Historia

1995 eta 2002 arteko prestaketa lanen ondotik Herri Musikaren Txokoa sortu zen; haren 10 urteko ernaldiaren ondotik berriz Soinuenea.

Gaur egun Soinuenea denak 1994an hartu zuen herri musikaren dokumentazio zentroa izateko norabide sendoa. Orduan erabaki zuen Juan Mari Beltranek bere bizitzan bildutako herri-musikari buruzko material ezberdinez osatutako bildumarekin Herri Musikaren Dokumentazio Zentroa antolatzea.

Proiektu hori erakunde eta toki ezberdinetan aurkeztu ondoren, 1995eko uztailean Oiartzungo Udaletxearekin lortutako akordio baten bitartez, Oiartzunen martxan jarri ziren egitasmo horren antolaketa lanak bertako udalak utzitako Ergoien auzoko eskola publikoa izandako etxean.

Juan Bautista Lasarte eta Juan Mari Beltran. Iribas, 1984Bertako areto eta gela ezberdinetan udalak jarritako apal, armairu eta bitrinetan jarri ziren Juan Mari Beltran Argiñenaren bildumako materialak eta berehala ekin genion mota askotako antolatze lanei. Pixkanaka biblioteka, fonoteka, irudi artxibo eta soinu-tresnen datu-baseetan material guzti hori sailkatzeko eta artxibatzeko milaka fitxa egin ziren.

Lan horretan laguntzaile asko izan genituen. Eskola eta lanorduetatik kanpo pertsona asko aritu ziren beren borondatez proiektu hau aurrera ateratzen ordenagailu aurrean liburu, disko eta bestelakoen fitxak betetzen eta soinu-tresnen erakusketa antolatzen. Milaka lan orduren ondorioz, 2002ko martxoaren 1ean Herri Musikaren Txokoak ateak publiko ororentzat ireki zituen. Geroztik zabalik ditu erakusketa zein dokumentazio zentroa bera.

Horrela, eta beti Oiartzungo udalaren babesarekin, ibilbide emankorra egin dugu: milaka bisitari erakusketan, ehunka kontsulta, ehunka mila bisitari web orrian, urtero munduko eta Euskal Herriko herri-musika kontzertuak, HM Jardunaldien 20 edizio, Oiartzungo Herri-Musika Eskolako antolaketa eta kudeaketa, HM Bildumaren 10 liburu, audio eta ikus-entzunezko edukiekin diskoak…

Bidean, proiektuak 10 urte bete zituenean, fundazio bezala, izaera, nortasun eta izen propioa hartu zituen. Honekin batera gure txokoa herri-musikaren etxea izatera pasa zen. Izaera aldaketaren urrats hau ematearekin batera, etxe honi erabat doakion izena eman zitzaion: Soinuenea.

2011ko abenduaren 22an aurkeztu eta sinatu zen notaritzan Soinuenea Fundazioaren sorrera eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izaera horrekin funtzionatzen ari gara.