Azalpena
Sunprinu eta tutubiaren tankerako soinu-tresnak, landare azalez egindakoak, sasoi jakinekoak eta iraupen laburrekoak izaten direnez, alde batera utzi behar dira mihi bikoitzeko aerofonoen eredu historikoak aztertzerakoan. Material sendoagoz egindako soinu-tresnak dira jaso daitezkeenak: txirimia gutxi gorde da, txanbelaren eredu batzuk eta, bereziki, dultzaina edo gaitak ugariago.
Txirimia
IRUÑEKO KATEDRALEKO TXIRIMIA
1516. urtean Iruñeko katedraleko Musika Kapera osatzen zuten musikarien artean bi txirimia zeuden. Oraindik txirimia zahar bat gordetzen da katedralaren musika artxiboan.1
Iruñeko Katedraleko Musika Artxiboan gordetzen den txirimia zaharra. (Arg.: J. I. Larrayoz )
Txanbela
Gehiago izan baziren ere, hiru txanbela jole eta egile zuberotarren tresnak
dira gaur egun arte gorde direnak: Lakarriko Pierre Caubet eta Pierre Errekalten txanbelak eta Altzaiko Pierre Bordahandirena.
PIERRE CAUBETEN TXANBELAK
Junes Casenavek zituen etxean gordeak Pierre Caubeten (1913-1988) bi txanbela. Haietako batek berunezko babesgarria zuen hodiaren mutur estuan, eta hura bezalako beste txanbela bat Iruñeko Gaiteroen bilduman dago jasoa2.
1970eko hamarkadan Iruñeko Gaiteroek Caubeten txanbelaren kopiak prestatu eta egin zituzten, jo nahi zutenei saltzeko.
Junes Casenavek etxean gordeta zituen P. Caubeten bi txanbelak. (Arg.: JMBA)
Soinueneako JMBA Bilduman 131 katalogo zenbakia duen Iruñeko Gaiteroek 1970eko hamarkadan egindako txanbela. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
PIERRA ERREKALTEN TXANBELA
Pierra Errekaltek zuen txanbela berak egina omen zen. Caubeten txanbelak bezala ezpelez egina eta antzeko neurrietan, mutur estukoaz gainera beste hiru eraztun ditu babesgarri.
Pierra Errekalten txanbela. (Arg.: JMBA)
PIERRA BORDAHANDIREN TXANBELA
Pierre Bordahandiren (1905-1984) txanbela galdua bada ere, Marcel Gazteluk egin zituen haren erreprodukzioak, eta horiek dira gordetzen direnak.
M. Gazteluk egindako Bordahandiren txanbelaren erreprodukzioetako bat. Soinueneako JMBA Bilduman 1255 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
Dultzaina/gaita
Ezagutzen ditugun dultzaina edo gaiten artean, aldaera asko ageri dira neurri, itxura eta erabilitako materialetan. Neurriei dagozkien aldeek lotura zuzena dute soinu-tresna ezberdinek erabili izan dituzten afinazio eta tenperamentuekin, gehienak Do edo inguruko tresnak badira ere.
MONTTE BASERRIKO DULTZAINA ZAHARRA
Azkoitiko Martirieta auzoko Montte baserrian gordetzen zuen Jose Sudupek dultzaina zahar hau. Ikus daitekeenez, XX. mendeko dultzaina gehienak baino motzagoa da. Beste dultzainek mutur estuenetik belarrien zuloetara duten luzera beretsua du, baina ez du belarririk alde banatara, ez kanpairik hortik aurrera ere. Horregatik, gaurko dultzainarena baino antza gehiago du Zuberoako txanbelarena.
Artearen zurez egina zen, kanpoaldea tornuan, eta apaingarritzat nahiz hodia indartzeko, bi muturretan babesgarriak zituen, zur berean landuak. Hodiaren barne aldea otxaburen batekin egina zuen, eta hatzetarako zuloak berriz, burdin gorituaz bukatuak.
Jose Sudupek esaten zuenez, soinu-tresna hark berrehun urtetik gora omen zeuzkan. XVIII. mendearen amaierakoa izan zitekeen beraz. Sudupe hil zenean, tailerrean zeuzkan dultzainak saldu egin ziren eta harrezkero desagertua da dultzaina hori, ez dakigu ezer hartaz.
Montte baserriko dultzaina zaharra. (Arg.: JMBA)
Montte baserriko dultzaina zaharraren neurriak. (Planoa: F. Jalon)
F. Jalon eta J.M. Beltranek egindako Montte baserriko dultzaina zaharraren kopia. Soinueneako JMBA Bilduman 1548 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
JULIAN ROMANOREN GAITA BAT
Julian Romano (1831-1899) Lizarrako gaitero ospetsua izan da gaur ezagutzen dugun soinu-tresna honen erreferentzia nagusietako bat. Tresnagintzan ere, berak erabiltzen zituen soinu-tresnak izan dira eredu ondorengo egileentzat. Gaita hau ezpelez egina da eta bere neurriengatik Do tonuan afinatua dagoela dirudi.
Julian Romanoren gaita bat. (Iturria: Gaiteros de Estella-Lizarrako Gaiteroen bilduma. Arg.: Natxo Ongai)
PRADERE ANAIAK
XIX. mendean agertu ziren metalezko dultzainak egiten zituzten Pradere abizeneko bi anaia hauek. Arrasate eta Durango artean egin izan zuten lan eta, beste lanik egingo bazuten ere, dultzaina egile gisa dira ezagunak. José Beltrán Pradere Uribesalgo (Arrasate, 1827-1898) eta Juan Pradere Uribesalgo (Arguenos, 1844 – Durango, 1908) egin zituzten dultzainengatik ezagunak badira ere, gutxi da haien bizitzari buruz dakiguna3. Haien aita Arguenosetik etorria zen, gaur ia desagertua den Garona Garaiko herrixka batetik, Commingeseko San Bertrand katedraletik hurbil, Pirinioetako iparraldeko Donejakue bidean geltoki. Amaren familia berriz, Arrasatekoa zen. Metalezko dultzainak egin eta saldu zituzten biek, ugari antza denez, Gipuzkoa eta Bizkaian hedatuak baitziren.
Pradere Mondragon
Jose Beltran Praderek egindako Pradere Mondragon markako dultzainak letoiz eginak dira, Urretxukoa eta Tolosako J. R. Garikanorena behintzat.
Urretxuko Pradere Mondragon markako dultzaina. (Arg.: Kruz Mari Martinez)
Pradere Mondragon. Tolosako J. R. Garikanok duen dultzainaren planoa. (Planoa: F. Jalon)
Pradere Durango
Pradere Durango markako dultzainak Juan Praderek egindakoak dira, Juan Aiestak zuen hau adibidez. Pita Aiestak berak egina da ordea, 1984an egin zitzaion grabaziorako prestatu zuena.
J. Aiestaren Pradere Durango markako metalezko dultzaina eta pita. (Arg.: JMBA)
LIZARRAKO ELIZAGATARRAK
Anselmo Elizaga Juaniz (Iruñea, 1867? – Lizarra, 1917) eta honen seme Moises Elizaga Carlos (Lizarra, 1895-1979) izan dira familia honetako gaita egileak. Beraiek erabiltzeko soinu-tresnak egiten zituzten bereziki. Garai haietan gertatzen ari ziren aldaketei jarraituaz, afinazio ezberdinetako gaitak egiten zituzten. Hala, Lizarrako Gaiteroek euren bilduman jasoa dute Anselmo Elizagak eginiko gaita Do tonuan dago; aldiz, Juan Mari Beltranen bildumakoa, Moises Elizagak egina, Do sostenituan.
Lizarrako elizagatarren Do-ko dultzaina. (Iturria: Gaiteros de Estella-Lizarrako Gaiteroen bilduma. Arg.: Natxo Ongai)
Moises Elizagarena izandako Do#-ko gaita bat. Soinueneako JMBA Bilduman 191 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
SAN TELMO MUSEOKO DULTZAINAK
Donostiako San Telmo museoan gordetzen diren soinu-tresnen artean badira 4 dultzaina edo gaita4. Nahaste handia dago, ordea, lauak identifikatzeko, erregistro liburu zaharrean datozen zenbakiak eta informazioa ez baitatoz bat tresnek beraiek ematen dutenarekin. Horietako bi bai, garbi ezagutzen dira: 3243 erregistro zenbakia duen Bastidako dultzaina eta 3365 zenbakiko Guardiakoa (giltzak dituzte biek ere).
Bastidako dultzaina hori kaxa batean gordea dator beste dultzaina batekin, itxuraz bateratsu erosiak biak. Bigarrena, kaxaren tapan idatzia duenagatik, “Sr. Julián” dultzaineroarena omen zen. Izan daiteke Julian Romano Ugarteren dultzaina izatea jatorriz, Elizaga familiarekin batera, Perez de Lazarraga sendia izan baitzen Lizarrako gaitero ospetsuaren oinordeko. 1965ean Guardiako Alfredo “El Petenero” zelakoari erositako gaita ere izan daiteke, haren fitxan esaten den bezala, 10 zuloko zurezko gaita baita. Hala balitz, Agurainen luke jatorria. Julian jaunarena edo Aguraingoa izan daitekeen dultzaina hau, beraz, erregistro zenbakitzat 3242 nahiz 3369 dutenetako bat izan daiteke.
Bada ordea, erregistro liburuan fitxarik ez duen laugarren dultzaina edo gaita bat ere: Dultzaina hori biltzen duen paperan “Dulzaina / Donativo E. Perez” irakur daiteke, eta horregatik Eugenio Perez de Lazarragarena deituko diogu. Baina ez da Perez de Lazarragatarrek egina ere, hauek ez baitzuten gaita edo dultzainarik egiten5. Areago, dultzainak berak, belarrien ondoko metalezko babesgarrian grabatuak ditu bi hizki, “E. P.”: Evaristo Perez aita edo Eugenio Perez semeari egin diezaiokete erreferentzia, biek ere ba omen zuten halako grabatuak egiteko ohitura eta. Eugenioren seme Pablori galdetuta ordea, tresna Eugeniorena zela dio, eta hala izango da ziurrenik. Nolanahi ere, horrek ez du adierazten haiek egina denik, jabetza baizik.
Eugenio Perez de Lazarragarena
Metalezko hiru babesgarri ditu, bat hodiaren mutur estuenean, bigarrena belarrien ondoan (“E.P.” grabatua duena) eta hirugarrena kanpaiaren mutur zabalean. San Telmo museoan bertan zeuden pita batzuekin eta gaur egungo hatz-jokoaz neurtuta (La 440 Hz) tonu hauek ditu emanak:
Fa# | Fa#0 +30 cent |
Sol | Sol0 -30 cent |
La | La 0 |
Si | Si0 -30 cent |
Do | Do1 |
Re | Re1 |
Mi | Mi1 |
Fa | Fa1 +40 cent |
Fa# | Fa#1 -10 cent |
Sol | Sol#1 -40 cent |
La | La1 +40 cent |
Si | Si1 -10 cent |
Do | Do2 -20 cent |
Re | Re2 -40 cent |
Mi | Mi2 -80 cent |
E. Perez de Lazarragaren dultzaina (Beltran, 1997, 195. or.). (Arg.: JMBA)
Bastidako dultzaina
San Telmo museoan 3243 erregistro zenbaki zaharra duen dultzainak Bastidan omen du jatorria, Guardian erosi bazen ere, 1963an. Metalezko 5 giltza ditu eta 34 cm luze. Gaztelako dultzainen tankerakoa da, handik ekarria ziur aski (Beltran, 1997, 163. or.).
San Telmo Museoko Bastidako dultzaina (bildumako 3243 zk.). (Arg.: JMBA)
Guardiako dultzaina
San Telmo museoan 3365 erregistro zenbaki zaharra duen dultzaina edo gaita Mariano Contrerasi Haron erosi zitzaion eta Guardian omen du jatorria. 5 giltza ditu bost zulorentzako, gehi sei zulo aurreko aldean eta zazpigarrena atzean, eta 34 cm luze. Egilearen izena markatua badu ere, ezin da irakurri, baina Bastidako dultzainaren marka bera dela antzematen da, eta haren neurri berdinak ditu (Beltran, 1997, 165. or.).
Bastidakoa eta Guardiako bi dultzaina hauek berdinak dira eta zur mota berarekin eginak daude; gainera, ikus daitekeenez, biek grabatu bera daramate kanpai aldean eta, beraz, egile berak eginak direla ziurta daiteke.
San Telmo Museoko Guardiako dultzaina. (Bildumako 3365 zk.). (Arg.: JMBA)
JOSE MARI LOPEZ DE ELORRIAGAK EGINDAKO DULTZAINA
1960ko hamarkadatik aurrera, Jose Mari Lopez de Elorriagak Errioxako dultzainero batzuentzat (Arabakoak nahiz Logroñokoak) hainbat dultzaina egin zituen. Eredu ezberdinak egin ere, joleek eskatzen ziotenaren arabera. Hau horietako bat da. Kontuan hartzekoa da dultzaina hauen tonika edo oinarriko nota bi zulo ixten dituen kanpai aldeko giltzarekin lortzen dela eta ezkerreko giltza luzearekin, berriz, sentsiblea. Errioxako toki batzuetan orain dela gutxi arte sistema horrekin jo izan da6.
Soinueneako JMBA Bilduman 1161 katalogo zenbakia duen J.M. Lopez de Elorriagak egindako giltzadun dultzaina. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
V. EGUIGUREN MARKAKO DULTZAINA
Jose Sudupe Montte dultzaineroak esaten zuenez, Azpeitian zegoen V. Eguiguren izeneko organo fabrika eta bertan, organoak egiteaz gain, bestelako soinu-tresnak ere egiten omen zituzten: dultzainak horien artean. Bertan egindako ale bat behintzat ezagutzen da, pitarik gabea. Ale hori metalezkoa da, baina ez letoizkoa, zilar kolore iluneko beste metal gogorragoren batekoa baizik. Beste dultzaina gehienek baino hodi estuagoa du eta, ondorioz, hotsa baxuago eta intentsitate gutxiagoz emango zuelakoan gaude.
Muturreko babesgarria alde batera utzita, hodiaren mutur estuenaren kanpoko diametroa 10,5 milimetrokoa da eta kanpaiaren ertzekoa 45 milimetrokoa. Aldea oso txikia bada ere, hatzentzako zuloak beste dultzainenak baino txikiagoak dira.
Hodiaren luzera osoa 332 milimetrokoa da eta, Pradereren dultzainak bezala, beheko Fa# sortzeko zulorik gabe egina da hau ere. Zuloen arteko tartea eta hauen diametro ezberdintasunak adierazten duenez, nabarmena da dultzaina honekin eskala tenperatua lortzeko saiakera egin zela.
Mutur estuenetik hartuta, zuloak tarte hauetan daude eginak: lehenengoa (atzekoa) 55 mm, bigarrena 71,5 mm, hirugarrena 96 mm, laugarrena 120 mm, bosgarrena 149 mm, seigarrena 177 mm, zazpigarrena 203 mm, eta belarriak 270 mm-ra. Neurri guztiak zuloen goiko ertzetik hartu dira.
Azpeitiko V. Eguiguren markako dultzaina. (Arg.: JMBA)
JUAN MUJIKA GALZAKORTAREN DULTZAINAK
Juan Mujika Galzakorta (Aizarna, 1885 – Elgoibar, 1966) Elgoibarko dultzainero eta latorrigilea izan zen, eta burdindegia izan zuen herrian. Letoizko dultzainak egiten zituen eta gero bere burdindegian saldu. Pitekin saltzen omen zituen, baina horiek ez zituen berak egiten, Donostiako Erviti Musika dendan erosten omen zituen.
Juan Mujikari buruzko informazioa haren iloba Txomin Mujikak emana da, eta hemen agertzen den materiala Iruñeko Gaiteroek jasoa dute euren bilduman (argazkia bertan egin zen).
J. Mujikaren lanerako tresneria: metalezko txapa mozteko txantiloia, txapa tolesteko moldea eta dultzaina. (Arg.: JMBA)
JOXE MARI AGIRRETXE AGIRRE
1883ko urtarrilaren 15ean jaio zen Errezilgo Agerre Bekoa baserrian, eta Donostian hil, 1967ko irailaren 6an. XX. mendeko Gipuzkoako dultzainero ospetsuenetakoa izateaz gainera, dultzaina egile preziatuenetakoa ere izan zen. Berak egindako dultzaina eta pitak estimu handitan zeuzkaten, bai Gipuzkoan, baita beste eskualdeetan ere.
Dultzainak egiteko zur ezberdinak erabiltzen zituen, bertakoak nahiz kanpokoak, ezpela edo ebanoa gehienbat. Pitak ere egin eta saltzen zituen. Kalitate handiko tresnak egin zituen eta, gerora, eredutzat erabili izan dituzte egile ezberdinek soinu-tresna honen egitura hobetzeko saiakeretan. Izan ere, Nafarroako gaiteroekin harreman estua zuen eta haiek zituzten gaiten tankerako tresnak egiten zituen, baina beti izan zuen tresna bera hobetzeko asmoa eta behar ziren aldaketa eta berrikuntzak sartzen saiatzen zen.
Dultzaina batzuei, atzealdeko erdi parean, pieza bitxia ere jarri izan zien: klarinete eta saxofoiek izan ohi duten gisara, zulorik tapatzen ez duen erpurua kokatu eta tresna heltzeko metalezko piezatxoa. Beste batzuetan, partiturentzako atriltxoa tresnari lotzeko beste piezatxo bat, kanpai aldean.
Hodia barrutik husteko lanabesak, J.M. Agirretxerenak. Iruñeko Gaiteroen bilduma. (Arg.: JMBA)
Joxe Mari Agirretxek egindako ezpelezko dultzainak. Iruñeko Gaiteroen bilduma. (Arg.: JMBA)
Joxe Mari Agirretxek egindako ezpelezko dultzainak. Iruñeko Gaiteroen bilduma. (Arg.: JMBA)
Ezpelezko dultzaina
Joxe Mari bera ezkerra zen, eta ezkerrentzat dultzaina bereziak ere egiten zituen, Fa sostenituaren zuloa eskuinean beharrean ezkerrean jartzen zuela. Dultzaina horietako batekin neurtu dira ematen dituen tonuak, Tolosako Joxe Ramon Garikanorenarekin, horretarako Agirretxek berak egindako pita erabilita, oso egoera onean zegoena. Tonu hauek eman ditu:
Fa# | Sol0 |
Sol | Sol#0 +50 cent |
La | La#0 +10 cent |
Si | Do1 |
Do | Do#1 -20 cent |
Re | Re#1 -30 cent |
Mi | Mi1 +30 cent |
Fa | Fa#1 |
Fa# | Sol1 |
Sol | La1 -40 cent |
La | La1 +50 cent |
Si | Si1 +20 cent |
Do | Do2 +10 cent |
J. R. Garikanoren dultzaina, J. M. Agirretxek ezkerrentzat egindakoa. (Arg.: JMBA)
Pitak
Pita asko egin izan zuen Joxe Mari Agirretxek, dultzainero zahar eta berrientzat. Pitak egitea trebezia berezia eskatzen duen lana da, eta dultzainero askok erosi egiten dituzte gaur ere. Agirretxek bazuen trebezia hori, eta famatuak ziren haren pitak gaitero eta dultzaineroen artean, eskari handia zuelarik.
Soinueneako JMBA Bilduman 851 katalogo zenbakia duen J. M. Agirretxek egindako pita. (Arg.: JMBA)
MONTTEKO DULTZAINAK
Azkoitiko Martirietako Montte baserrian belaunaldiz belaunaldi jo eta egin izan dituzte dultzainak. Jose Sudupe Ibarbia (Azkoitia, 1902 – 1982) izan zen horietan ezagunena, haren seme Manuel Sudupe Epeldek ere (Azkoitia, 1940) egin izan dituelarik aitak utzitako lanabesekin.
Jose Sudupe hil arte jardun zen dultzainak eta pitak egiten eta era eta itxura askotako tresnak egin izan zituen, askotan bakoitzari berezkotasuna emateraino. Metalezko nahiz zurezko dultzainak egiten zituen. Berak esaten zuenez, Gipuzkoako dultzaina zaharrak zurezkoak izaten omen ziren, geroago Bizkaia aldean metalezkoak egiten hasi eta arrakasta izan zuten arte.
Montteko zurezko dultzaina arruntak
Jose Sudupek bi eratara egiten zituen zurezko dultzainak nagusiki: hodiaren bi muturretako babesgarriak zur berean eginda ala metalezko eraztunak erantsita. Batzuk zein besteak, artez eginak ziren gehienak (ezpela eta beste zur batzuk erabili izanagatik). Neurrietan, Montten gordetzen zen dultzaina zahar haren antza handia zuten, ez bada haren hodia amaitzen zen unean belarriak jarri (zulo bana alde banatara) eta kanpaia zabalduz luzatzen zituelako, gaur egungo dultzaina gehienen antzera. Gainerakoan, hots hodiaren luzera berdintsua dute, belarriek erabakitzen baitute hori, hortik aurrerako kanpaiak hotsa sendotu eta bolumena areagotzen dituelarik. Hodiaren muturretan eta kanpaian lantzen zizkien zurezko babesgarriak ere, dultzaina zahar haren oso antzekoak dira.
Montte baserriko dultzaina zaharra eta Jose Sudupek egiten zuen eredu arrunta. (Arg.: JMBA)
Jose Sudupe Monttek egindako dultzaina. Soinueneako JMBA Bilduman 126 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea. Planoa: F. Jalon)
Montteko metalezko dultzainak
Zurezkoek bezala, Montteko metalezko dultzainek izan zezaketen beheko Fa# emateko zortzigarren zuloa edo ez, eskuin edo ezkerrera alboratua, dultzaineroa ezkerra edo eskuina izango zenaren arabera. Jose Sudupek metalezko dultzaina asko egin zituen, Gipuzkoan eta, bereziki, Bizkaian garai hartan gehien erabiltzen zen tresna mota izaki. Manuel Sudupek ere egin izan ditu halakoak gerora.
Montte baserriko metalezko dultzaina. Soinueneako JMBA Bilduman 126 zk. (Arg.: Emovere-Soinuenea)
DULTZAINA EDO GAITA, SALTZAILE ETA ATZERRIKO EGILEEN KATALOGOETAN
Ezagutu dira atzerrian egindako dultzainak, baita dendaren batean saltzen zirela-eta katalogoetan bildutakoak. Horietako gehienen ereduak ez dira ezagutzen, baina katalogoei esker irudika daiteke zer nolakoak ziren.
Erviti musika dendako dultzainak
Casa Erviti izenez 1891an zabaldu zituen ateak Donostiako musika denda ezagunak, eta 1924an Logroñon ere bazuen sukurtsala. 1910eko hamarkadako katalogo orokorraren gehigarrian, banda eta orkestretarako soinu-tresnen artean, “Gaitas o Dulzainas” saltzen zituztela iragartzen zuten: metalezko babesgarriak zituzten zurezkoak (giltzarik gabe eta kanaberekin), metalezkoak (hauek ere giltzarik gabe) eta 8 alpakazko giltza zituztenak7.
Dultzainen azalpenak Erviti musika dendaren katalogoan. (Iturria: Fernando Jalonen artxiboa)
Prosper Colas, Pariseko dultzainak
Urrestillako Sebastian Errasti Aizpuru Xaxurrak (Urrestilla, 1883 – Azpeitia, 1959)8, beste batzuen artean, bazuen giltzadun dultzaina berezi bat, letoizkoa. Haren alaba Maria Guadalupek gorde zuen eta hari eskerrak ezagutzen da. Kanpaian grabatua du egile edo saltzailearen marka: “Prosper Colas / Paris”9.
Pariseko arkugile sonatuak, harizko soinu-tresnetan espezialista izan arren, era askotako soinu-tresna eta osagarriak saltzen zituen. 1903ko katalogoan azaltzen dira salgai zituen dultzainak eta hauentzako pitak10. Katalogoaren 46. orrian, 1149 erreferentzia zenbakiaz, hala dio: “Musette (dulzaina) / 1149. En cuivre poli, pavillon à guirlande maillechort – la pièce 18.”, hau da: kobre txartatuzko musetea (dultzaina), kanpaian alpakazko babesgarria duena. Garai eta itxuran, Xaxurrak zuenaren parekoa beraz.
Katalogo berean datozen pitei buruz, hala dio 53. orriko 1340 erreferentziak: “Anches pour musette métal (dullzaina) / 1340. Première qualité – la douz. 21.” Hau da, metalezko musetearentzako (dultzaina) pitak, kalitate gorenekoak, 21 frankotan dozena.
Prosper Colas etxearen soinu-tresnen katalogoa, 1903koa. (Iturria : https://www.luthiers-mirecourt.com/prosper_colas.htm)
Sebastian Errasti Xaxurraren giltzadun dultzaina, Prosper Colas etxekoa. (Arg.: JMBA)
Martin Fréres, Gipuzkoako dultzainak Parisetik
Pariseko beste luthier eta saltzaileen etxe entzutetsu bat da Martin anai-arrebena. Klarineteetan espezializatuak, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran saldu eta esportatzen zituzten bestelako soinu-tresnak ere (Frantzia nahiz Espainiako armadei, besteak beste). Hala, 1909ko katalogoan, adar ingelesen orrian, dultzainak ere eskaintzen zituzten, eta ez nolanahikoak: Dulzaina guipuzcoana izenez, itxuraz zurezkoak eta metalezko hiru babesgarri zituztenak, eta hatz jokorako zazpi zulodunak (Fa sostenituaren zulorik gabeak, alegia).
Dulzaina guipuzcoana Martin Frères Pariseko tresnagileen 1909ko katalogoan. (Iturria: Kepa Pinedoren artxiboa)
OHARRAK
1 Gembero Ustárroz, 2016, 57. or.
2 Iruñeko Gaiteroak, 1977, 2. irudia.
3 Aingeru Berguicesek bere doktore tesian dakarkigu informazio urri hori. Berguices, 2016, 175. or.
4 Beltran, 1977, 161-163, 165, 168 eta 195. or.
5 Izar Martinezek deskribatzen du Lizarrako gaitero familiek tresnak nola egin edo lortzen zituzten: Los Elizaga y los Montero, a partir de Manuel, construyeron su propio material, los Pérez de Lazarraga funcionaban de otra manera: los “zapatericos” encargaban sus gaitas a un tornero y se fabricaban o encargaban las boquillas. Las boquillas que encargaron a un instrumentista de doble lengüeta valenciano fueron la base para que (sic) las que los gaiteros actuales utilizan. (Martinez, 2011, 55. or.)
6 Fernando Jalonek eskainitako informazioa. Alberite, 2022.
7 Ervitin saltzen zituzten 8 giltzadun dultzainak, seguru aski, Frantziatik ekarriak izango ziren, “8 llaves maillechort” adierazten baitzuen katalogoak, eta maillechort hori ez da alpaka baino, frantsesez esana.
8 Alberdi, 2009.
9 Beltran, 2004, 72. or.
10 Catalogue des instruments, 1903.
ITURRIAK
BIBLIOGRAFIA
Catalogue des Instruments de Musique et de Cordes Harmoniques de la Maison Prosper Colas. (1903). https://www.luthiers-mirecourt.com/prosper_colas.htm
ALBERDI EGAÑA, J.I. (2009-11-17). Sebastián Errasti Xaxurre. El Diario Vasco. https://www.diariovasco.com/20091117/costa-urola/sebastian-errastixaxurre-20091117.html
BERGUICES, A. (2016). Organología popular y sociabilidad: el baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansion del acordeon en Bizkaia (1880-1923) [doktoretza tesia]. UPV-EHU. URL: http://hdl.handle.net/10810/19955.
GEMBERO USTARROZ, M. (2016). Navarra. Música. Nafarroako Gobernua.
IRUÑEKO GAITEROAK. (1977). Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak (I). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 27. zk. (483-507 orr.). Institución Príncipe de Viana.
IRUÑEKO GAITEROAK. (1978). Caubet Chubuko Arhan: Txanbela eta khantoriak (II). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 28. zk. (117-182 orr.). Institución Príncipe de Viana.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 215
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Bikoitza (oboea)
- Oharrak:
- MIHI BIKOITZEKO AEROFONOEN EREDUAK