Azalpena

Txalaparta zuzenean kolpaturiko idiofonoa da. Hemen ez ditugu kontuan hartuko txalapartaren aldaerak diren kirikoketa, toberak, ote jotzea eta abar.

Egitura

Soinu-tresna honen itxura ez da beti eta toki guztietan berdina izan. Txalaparta tradizionalean itxurari buruz, gehien azaltzen zaiguna zera da:

Bi euskarri jartzen dira; bi otar edo saski ahoz behera, bi aulki edo banku. Hauen gainean, isolatzen duen zerbait jartzen da; maiz orria (arto orria), belar idorra, zaku zaharrak... Hauen gainean horizontalki jarririk, gutxi gorabehera bi metro luze, hogei zentimetro zabal eta sei zentimetro lodi den ohol bat jartzen da. Euskarriak gutxi gorabehera ohol muturretik bosten batera kokatzen dira.

Jotzeko lau makila erabiltzen dira. Hauen luzera eta itxura asko aldatzen da toki batetik bestera. Luzera hau izaten zen: Lasarteko Zuaznabartarrenak 52 zentimetro, Astigarragako Goikoetxeatarrenak 60 zentimetro eta Billandegiko baserrikoak 88 zentimetro. Hiru kasuetan makilak kono-enbor formakoak (tronkokonikoak) dira.

Joera

Joleak bi izaten dira, eta bien artean alternantzian joaz, osatzen dute musika. Horizontalki (eta erresonantzia galdu ez dadin, isolaturik) jarria dagoen ohola jotzen dute goitik behera, bakoitzak bere bi makilekin, makilak bertikalki hartuaz. Tokian toki jole bakoitzak izen desberdina hartzen du:

  1. ttakuna                2. herrena
  1. tukutuna             2. urguna

Izen hauek adierazten duten bezala, jole bakoitzak bere funtzioa du. Batek ordena-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoa hausten du, desordena-desoreka sortuz. Horrela, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta azkarrago orden-oreka hautsiezinezko batera iritsi arte aritzen dira.

Txalapartak baditu jotzeko arauak, eta hauek oso estuak badira ere askatasun handia ematen diete jotzaileei haien irudimen eta inprobisatze ahalmena erabili ditzaten.

Batek "ttakun" edo "tukutun" deitzen dena egiten du, denbora guztian bi kolpe emanez, eta besteak, "herrena" edo "urguna" deitzen denak, "ttakunak" ematen dituen kolpe bikoitzekin tartekatuta bereak jotzen ditu. "Herrenak" egiten ditu joko eta aldaketak, bi kolpe bezala kolpe bat nahiz batere ez sartuz, konbinaketa desberdinak osatuz.

Honez gain bada beste aukerarik ere musika egiteko: hotsaren tinbre, tonu altuera, handitasunarekin eta abiadurarekin jokatzea.

Historia

Txalaparta, bere itxuragatik eta funtzioagatik, oso zaharra dela pentsa genezake, hari buruzko antzinako berririk ez dugun arren.

Aita Donostia, Manuel Lekuona eta Jose Migel Barandiaran izan ziren nagusiki haren berri eman zigutenak. Garai bateko txalapartaz dakiguna haiei esker jaso genuen. Laburra bada ere, oso interesgarria da ere Severo Aguirre Miramonek txalapartari buruz ematen duen informazioa. Haiek bildu zutenari gehitu behar diogu bizirik ezagutu ditugun txalapartari zaharrengandik guk zuzenean jasotakoa, dakigunaren zatirik handiena.

Aipatutako ikertzaile horien idatzietan ez da garbi ikusten, ez geografikoki ez sozialki, txalaparta zenbateraino zabaldua egon den. Esan dezakeguna zera da: XX. mendean 60.hamarkada arte kultura mailan bazterturik egon zela eta ez zitzaiola beste soinu-tresna batzuei eman zitzaien garrantzia eman.

Honakoa da dokumentazio zaharrenetan eta zuzenean jasotako ikerketetan txalapartari buruz bildu ahal izan duguna.

Non erabili izan da?

Gipuzkoako Donostia-Urumealdea, Lasarte, Usurbil, Hernani, Ereñotzu, Urnieta, Altza-Intxaurrondo, Astigarraga, Ergobia eta Andoain izan dira garai batean ohitura hauek ezagutu dituzten lekuak. Beti baserritar inguru edo giroan agertzen da eta baserriko bizimoduarekin erlazionaturik.

60. hamarkadan, bikote gutxi geratzen ziren Donostia-Urumea inguruan: Lasarten, Hernanin, Astigarragan, Ergobian eta Altzan. Toki guzti horietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denen artean, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar eta Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.

Noiz eta zertarako erabili izan da?

Auzolanetako eginbeharrekin eta ospakizunarekin lotua agertu zaigu txalaparta, hori bai, beti festa giroan.           Donostia-Urumealdean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagar jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria egin eta festa bat ospatzen zuten. Batzuetan afari dotorea izaten zen, besteetan ez hainbeste. Ramon Goikoetxeak zioenez, “batzutan makailoa, bestetan sardin zaharra”, baina festa beti egiten zen. Sagardoa ez zen inoiz falta izaten, sagardoa edo zizarra (sagardo egin berria).

Afalondoren jendea pixka bat berotzen zen, kargatu ere bai, eta orduan han bertan muntatzen zuten txalaparta, normalean kanpoan, atari aurrean, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren. Orduan hasten zen festaren zati berri bat, etxean zeuden afariko kideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehien bat.

Esaten dute txalaparta 5 kilometrora entzuten zela eta inguruetan bizi zirenetako asko inguratzen zirela festara.

Ramon Goikoetxeak zioenez, “sagarra jotzerakoan, txalaparta jotzeko aukeratzen genuen ohola, tolaretik hartzerakoan, bustia egoten zen, hezea, eta teilatuan jartzen genuen lehortzeko, hots hobea eman zezan. Bide batez jendeak ikusi eta jakin han aurki festa izango zela. Jendea erne egoten zen, Erbetegi-Etxeberrin noiz antolatuko zuten festa hori jakitearren”.

Han egoten ginen, saltoka, oihuka, sagardoa edaten eta txalaparta jo eta entzuten eguna zabaldu arte”. Ikusten denez, garai batean ere gaupasak egiten ziren eta ez nolanahikoak, sasoi horretan gauak luze eta gogorrak izaten dira-eta. Hango festa giroa ulertzeko hona hemen R. Goikoetxeak kontatzen duen beste bitxikeria: “Gure aitona atzeraka okertuta, oholaren azpitik pasatzen zen anaia ta biok jotzen genuen bitartean”.

Migel Zuaznabarrek ere sagardoaren inguruko festa hauei buruz kontatzen ziguna berdintsua zen eta txalapartaren inguruko giroa ulertzeko beste gertakizun bat kontatzen zuen. Behin, “kinto” afaria egin omen zuten Lasarteko jatetxe batean eta afaria bukatutakoan txalaparta jotzea bururatu zitzaien, baina han ez zeukaten txalaparta osatzeko beharrezko gauzarik. Zer egin zuten? Donostia-Bilboko trenbideko pasonibelean zegoen kaseta desmuntatu eta material horrekin txalaparta osatu eta segidan jo eta ke jardun omen zuten jotzen.

Batzuetan txalapartarekin batera beste osagai batzuk erabiltzen dira. Lasarten esate baterako, joaldi guztien aurretik adarrak jotzen zituzten.

Txalaparta toki batetik bestera mezuak bidaltzeko tresna izan delako ustea oso zabaldurik dago. Baina jaso dugun informazio guztien artean, kirikoketaren “Alakiketa, sagarra jo dela…” kantua da halako kutsua eduki lezakeen kasu bakarra, baina horrelakorik ez dugu beste inon topatu. Ezagutu ditugun txalapartari zaharrek diotenez ez dute sekula haien joaldietan inongo mezurik bidali nahi izan. Mezurik bidaltzeko jotzen ote zuen galderari erantzunez, R. Goikoetxeak honakoa zioen: “Soinujoleak nola jotzen dute Andre Madalen, ba, guk berdin, txalaparta jotzen genuen”.

Honekin ez dugu esan nahi inoiz helburu horrekin erabiliko ez zenik ezta kode desberdinik egongo ez zenik ere, abisuak pasatzeko, kanpaien kasuan bezala. “Alakiketa”-ren kasutik aparte, guk ezagutu ditugun txalapartariek jendea entretenitzeko eta soinu-tresna gisa, festa giroan eta beti bat-batekotasun ezaugarri horrekin musika eta joko erritmikoak egiteko erabili dute bakarrik.

Txalapartak badu beste berezitasunik. Idatzitakoetan eta zuzenean guk ezagutu ditugun kasu guztietan,  joaldiak gauez izan direla nabarmentzen da. Sagardoaren inguruko festak, karobi eztaiak eta ezkontza inguruko ospakizunak dira horren adibide. Salbuespen bakarrak txalapartari zaharrek azkeneko urteetan bere ingurutik kanpo eta erakustaldi gisa emandako joaldiak lirateke.

Hau sakonki aztertu beharko da, baliteke-eta gaueko izate hori kasualitatea ez izatea: mundu zabalean ezagutzen ditugun txalapartaren antzeko ohituretan gauza bera gertatzen da, esaterako Suitzako arotzen kolpeetan eta Malasia eta Siam inguruko arroza aletzeko ohituretan (Beltran, 2009, 36-38).

Gaur egungo egoera

60. hamarkadatik hona txalapartaren egoera asko aldatu da. Gaur egun txalapartari ugari badira  Euskal Herri zabalean. Baserritik inguru kaletarrerako saltoa eman zuenetik, txalapartaren funtzio musikalak eta sozialak asko zabaldu dira. Joera eta material aldetik gero eta aniztasun eta konplexutasun  handiagoa nabari da. Azkenik, lan sakona egiten duten gero eta talde iraunkor gehiago daude. Txalaparta jotzen ikasteko hainbat eskola daude eta ikas-metodoetan eta notazioan aurrerapen nabarmenak egin dira azken hamarkadetan.

            Guzti honengatik, zalantzarik gabe esan dezakegu txalapartak, iragana eta oraina dituen bezala, ziur aski geroa ere osasuntsua izango duela.

ITURRIAK

Bibliografia

AGUIRRE MIRAMÓN, Severo de. (1882). Fabricación de la sidra en las provincias vascongadas y su mejoramiento. Capítulo IX: “Majada o trituración de la manzana.” Sección 1ª “Majada o pisón”. Establecimiento Tipográfico de los Hijos de I. R. Baroja. San Sebastian. [Ed.: 1910? Casa editorial Maucci. Barcelona]

BARANDIARAN, Jose Miguel De. (1972). Diccionario Ilustrado de Mitologia

Vasca. OC Tomo I. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain. 

(2004). Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. La txalaparta. Antecedentes y variantes. La txalaparta, origines et variantes. The txalaparta. Forerunners and variants. Oiartzun: Herri Musika Bilduma, 3. HM Txokoa.

(2007). Hernaniko txalaparta eskolaren 11 ikasturte. Jentilbaratz 9. Cuadernos de Folklore, 9. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

(2009). Txalaparta. (liburua+CD+DVD). Donostia-San Sebastián: Editorial Nerea / NO-CD Rekords.

DONOSTIA, Aita. (1924). Toberak. Obras Completas del P. Donostia. (I. liburukia, 71-90). Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca.

(1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

LEKUONA, Manuel. (1920). El Epitalamio Vasco- Las toberas. Idaz-lan Guztiak, 365-378. Tolosa: Kardaberaz Bilduma - 23. 1978.

(1978). Toberak eta Txalaparta. Idaz-lan Guztiak, 359-363. Tolosa: Kardaberaz Bilduma - 23. 1978.

Diskografia

ARZE, J.-A. ALEMAN. (1986). Txalaparta. Elkar ELK-118.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

(2009). Txalaparta. (liburua+CD+DVD). Donostia-San Sebastián: Editorial Nerea / NO-CD Rekords.

OLAIZOLA, Imanol. (1963). Txalaparta con adarra en el Caserio Billandegi. (13:52). [Zuzeneko grabazioa zintan, Eresbilek digitalizatua, Soinuenean kopia]

ZUAZNABARTARRAK. (1975). Antología de instrumentos vascos. Columbia BC 3896.

Bideoak

BASTERRETXEA-LARRUQUERT. (1968). Ama lur / Tierra madre. Euskadiko Filmategia.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

(2009). Txalaparta. (liburua+CD+DVD). Donostia-San Sebastián: Editorial Nerea / NO-CD Rekords.

EUBA UGARTE, Argibel. (2016). BASKER; 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak. Bilbo: EHU. [Liburua+DVD]

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Irudi galeria

Bideoa

Audioa

TXALAPARTA JOALDIA. Ramon Goikoetxea eta Jon Urbieta. Astigarraga, 1985.

Fitxa osoa