Azalpena
ITURRIAK ETA IZENA
Txanbela mihi bikoitzeko aerofonoa da, txirimia eta dultzainen familiakoa, baina Zuberoan bertakotua. Pierre Caubet izan zen ezagutu den azken txanbelaria. Hala, 1970eko hamarkadan Iruñeko Gaiteroek elkarrizketatu, grabatu eta haren musika eta tresnak aztertu zituzten eta galzorian zen txanbela ezagutzera eman. Ondoren, 1988an Juan Mari Beltranek ere elkarrizketatu eta filmatu zuen, eta 1986an Marcel Bedaxagarrek Xiberoko Boza irratian grabatu zuen azkenekoz. Caubet jaunari jasotakoei esker dakigu txanbelari buruz dakigun gehiena.
Txanbela, txaranbela edo xaramela hitzen kontrakzioa da, okzitanierako charamela hitzaren pareko. Hiztegietan, oro har, hitz honek bi esanahi ditu: musika tresna edota hots edo kantuaren inguruko kontzepturen bat. Orotariko Euskal Hiztegian adibidez, adiera hauek jasotzen dira, besteak beste, xaramela sarreran: caramillo, cornamusa, bocina, claxon, personne criarde qui assourdit par ses discours, canción, gorgorito, trino, grito muy agudo, coro de voces, entonación…
Iruñeko Gaiteroen aburuz1, hitz honek euskaraz eta hiztegietan agertzen duen polisemiak adierazten du, batetik, soinu-tresnak berak inoiz hedapen jakinik izan bazuen ere, izatea galdua duela eta ziurrenik aspaldikoa dela iraungitze hori. Baina bestetik, Caubetek adierazten zuen eran, soinu-tresna eta kantua bat direla txanbelaz ari garenean, osotasun musikala: “Txaranbelarentako müsikarik ez da. Ez da txaranbela baizik, txaranbela dena. Jo nahi dügüna haütatzen ahal dügü, deüs besterik, beste edozoin müsika tresnareki egiten den bezala”2. Eta Caubetek musika hori kantuarekin identifikatzen du: “Petiri Xübükoren errana txaranbelak ez düala müsika berezirik, bena kantorearena baliatzen düala xüxen üdüri dü eta hein batetan tresnaren erabilkak berak hori nahi dü.”3 Txanbela soinu-tresna da beraz, baina kantu molde zahar bati atxikia den heinean.4
HISTORIA ETA HEDADURA
Ez dago txanbela eta txanbelariei buruzko berri handirik. Antzeko soinu-tresnak ezagutu dira Biarno eta Okzitanian, baina Zuberoako soinu-tresnatzat dugu bereziki, eta XX. mende hasieran ez dirudi sei-hamabi txanbelari baino gehiago izan zitezkeenik Lakarri, Aloze eta Altzai inguruetan. Lau txanbela zahar ezagutzen dira gaur egun: Pierre Caubetena, Pierra Errekaltena (berak egina), Junes Casenaveri Caubetek eskuratu ziona eta, azken honen esanei jarraiki, Pierra Gette Bordahandi-k zuena. Bordahandi (Altzai, 1905-1984) izan da, Caubetez gain, ezaguera izan den beste txanbelari bakarretakoa. Nolanahi ere, 1970 eta 1980 hamarkadetan Zuberoako zahar gutxi batzuen oroimenean besterik ez zeuden txanbela eta haren musika, eta Lakarri-Arhaneko Zübüko etxean soilik entzun zitekeen.
Pierre Caubet Xübüko Arhan Altzaiko Uretaborda etxean sortu zen 1913an. Oso gazterik Alozeko laborari etxe batera mutil joana, khantoreen ematen hasia zen, eta 1928ko Alozeko Abraham pastoralean jada parte hartu zuen eta, ezkondu artean, han-hemenka aritu zen hala, luzaz herritarren oroitzapenean kantari finaren oroitzapena utzi zuelarik. Xirula ere jotzen zuen. Garai hartan, hamalau urte zituela eskuratu zuen txanbela, Altzaiko auzo zuen Ager deituak anaiari emana. Bere gisa ikasi zuen jotzen. 1935ean berriz, Arhaneko Zübüko etxera ezkondu zen (han mutil egona zen gaztetan) Aina Salabertekin eta kantari eta txanbela jotzen jarraitu bazuen ere, gutxitu zen haren jarduna. 1939an gerlan parte hartu eta Alemanian preso egon ondoren Zübükora itzuli eta bertan bizi izan zen hil artean. Norberarentzat eta oso gertuko ezagunen batentzat kantua eta txanbelari urte batzuetan eutsi bazion ere, baztertzen joan zen 1972 eta 1977an Iruñeko Gaiteroek eskatuta berriro hartu zituen arte. 1988an hil zen etxean.
F. Jalon eta J.M. Beltranek egindako P. Caubeten eta P. Bordahandiren txanbela zaharren kopiak. (Arg.: JMBA)
EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Txanbelaren mihia (hala deitzen zion Caubetek pitari) bi xaflaz osatzen da: lehen behi adarraren xafla fin-finez egiten omen ziren, baina Caubetek berak plastikoz eginak zituen, jogurt ontzi batez edo; egun kanaberaz egiten dira. Mihi hori hariz metalezko tutu txiki bati lotu (tudela) eta hots hodian jartzen da.
Txanbelaren hots hodia 260 mm. luze inguruko tutu konikoa da, alderik estuenean 16 mm. eta zabalenean 36 mm. inguru dituena diametro. Ezpelaren zurez egina izan ohi da. Zortzi zulo ditu tonua aldatzeko, zazpi aurrealdean eta zortzigarrena atzealdean. Caubetek ordea, bi muturretako zuloak estali eta ez zituen erabiltzen (hatz txikiarena eta atzealdekoa), eta sei nota ematen zituen beraz:
- Zulo guztiak itxita: La
- Zabaletik hasi eta bigarren eta hirugarren zuloak irekita: Si (baxu samar)
- Bigarren, hirugarren eta laugarren zuloak irekita: Do sostenitua (baxu)
- Bigarren, hirugarren, laugarren eta bostgarren zuloak irekita: Re
- Bigarren, hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren zuloak irekita: Mi
- Bigarren, hirugarren, laugarren, bostgarren, seigarren eta zazpigarren zuloak irekita: Fa sostenitua
Tresna direkzionala da, dultzaina baino bolumen gutxiagokoa, baina soinu aberatsekoa, harmonikoz betea. Hatz jokoa aldatuta kromatismorik eragin baliezaioke ere, soinu-tresna diatonikoa da ikusi denez.
P. Caubeten hatz-jokoaren taula. (Irudia: F. Jalon)
TXANBELAREN MUSIKA: “TXANBELA BEZALA ARI DA KANTATZEN!”
Txanbela ez zen dantzarako erabiltzen: norbere atseginerako jotzen omen zen, jostetarako. Artzainek jotzen omen zuten ganadua zaintzen ari zirela edo mendira bidean, adibidez. Caubeten jotzeko eragatik, kantuari estu-estu lotua zegoen txanbelaren musika, baina antzinako kantaera berezi bati; areago, harentzat kantua tresna bera baino garrantzitsuagoa zen. Horregatik, txanbela soinu-tresna bat baino gehiago, musika egiteko era jakina ere bada. Esaera omen zen Zuberoan, norbaitek estilo berezi horretan abesten zuenean: “txanbela bezala ari da kantatzen”.
Pierre Caubet txanbela jotzen. Lakarri, 1985/03/03. (Arg.: JMBA)
Caubetek kantuan eta txanbelarekin egiten zuen musikak, gaur egun ezezagunak egiten zaizkigun arau edo jarraibide musikalak zituen, musika idatzian nekez jaso daitezkeenak. Hauek izan daitezke musika horren ezaugarrietako batzuk:
- Caubetek txanbelaz emandako doinu guztiak kantuak dira.
- Kantu bakoitzaren bi bertsio eman izan zituen Caubetek, bata kantatua eta bestea txanbelaz: biak ziren antzekoak, estilo librean; instrumentala nota apaingarri gehiagoz.
- Musika ez da tonala.
- Musika esaldien neurria eta egitura aldakorra da eta kantuaren hitzen beharretara lotua erabat.
- Erritmoa librea da.
- Esaldiak nota luze batekin amaitzen zituen, eta beste nota luzeetan bezala, espresio handia ematen zien nota bibrarazi eta aldatuz, bukatzerakoan behera ere eginaz erremate gisa.
EREDUAK
Ikusi Mihi bikoitzeko aerofonoen ereduak.
OHARRAK
1 Iruñeko Gaiteroak, 1978, 165. or.
2 Iruñeko Gaiteroak, 2018, 31. or.
3 Iruñeko Gaiteroak, 2018, 36. or.
4 Txaranbela, txaramela eta beste aldaeren aurrean, txanbela forma hobetsi da hemen soinu-tresna berezi honi buruz hitz egiteko, forma horiek beste adieratarako utziz eta Caubetek zerabilena errespetatzeagatik. Iruñeko Gaiteroek zioten bezala:
Pierre Caubet es el transmisor fundamental –y hasta el momento el único- de este instrumento. Él le llama txanbela. La palabra no es incorrecta. Así que proponemos se respete este vocablo para este instrumento concreto. Nosotros por lo menos, pensamos hacerlo así. (Iruñeko Gaiteroak, 1978, 165-166. or.)
ITURRIAK
Bibliografia
BEDAXAGAR, J. M. (2018). Petiri Caubet. Pierre Caubet “Pethi Xübüko Arhane”, 13-14. Soinuenea.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2018). Nire bizipenak Pier Caubetekin. Pierre Caubet “Pethi Xübüko Arhane”, 43-48. Soinuenea.
IRUÑEKO GAITEROAK. (1977). Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 27, 483-507. Institución Príncipe de Viana.
IRUÑEKO GAITEROAK. (1978). Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak (II). Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 28, 117-182. Institución Príncipe de Viana.
IRUÑEKO GAITEROAK. (2018). Caubet Chubuko Arhan: txanbela eta khantoriak. Pierre Caubet “Pethi Xübüko Arhane” 15-42. Soinuenea.
Diskografia
BEDAXAGAR, J.M., BELTRAN, J.M., REKALT, T. (2020). Caubet gogoan. Soinuenea, HMB-2020 -CD. L.G.: DO 0986- 2020.
CAUBET, P. (1978). Txanbela bezala ari da khantatzen. Caubet Chubuko Arhan. Lekuko, HM 02.
CAUBET, P. (1985). Euskal Herriko soinu tresnak. IZ, IZ 217.
CAUBET, P. (2018). Pierre Caubet. Petti Xübüko Arhane. Soinuenea, HMB-2018-1329-CD-DVD. L.G.: SS 1329-2018.
Ikus-entzunezkoak
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
CAUBET, P. (2018). Pierre Caubet. Petti Xübüko Arhane. Soinuenea, HMB-2018-1329-CD-DVD. L.G.: SS 1329-2018.
Irudi galeria
Bideoa
Audioa
Nigarrez sorthu nintzan kanthoriaren ahaidia. Pierre Caubet. Lakarri, 1985. (Euskal Herriko Soinu-Tresnak. IZ 217. 2017, Elkar KD DVD-E 968)
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 51
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Bikoitza (oboea)
- Oharrak:
- Txanbela