Azalpena

Kilikalaska ez-zuzenki kolpaturiko idiofonoa da.

Egitura

Astakardu-kardentxa landarea lehortzen denean, lore-buruak kendurik, hiru hortzeko sarde gisako bat egiten da. Landarearen beste adar makila bat hartu, erdian zulo bat egin eta sardearen erdiko hortzean trabeska sartzen da.

Joera

Hiru hortzeko kirtena bi esku artean harturik, alde batera eta bestera jira-biran jartzen da. Honela, trabeska sartutako makilak alboetako hortzetan jotzen du hotsa sortuz.Jotzerakoan eskema erritmiko sinpleak errepikatzen dira. Trebetasuna dutenek joko erritmiko interesgarriak lortzen dituzte.

Historia

Nafarroako Sakana bailarako herrietan eta Arabako iparraldean orain dela gutxi arte bertako haurrek erabili dituzte hots-jostailu hauek. Udazken aldean, landare hauek lehortzen direnean egiten dira, eta hori bera izaten zen jotzeko garaia.

TAILERRA

Astakardu-kardentxa landareak udazken aldean lehortzen direnean erabiltzen dira kilikalaska egiteko.

Hauetako bat hartu eta lore buruak kendurik, hiru hortzeko sarde gisako bat egiten da.

Landarearen beste adar makila bat hartu, erdian zulo bat egin eta hiruhortzeko erdiko hortzean trabeska sartzen da.

Astakardu-kardentxaren faltan, halako hots-jostailuak egin daitezke ere antzeko egitura edo forma duten beste landare baten adarrez.

Hurritz adarrez egindako kilikalaska (JMBA Bilduma, 1073)

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

Irudi galeria

Audioa

Kilikalaska joaldia. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.

Fitxa osoa