimia jolea Biarritzeko Santa Eugenia elizako beiratean. (Arg.: JMBA)
Nafarroa
IRUÑEA
ANDRE MARIAREN KATEDRALA
Iruñeko katedralak musika ikonografia ugari eta askotarikoa du, eta horien tartean txirimia jole hau ere bai: San Tomas edo Caparrosoren erretaulan, Birjinaren Koroatzea-ren taulan, aingeru harpa-joleaz gainera, txirimia eskuetan duena ere bada. Margolariak ezkerra bailitzan irudikatu zuen txirimia jotzailea.


Txirimia jolea Birjinaren Koroatzea-ren eszenan. (Arg.: J.I. Larrayoz - JMBA)
LOS ARCOS
SANTA MARIA ELIZA
Santa Maria elizako XVI. mendeko portadan lau musikari agertzen dira soinu-tresna hauek jotzen: txirimia, gitarra, zarrabetea eta lautearen antzeko tresna. Txirimia jotzailearen kasuan, soinu-tresna ez da osorik gorde, baina ongi ikusten da hodiaren konikotasuna eta hatz jokorako zuloak txirimien tankerakoak dituela.


Santa Maria elizako txirimia jolea. (Arg.: JMBA)
OHARRAK
1 Moreno, 2014.
2 Ríos, 2019, 85. or.
3 Ikus Xirolarrua artikuluko Ikonografia atala.
ITURRIAK
BIBLIOGRAFIA
ELEIZ MUSEOA BIZKAIA (d.g.). https://www.retablosdebizkaia.com/larrabetzu-retablo-mayor-de-los-santos-emeterio-y-celedonio/
MORENO, E. (2004). Los ministriles en Laguardia. Origen, práctica y desaparición. Euskonews, 685. https://www.euskonews.eus/0685zbk/gaia68502es.html
RÍOS ÁLVARO, K. (2019). Iconografía musical en el País Vasco hasta 1600: Catalogación y estudio. Tomo I. [Argitaratu gabeko doktoretza tesia]
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 216
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Bikoitza (oboea)
- Oharrak:
- MIHI BIKOITZEKO AEROFONOEN IKONOGRAFIA

